Ikus-entzunezko Ondarearen Munduko Eguna

Mikel Arregi Ion Lopez Eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategia 2010-10-27 12:42

Gaur, urriak 27, Ikus-entzunezko Ondarearen Munduko Eguna ospatzen dau Hezkuntza Zientzia eta Kulturarako Nazino Batuen Erakundeak Unescok.

Gaur, urriak 27, Ikus-entzunezko Ondarearen Munduko Eguna ospatzen dau Hezkuntza Zientzia eta Kulturarako Nazino Batuen Erakundeak Unescok. Munduko ikus-entzunezko ondarearen kontserbazinoaren garrantziaz ohartarazoteko ahalegina eta kultura-ondasun honeek (filmak, telebistako edo irratiko dokumentuak, audio grabazinoak, edo bideoak…) dituen ezaugarri zoragarriak herritarrei hurreratzea da egun honen helburua. XX. mendetik aurrera, gizakiaren garapen ekonomikoa, politikoa eta sozialaren lekukotza garrantzitsuak eskaini dituen tresna barriak izan ditu gizateriak. Ikus-entzunezko tresnon garrantzia ukaezina da, honen kontserbazinoak eretxi eta adierazpen askatasuna, informazino eskubidea eta kultura desbardinen arteko alkar-ezagutza bermatzen dau, honen ondorioz eta azken helburu moduan, nazinoarteko kooperazinoa eta bakea bermatu leikez. Materialok askotan gitxietsiak, baztertuak eta nahita suntsituak izan diralako da garrantzitsua alarma oihu hau botatea.

Euskadiko Filmategia Estatu espainiarreko lehen filmategi autonomikoa izan zan 1978an sortu zanean. Ordundik, euskal ondare zinematografikoaren ikerketa, berreskuratze, artxibo, kontserbazino, zaharbarritze eta proiekzino lanak egin ditu. Gure herriko industria zinematografikoa inoiz ez da ekonomikoki indartsua izan eta ez dau inoiz nazinoarteko zabalkunde garrantzitsurik izan, eta guzti honek ez deutso bape mesederik egin filmeen kontserbazino politikeari. Film batzuk, zinearen aro mutukoak batez be, betirako galdu dira eta beste batzuk oraindino desagertuta dagoz. Halan da be, gordeten doguzanak gure artearen onenaren artean dagoz eta legatu parebakoa dira. Eta jakina, gure herriaren historia dira. Marc Ferro-k esan eban legez, nahiz eta historikoak ez izan, filmak historia dira; zineak azaltzen dituan siniskerak, sentimenduak eta asmoak historia diralako. Gainera, obra estetikoak diranez, obra historikoak baino gehiago iraun leikie historian; adibidez, Montxo Armendarizen Nafarroako ikazkinak (1981) eta Tasio (1984) filmeek gure herrian dagoeneko ia desagertuta dagozan bizitza mota bat erakusten deuskue eta erakutsiko deutsee etorkizuneko belaunaldiei.

Euskal Herrian arlo honetan azaltzen jakuzan etorkizuneko erronkak asko dira eta garrantzitsuak gainera. Digitalizazino prozesuak derrigorrezkoak dira material horreen iraunkortasunak beste alde bildurgarri bat dauelako: zinea eta ikus-entzunezko materialak jasota dagozan formatuen ahultasuna. Denporearen iragana, dokumentu horreetako askorentzat (batzuk bakarrak munduan) arerio indartsuena da, ezelako istripurik izan barik materialok degradau egiten diralako. Gure telebista publikoetako kasua izan daiteke azken hau; emisinoko milaka eta milaka zinta eta pelikula gordeten ditue iraungitze data daben formatuetan. Eta, jakina, formatu kimikoetan dagozan eta gure kultura eta historiaren adibide ederrak diran filmeakaz be gauza bera gertatzen da. Ikus-entzunezkoen presentzia derrigorrezkoa dan mundu honetan, dokumentuon digitalizazinoak ez ditu desagertzeaz bakarrik salbetan, ikerlariek eta herritarrek ikus eta iker daiezan errazten dau. 1936ko Gerra hasi zan urte berean, Cinemathèque Française-ren sortzaileetako bat izan zan Henri Langlois-ek gordetako filmak erakutsi egin behar zirala bultzatzen eban eta jasotakoa ez ezkutatzearen aldeko deia egiten eban: hobitik ataratearen teoria defendiduten eban, hobiratzearen teoriaren aurrean. Kontserbau nahi da, lehenbailehen gizarteari gure altxorrak itzuli ahal izateko. Guzti honek dirua balio dau. Kulturea karua dala gauza jakina da, eta krisi garaietan pertzepzino hori handitu egiten dala dirudi; baina azken finean, karuagoa da ezjakintasuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu