'Indarkeria mota guztien kontrako sentimendua sortzea' da Mikel Hernandez Abaituaren liburuaren asmoa

Bizkaie! 2010-11-08 14:50   Kulturea

Etorriko al haiz nirekin? lana 1991n kaleratu eban lehenengoz gasteiztar idazleak baina, orain, bertsino elebiduna argitaratu dau, euskeraz eta espainolez. 1980ko hamarkadako jazoera odoltsuak, ETA, GAL, polizia eta abarren indarkeria eta sasoi haretako giro nahasia dira nobelearen oinarria.

Etorriko al haiz nirekin? lana 1991n kaleratu eban lehenengoz gasteiztar idazleak baina, orain, bertsino elebiduna argitaratu dau, euskeraz eta espainolez. 1980ko hamarkadako jazoera odoltsuak, ETA, GAL, polizia eta abarren indarkeria eta sasoi haretako giro nahasia dira nobelearen oinarria. Mikel Hernandez Abaituak, 'berunezko urteak' izena erabili dau garai hareek gogoratzeko orduan. Ez da autobiografia, baina autoreak bizitakoak pisu handia dauka kontaketan.

Etorriko al haiz nirekin? nobelea errealistatzat joten dau Iñaki Aldekoak edizino barriko hitzaurrean, 80ko hamarkadako jazoerak modu gordinean ageri dira eta. Protagonistea, irakaslea da eta familia eta lagunekaz daukazan bizipenak dira istorioaren funtsa. Baina, hasieratik amaierara arte, gai politikoek kontakizunak berak baino garrantzia handiagoa hartzen dabe eta istorioa ulertzeko funtsezkoak dira. Protagonistearen lagun bat kartzelan dago preso, ETAkoa izateagaitik, eta bien arteko hartu-emonak 80ko hamarkadako giroaren erakusgarritzat jo daitekez.

Esperientzia personaletik abiatuta eregitako fikzinozko istorioa da. Mikel Hernandez Abaituaren osaba bat ETAk euki eban gatibu eta bahitzaileen artean egozan idazlearen txikitako ezagunak. Horrek eragiten dauzen kontraesanak eta sentimenduak azaleratzea da nobelearen helburuetako bat. Indarkeria zentzunik bakoa dala defendiduteko be idatzi eban liburua Hernandez Abaituak eta horrek arazo ugari ekarri eutsazan: '1991n urten eban liburuak eta orduan, ETAren kontra berba egitea tabua zan gizartearen zati handi baten', gogora ekarri dau. Mehatxuak be jaso zituan lehenengo edizino haren kontura, bakarrik sentidu zan une batzuetan.

ETAren indarkeria, baina, ez da salatzen dan bakarra. 'Herri honetan indarkeria mota asko egon dira, eta dagoz, eta danak dira salagarriak', azaldu dau Mikel Hernandez Abaituak. GALen edo indar armaduen ekintza gogorrak be agiri dira liburuan, 'indarkeria mota guztiak salatzen lehenengoetakoa izan nintzan ni'. Hernandez Abaituak esan dauenez, hausnarketa sakona egin eban liburua idazten hasi zanean, 80ko hamarkada odoltsuan: 'Astero dagoz hildakoak hemen eta hori guztia pasetan dan bitartean, zer esaten dau euskal literatureak? Ezer gitxi'.

Liburuaren kapitulu batzuetan, argumentuan zehar aitatzen diran indarkeriazko ekintzak modu gordinean azaltzen dira, labur baina zehetasunik albo batera itxi barik, 'edozein ekintza biolentok dakarren sufrimendua modu gordinean erakutsi beharrean egon naz, horrek gogoetarako bidea zabalduko dauelakoan'.

Etorriko haiz nirekin? liburuaren edizino barria elebiduna da, 'nik neuk itzuli dot euskeratik gaztelaniara, baina itzulpen librea da, esaldi guztiak ez datoz bat bertsino bietan', oharra egin dau Mikel Hernandez Abaituak. Protagonisteak kartzelan daukan lagunak egindako poesia musikatu eta abesten dau eta Hernandez Abaituak benetan konposatu eta kantau dauz, maketea be egin dau abestiokaz. Interneten dagoz entzungai, helbide honetan: http://www2.elkarrekin.org/elk/abestiak.zip

Orain zortzi urte, Euskal Biblioteka-Biblioteca Vasca izenagaz sortu zan sailaren barruan argitaratu dau liburua Ateneak eta 21.a da honezkero. Jon Kortazar da Euskal Biblioteka sailaren arduraduna.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu