'Aldaketa' eskulturea dagoeneko jarri dabe Berrizeko sarreran, Abeletxe auzoan

Bizkaie! 2010-10-28 10:30

Berrizko Udalak antolatuta lehenengoz egin da aurten Eskultura Lehiaketea eta dagoeneko, Aldaketa izeneko eskulturea, jarrita dago, Manuel Fontiveros lehiaketako irabazleak proposatutako lekuan.

Berrizko Udalak antolatuta lehenengoz egin da aurten Eskultura Lehiaketea eta dagoeneko, Aldaketa izeneko eskulturea, jarrita dago Abeletxe auzoan, Manuel Fontiveros lehiaketako irabazleak proposatutako lekuan.

Aldaketa izeneko lana aukeratu eben herritarrek eta epaimahaikoak irabazle urtarrilean. Egilea, Manuel Fontiveros Arte Ederretako ikasle kataluniarrak urte osoa emon dau proposatutako lana egiten.

Saria jasotakoan irabazleak aitatutakoak gogoratuz, begi bistara hiru piezatako eskulturea da. Egileak, Manuel Fontiveros kataluniarrak, funtsean bi dirala azpimarratu dau, izan be Korten altzairuzko pieza biak lurrazpitik lotuta dagozala irudikatu nahi izan dauelako. Askatasunari oda bat legez definidu dau proposatutako lana. Uztai edo eraztun nagusiak, euskal kulturea irudikatzen dauen harrizko pelotea zapaltzen ibili da, baina denporan zehar kulunkatuz libre izatea lortu dau. Ez da irabazle ezta galtzaileei be egindako omenaldia. Aldaketa, zentzunari eta errespetuari dei egin nahi deutson lana da.

Korten altzaria eta Markinako harria erabili ditu egileak eskulturea egiteko. Peloteak 1,30 metroko diametroa izango dau eta ia 2,5 tonako pelotea izango da. Altzairuzko irudiek 4,20 eta 1,70 metrotako altuerea dabe.

Martitik bagilera Alteako bere estudioan altzairua lantzen ibili da. Danetik gatxena pieza metalikoari bihurdurea emotea izan da. Kostua gehiegi ez igoteko, bere kabuz eta irudimena asko erabilita lortu dauela autortu dau Fontiverosek. Gero, udan Markinako harriagaz harrizko pelotea egin dau. Harria Markinatik Berrizera ekarten be lanak izan ditu, tramankulu berezia diseinau behar izan eben horretarako.

Dagoeneko Abeletxe auzoan dago ipinita eskulturea, baina oraindino guztiz amaitu barik dago. Denporeagaz, altzairuak erdoil itxura handiagoa hartzen joango da, egileak diseinau bezela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu