Kontinente bat motxilan (eta II)
2010-10-14 15:47 BidaideEz da harritzekoa Asiaren hego-ekialdea motxilea lepoan hartuta bidaiatzea gustetan jakenen jomugea izatea, bizi-esperientzia zoragarriak esperimentetako lekua baita. Bertako natura- eta giza-aniztasunak ez dauka parekorik munduan eta aurrekontu eskasagaz ezagutzeko aukereak planetako txoko hori oso erakargarri bihurtzen dau, batez be gazteentzat, aisialdia baztertu barik munduko hainbat leku ezagutu gura dituelako.
Laos eta Kanbodia
Sasoi batean Indotxina zanaren anaia txikia dan Laos herrialdea zapaldu eta estresa desagertzea, biak dira bat. Vietnam-etik Laos-era joatea nahiko erraza da eta ia bost miloe lagun bizi diran herrialde honetako giroa guztiz desbardina da. Globalizazinoaren indarretik guztiz aldentzea gatxa izan arren, hemen posible da inguruaz autobus baten leihotik begira disfrutetea eta bidaiariek ez daukiez begiak euren Iphone 4etan inkauta.
Hori bai, Indotxinaren anaia txiki bien artean, bardintasunak baino, desbardintasunak dira nabari. Uriburuetara begiratzea besterik ez dago horretaz jaubetzeko: Phonm Penh zaratatsua da, kaotikoa; Vientiane abrozidua eta herrikoiagoa. Kanbodiako uri nagusiak asko sufridu dau eta zauriak lotsarik barik erakusten ditu; Vientiane-k, barriz, hainbat gudatan jasotako makilkadak gordeten ditu. Baina biek daukie ezaugarri bera: ez dabe, inondik inora, herrialdearen benetako izaerea islatzen.
Landa-guneak, Laosen zein Kanbodian, paradisua dira motxileroentzat. Egia esateko, ez da erraza bertan bidaiatzea, baina, arazoak arazo, hango bizipenak zoragarriak dira. Luang Prabang edo Vang Vieng lako lekuak oinarri moduan hartu geinkez ia turistarik bako inguruak ezagutzeko.
Siem Reap-en, Kanbodian, kontrakoa pasetan da. Orain dala hamar urte, lehenengoz bisitau nebanean, herri abrozidu bat zan, Angkor tenpluek biztuten eben interesen menpe bizi zana. Gogoratzen dot hegazkinetik urten eta norberak hartu behar ebala maletea eta, triziklo baten ganean, hoteleraino eroan. Igaz, nire azken bidaian, taxiak egozan han eta hemen, aireportua modernoagoa zan eta bost izarretako hotel gehiago egozan ostatuak baino. Horrek xarma, enkantua kendu deutso inguruari eta turistaz ganezka dago. Herrialdearentzat barri ona da hori, dirua dakarrelako, baina bidaiari independientearentzat, lekuak asko galdu dau.
Hegoaldean, Sihanoukville-n, antzeko zeozer pasau da. Kanbodiako palmondo eta harea zuridun hondartzen paradisurik ez dogu topauko Siem Reap-en, izan be, bertan bizi dan giroa Tailandian 80ko eta 90eko hamarkadatan bizitakoagaz konparau daiteke: prostituzinoa, munduaren ugabazak dirala uste daben turistak, gehiegikeriak, drogak... Duda barik, Kanbodiaren enkantua oihanean dago, ez asfaltoan.
Malasia, Singapur eta Hong Kong
Asia hego-ekialdeko uri nagusietan, barriz, ez da hori pasetan. Singapur eta Hong Kong, aurrekontu eskasa daukienentzat uri gogorrak izan arren, kontinentera sartzeko ate nagusiak izaten jarraitzen dabe. Leku horreetara ailegetako eta handik abiatzeko hegaldiak merkeenak dira (dana dala, Air Asia hegazkin-konpainiak Londres-Kuala Lampur ibilbidea, joanekoa, 140 euroan eskaintzen dau) eta sasoi batean britainiar kolonia izandako uri biak oso egokiak dira jet lag dalakoari aurre egiteko eta lurralde honetako berora eta hezetasunera ohitzen hasteko. Bidaiari amaierea emoteko be balio dabe, jateko berezi, iruzurgile eta gidari kamikazeetatik urrun. Baina, hori bai, disfrutau ahal izateko, boltsiloa ondo prepareta eukitea ezinbestekoa da.
Erdibideko zeozer Malasian topauko dogu. Jomuga ezagunenak (Kuala Lumpur, Melaka, eta hondartzako hotel edo resort diralakoak) oso garatuta dagoz eta munduko beste edozein lekutan topau geinkezanakaz konparau daitekez kalidadeari jagokonean (merketxuago, beti be). Herrialdearen beste aldea, Borneo ugartea, naturaz eta ibilbideez gozetako leku zoragarria da. Oihana eta mendia bat eginda, Indonesian dagozan arriskuak ebitau, eta inguru magikoaz disfrutau daiteke.
Hori guztia kontuan izanda, ez da harritzekoa Asiaren hego-ekialdea motxilea lepoan hartuta bidaiatzea gustetan jakenen jomugea izatea, bizi-esperientzia zoragarriak esperimentetako lekua baita. Bertako natura- eta giza-aniztasunak ez dauka parekorik munduan eta aurrekontu eskasagaz ezagutzeko aukereak planetako txoko hori oso erakargarri bihurtzen dau, batez be gazteentzat, aisialdia baztertu barik munduko hainbat leku ezagutu gura ditue eta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!