'Istorio txikiak, mundu handiak' Bilbon Ibaizabal argitaletxearen eskutik

Bizkaie! 2010-10-21 15:49   Kulturea

Ibaizabal argitaletxeak 'Istorio txikiak, mundu handiak' haur eta gazte literaturari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, 20. mendeurrenaren ekitaldien barruan. Gaurtik, hilak 21, zapatura bitartean, familia osoarentzako jarduerak, berbaldiak, gazteentzako zinema, topaketak eta lantegiak izango dira Bilboko Alhondigan.

'Istorio txikiak, mundu handiak' haur eta gazte literatureari buruzko jardunaldiak gaur aurkeztu ditue prentsaurrekoan, Alazne Martin, AlhóndigaBilbaoko Mediatekearen arduradunak, Agustín Oiarzabal, Ibaizabal argitaletxeko kudeatzaileak eta Javier Zabala eta Rébecca Dautremer ilustratzaileek.

Ibaizabal argitaletxeak haur eta gazte literaturari buruzko jardunaldiak antolatu ditu, 20. mendeurrenaren ekitaldien barruan. Gaurtik, hilak 21, zapatura bitartean, familia osoarentzako jarduerak, berbaldiak, gazteentzako zinema, topaketak eta lantegiak izango dira Bilboko Alondegian. Gainera, joan dan astelehenetik ikusgai dago literatura eta ilustrazinoari buruzko erakusketea Bastida aretoan. 2010eko Andersen Sarietako finalisten ilustrazinoakaz osotutako 'Literatura eta ilustrazioa: bi munduren arteko elkarrizketa' izenburupean, besteak beste, Javier Zabala eta Rebecca Dautremerren marrazkiak batu ditue.

Agustín Oiarzabal, Ibaizabal argitaletxeko kudeatzaileak esan dauenez, orain bi urte mamitzen hasitako ideia egia bilakatu da honezkero eta jarraian jardunaldion balioa azpimarratu gura izan dau: 'haur eta gazte literatureak mundu ikaragarriak aztertzeko aukerea eskaintzen deutse gaztetxuei eta, aldi berean, beste garai, paisaje eta personak ezagutzea eta kultur eta hizkuntza desbardinakaz alkar biziten irakasten deutse'. Izan be, haur eta gazte literatureak hezkuntza arloagaz daukan loturea izan da proiektu hau sustatzen dauen punturik nabarmenetako bat. 'Helburua haur literaturea eta hezkuntzearen artean dagozan hartu-emonak azaltzea da' jakinarazo dau.

Paristik etorri barri, Rébecca Dautremer frantziar ilustratzaileak adierazo dau pozarren dagoala jardunaldiotan egotegaitik ez bakarrik bere esperientzia ezagutarazo eta konpartiduteko aukerea izango dauelako, baita, besteenakaz aberasteko modua be izango dauelako.

Horrezaz gan, gaur aurkeztu dabe Ibaizabalek eta Dautremer and.ak 'Kerity, ipuinen etxea', Rebeca Dautremerren jatorrizko sorkuntza grafikoagaz eta Anik Le Rayren testuakaz horniduta. Euskerazko itzulpena, barriz, Ihintza Elsenaar Argaiak egin dau.

Beste alde batetik, Javier Zabalak be poza adierazo dau holako jarduera bateko partaide izateagaitik eta egungo sormenaren arloan dagoan askatasuna nabarmendu dau ezer baino lehen, ilustrazinoek eta ilustratzaileek momentu gozoa bizi dabela; horrezaz gan, ilustrazinoak gehienbat haur eta gazte literaturan agertzea errealidadea izanik, helduen literaturan be pausu batzuk emon diran arren, helduen literaturan ilustrazinoen presentzia handiagoa aldarrikatu dau.

Argitaletxeak antolatutako ekitaldien artean, Javier Zabala eta Rébecca Dautremer ilustratzaileek aleak sinatuko ditue gaur, urria 21, Alondegiko eraikinean, arratsaldeko 16:30etik aurrera.

Beste alde batetik, Patxi Zubizarreta eta Elena Odriozolaren topaketea izango da, gaur, hilak 21, arratsaldeko 19:00etan. Marrazki idatziak izenburuko saioaren barruan, idazle eta marrazkilarien arteko alkarlanaren gakoak aztertuko ditue.

Egun osoko egitaraua izango da bihar. Goizean, Gustavo Martin Garzo idazleak hitzaldia egingo dau Haur eta gazte literatura, norberaren hizkuntza eta garapen gisa izenburupean. Ondoren, Stuttgarteko (Alemania) liburutegiko zuzendari Karin Roesler gune eta irakurle barriak izango ditu berbagi. Joan Portell idazleak hartuko dau hitza ostean, irakurzaletasuna sustatzeko erronka eta erantzukizunez berba egiteko. Arratsaldean, irakurzaletasuna pizteko helburuz garaturiko egitasmo zehatzetako ordezkarien mahai-ingurua egingo dabe.

Zapatuan, mahai-inguru bategaz ekingo deutsie egitarauari. Alberto Manuel Ruiz Campos, Montse Perez eta Brenda Bellorin literatura adituek hizkuntza gitxituetan sorturiko haur eta gazte literaturaz jardungo dabe, hizkuntza suspertzeko baliogarri izan diran esperientziak azalduz, besteak beste. Gonzalo Moure kazetari eta blogariak beste kultura batzuk ezagutzeko tresna moduan aurkeztuko dau haur eta gazte literaturea.

Horrezaz gain, guraso eta 3 eta 6 urte arteko seme-alabentzako lantegia egingo dabe hilaren 29an. Ipuinakaz gozetako oinarriak emongo deutseez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu