Hamabost izar nire menuan

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2010-11-02 14:43   Bidaide

Amaitu barri dan Expo Unibersalak marka guztiak hausi eta danak itxi ditu pozik: handiena izan da (5,28 kilometro koadro), karuena (43.000 miloe euro exporako beren-beregi egindako azpiegiturak be kontuan hartu), parte-hartzaile gehien izan dituana (246) eta bisitari gehien erakarri dituana (73 miloe baino gehiago).

Saltsa-maltsa horretan, Bilbok hasieran pentsetan zana baino arrakasta handiagoa lortu dau, izan be, 1,2 miloe txinatar baino gehiagok bisitau dabe uriaren gunea (bostehuen mila kagun espero zituen) eta hori guztia, aurrikusitakoa baino gitxiago gastatuta (2,25 miloe euro gastau dira, eta 2,5 miloe zan aurrikusitakoa). Horrezaz gan, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan da Exporen amaiera ekitaldirako konbidapena jaso dauen Europako alkate bakarrra. Aitatu ekitaldi horretan, munduko goi agintariakaz batera izna da Azkuna jn.a, besteak beste, Txinako lehen ministro Wen Jiabao eta Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-Moon.

Bidaide Shanghairaino euskal jatekoa probetan joateak tontakeria hutsa emoten dau. Halanda be, berton, oso gatxa izango litzateke menu berean euskal labeldun hamabost Michelin izar batzea. Egia esateko, horrelako zeozer pasetan dan lehenengo aldia da. Eta, horretarako, Txinako uriburu ekonomikoan amaitu barri dan Erakustazoka Unibersalera joan gara. Bai, erreportaje hau berezia izango da, baina ezin izan dot aguantau nire bizitzako sukaldaritza-esperientzia onena kontau barik.

Esperientzia interesgarria bizi izan dot, eta ez bakarrik urdailari jagokonean. Meningeak be elikatu dodaz. Izan be, Juan Mari Arzak, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Andoni Aduriz eta Eneko Atxa sukaldarien abangoardia-sukaldaritzeak, sukalde arlokoak baino, kimika arlokoak dirala esan daiteke. Erakusle moduan, Mugaritz jatetxea topau geinke. Bertan bazkaltzeko ohorea izan dot eta, hango suetean ikusitako aparatuakaz persona bat be operau daiteke!

Edozelan be, bost txef euskaldunek hauxe erakutsi eben: gastronomia arloan, ‘Euskadi is different’. Shanghaiko Gran Meliá hotelean espainiar estaduko autonomia erkidegoie eskainitako egitarauaren barruan ospatutako aste gastronomikoan ez da nazinoarteko sukaldaririk egon. Punta-puntako euskaldunak baino ez egozan.

Helburua Basque Culinary Center zer dan azaltzea zan, Mondragon Unibersidadearen ekimenez sortutako goi sukaldaritzako lehenengo fakultadea. Beraz, euskal sukaldaritza barriaren ordezkari diran bost sukaldarien artean kimika ona egotea ezinbestekoa zan. 'Ehun kilometroko luze-zabalean gagoz guztiok eta hori konpetentzia dala pentsau arren, jakitun gara danontzat onerako dana norberaren onuraren gainetik dagoala', onartu eban Pedro Subijanak. Eta, holan da. Kamarearen aurrean, euskal sukaldariak danak dira bat. Juan Mari Arzak aitzindaria da, aita. Subijana eta Martin Berasategi bigarren belaunaldikoak dira, eta Andoni Aduriz eta Eneko Atxa ikasle barrienak, inguruan dituen izen handiakaz liluratuta.

Halanda be, behin grabagailuak amatauta, sentsazinoa guztiz bestelakoa da. Ondo konpontzen dira, baina ikuspuntu desbardinak ditue. Modu ez ofizialean, bostakaz bazkaltzeko aukerea izan dot eta arin konturatu naz alkarren artean guztiz desbardinak diran izakerak dituela, baita sukaldaritzea edo sukaldaritzeagaz lotuta doan negozioa ikusteko moduak be. Juan Mari Arzak da, akaso, alaiena. Asko bizitakoa izan arren, bazkaltzeko, azpizuna patatakaz eskatu dau. Konplikazinorik barik. Betiko legez. Martin Berasategi be ez da atzean geratu. Bromatan dabiz alkarregaz, hurrengo eguneko greba orokorra dala-eta, ia hegaldia bertan behara geratuko ete dan ala ez alkarri adarra joten.

Pedro Subijana eta Eneko Atxa isilago dagoz. Akelarreko zuzendariaren kasuan, ez da lotsa, ardurea edo kontua baino. 'Honeekaz, kontu handiz ibili behar da', dino Berasategi eta Arzakegaitik. Atxa, taldeko bizkaitar bakarra, lotsatuta moduan dago. Andoni Adurizek gurago dau Txinatar kulturan sartu. Urtean bost bider baino gehiago ez dauela gura bidaiatu aurtortu ondoren -Mugaritzen bete-betean ibili ahal izateko-, milaka galdera egin deust Asiar erraldoiari eta bertoko bizimoduari buruz.

Holako batean, Shanghaiko kontsula jatorku bisitan, alai-xamar. Afaria amaitu, eta gugana etorri da, agur esatera. Baina ordubetez egon da gugaz. Tarte horretan, edalontzi bat bota dau, mahaiari ukabilkada batzuk emon deutsoz, korrokada zaratatsu bat bota dau eta ogi zati luze bat, italiar erakoa, jaten ahalegindu da, baina begitik! Horixe da Espainiak munduan dauen ordezkaritzearen ereduetako bat...

Egun bi geroago, Gran Melia hotelean eskaintzen daben hamabost Michelin izarretako menua jatera joan naz. Ez dot desengainurik hartu, baina ez da izan nik espero nebana. Bete-bete egin naz, abangoardia-sukaldaritzeagaz hori ezinezkoa dala pentsau arren. Guzurra. Hori bai, Adurizek zera abisau deust: 'Txinara ekarri doguna ez da Euskadin egiten doguna, lehengaia eta ekipoa falta doguzalako. Horregaitik, hau guztia ondo ulertzeko, hoba Mugaritzera bazatoz'.

Eta, horrelako gonbidapen bat ezin daiteke ahaztu. Urrian euskal lurretan egon nazala aprobetxauta, Mitxelin izar bi dituan jatetxera hurreratu naz, nire aitaren laguntzinoagaz. Adurizek arrazoi osoa dauka. Gure begien aurrean jarri deuskuzan 17 platerek nik buruan neukazanen antz gehiago daukie. Gutizia txikiak, izen irakurgatxakaz eta, zelan ez, gogoraezinakaz. Hori bai, ez dira jatekoak, platerean jarritako sentsazinoak baino. Danak alkarren desbardinak, bakotxa jagokon ardaoagaz.

Duda barik, Euskadira hurreratu deustan esperientzia gastronomiko gogoangarria bizi izan dot Txinan. Eta, Adurizek dinon moduan, euren zeregina 'tradizinoa berrasmetea' da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu