Agerre Teatrok ‘Doltza. Dultzinea Kixote vs Teresa Panza’ ikuskizuna eskainiko dau Elorrion, Zumaian eta Hernanin
2010-10-13 17:36 KultureaHitzorduak ondokoak dira: Elorrioko Arriola Aretoan (Urriak 14, 11:00), Zumaiako Aita Mari Antzokian (Urriak 15, 22.00) eta Hernaniko Biteri Kultur Etxean (Urriak 16, 20:00).
Kixote nobelako Doltza Kixote eta Teresa Panza pertsonaiek barriro egingo dabe topo Doltza. Dultzinea Quijote vs Teresa Panza lanean, Elorrioko Arriola Aretoan (Urriak 14, 11:00), Zumaiako Aita Mari Antzokian (Urriak 15, 22.00) eta Hernaniko Biteri Kultur Etxean (Urriak 16, 20:00) ikusgai egongo dalarik. Helduentzako antzezlan hau Mozanbiken estreinautako Dulcinéia e o Cavaleiro dos Leões obrearen berregituraketea da. On Kixoteren inguruan sortutako antzezlan bi honeekaz batera eta estreinau barri daben Nork ikusi du Dultzinea? muntaiagaz, Agerre Teatro tetralogia osotuko dauen tailer-antzezpena preparetan dago honezkero, konpainiako kideek lekuan lekuko antzezleen laguntzaz oholtzaratuko dabena.
Doltzan, musikari eta komeriante taldea dogu protagonista. Euren helburua, On Kixoteren istorioa taularatzea da, eta asmoa lortzeko, ikusleek parte hartzea beharrezkoa izango dabe. Maite Agirregaz batera, Amaia Corral, Kepa Fersan, David Azurza, John Bolduan, Inazio Tolosa, Iker de la Concha, Erik Probanza, Abarchic Salem Mohamed eta Iñaki Larrañaga agertzen dira ikuskizun honetan.
Nork ikusi du Dultzinea? lanaren emonaldia
Urriaren 23an (18.00) Barakaldoko Clara Campoamor Aretoan, Agerre Teatrok umeei zuzenduriko Nork ikusi du Dultzinea? estreinau barri dauen lana taularatuko dau. Azken boladan Agerre Teatroren antzerkian agertu diran elementu komunak izanik —besteak beste, Urrezko Mendeko antzerkia edota On Kixote, Teresa Panza eta Doltza lako pertsonaiak berreskuratuta sortutako tetralogiaren hirugarren zatia bilakatuz— Miguel de Cervantesen liburuaren pasarterik esanguratsuenak islatzen ditu antzezlan honek, nahiz eta Maite Agirreren esanetan 'obra honen ikuspegi zabala emotea baino, irakurzaletazuna eragitea dau helburu eta umeei liburuakaz gauza asko egin daitekezala adierazotea. Liburuakaz gatxa dana aspertzea da'.
Maite Agirrek idatzia, Agerre Teatroren ohiko lankideak batzen ditu, besteak beste, Ainhoa Pineda, David Azurza kontratenorra, Amaia Corral txalapartaria eta Inés Martínez de Iturrate txotxongilo-antzezle eta musikaria. On Kixoteren istorioa oinarri dabela, umeen partaidetzea bultzatzea dabe helburua, ikuskizuna bapatekotasunari eta jolasari zabalik dagoan neurrian. Holan bada, umeek koru bateko kide bilakatu, txalapartea jo edota txotxongiloakaz jolastuko dabe, konpainia donostiarraren Haur Kabareta (Max Saria 2008) aurreko ikuskizunean gertatzen zan legez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!