Guztiz lortu ezin dan utopia, Asel Luzarragaren nobela barrian

Dabi Piedra 2010-10-29 15:44   Kulturea

Itzaletik argirako bidea egiten dau pertsonaia nagusiak Utopiaren itzalak eleberrian, baina idazleak berak azpimarratu dauenez, 'protagonistak itzaletik argirako bidea egiten dau, baina argiuneetan be, itzala ez da guztiz desagertzen'. Utopia ezin dala erabat lortu nabarmendu gura dau holan.

Txalaparta argitaletxearen eskutik dakar eleberri barria Luzarragak, Utopiaren itzalak izenekoa. Bilboko Gatazka gunean aurkeztu dabe liburua, idazlea bertan dala. Izan be, Txilen izan dituan arazo judizialak atzean itxi eta etxean da barriro Asel Luzarraga.

Itzaletik argirako bidea egiten dau pertsonaia nagusiak Utopiaren itzalak eleberrian, baina idazleak berak azpimarratu dauenez, 'protagonistak itzaletik argirako bidea egiten dau, baina argiuneetan be, itzala ez da guztiz desagertzen'. Utopia ezin dala erabat lortu nabarmendu gura dau holan. Izan be, Asel Luzarragaren bibliografian, utopiaren bilaketea sarri agertzen dan gaia da. 'Mundu perfektua baino gehiago, baina, bidezkoagoa dan mundua bilatzea da ideia', idazlearen eretxiz.

Utopiaren itzalak nobelea 1992. urtean kokatuta dago, 'perspektibea hartzeko denporan atzera egin dot', Luzarragaren esanetan. Sasoi haretan, 80ko hamarkadak itxitako ajeak ziran nagusi, drogearen kaltea tartean. Asel Luzarragak hurre-hurretik ezagutu eban Bermeo eta Mundakan heroineak eragindako mina. Hain zuzen be, nobelako protagonista nagusia, Josu, yonki ohia da. Amak bere buruaz beste egiten dauen egunean bertan hasi dau erreabilitazino tratamendua eta Artur osabearen laguntzeagaz aurrera egingo dau. 'Artur da Josuri itzaletik argirako bidea egiten laguntzen deutsana, baina era berean, pertsonaiarik ilunena be bada', Luzarragaren esanetan. Arturrek asko dauka ezkutatzeko, baina Josurentzat ezinbesteko laguntzea izango da. Laurita izeneko neska aimarak be protagonismo berezia dauka: 'pertsonaia indigena bat sartuta, beste errealidade baten barri emon nahi izan dot', dino idazleak.

Pertsonaia gitxiko eleberria da, baina hildakoek be presentzia nabarmena dabela azpimarratu dau Luzarragak 'eta baita pertsonaien arteko hartu-emonak be, hori nobelearen ardatzetako bat da'. Lekua be ez da zoriz hautatutakoa, Luzarragaren esanetan, 'Mundaka eta Bilbon gertatzen da guztia, ezagutzen dodazan lekuetan hurreko istorioak kontau dodaz, baina gai unibersalez egin dot gogoetea'. Kontakizuna, yonki baten historia, gizartearen metaforatzat aurkeztu dau idazleak, 'gu guztiok kontsumismoaren yonkiak garela esan leiteke'.

Izan be, Asel Luzarragak azaldu dauenez, azpian dagozan ideiak dira liburuaren funtsa, 'egin dodan eleberririk ideologikoena da'. Ganetik dagoan kontakizuna, ideiak janzteko mozorroa lakoa ei da. Ideia anarkistek pisu handia dabe Utopiaren itzalak liburuan, 'anarkismoaren autore askoren pentsamendua eta aitamenak sartu dodaz', dino Luzarragak. Markos Zapiainen testutxu bat be sartu dau nobelan, 'anakronismoa da, 1992an idatzi barik egoalako, baina lizentzia hori hartu dot nahita'.

Txileko prozesu judizialak eragin eutsan sufrimendua atzean itxita, Euskal Herrira heldu zan egunean bertan bialdu eben liburua inprentara. 'Nobela hau idazteko ideia orain dala hiruzpalau urte euki neban eta azkeneko ikutuak Txilen emon neutsazan arren, han bizitakoa ez dot liburuan gehiegi islatu', aitatu dau Luzarragak. Hori bai, beste lan bat preparetan dabilela aurreratu dau idazleak eta horretan bai, Txileko bizipenak eta maputxeen burrukea agertuko dira: 'Han bizitakoa beste baterako gorde dot'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu