Mondragon Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe
2010-10-13 15:25 Euskerea berbagaiHitzarmen horrek Mondragon Unibersidadearen eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sortzea dau helburu. Holan bada, besteren artean, baterako argitalpen-politikea bultzatuko dabe bi erakundeok, euskereari buruzko ikerketen emoitzak argitaratzeko.
Gaur, urriak 13, eguaztena, Mondragon Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiaren egoitzan. Mondragon Unibersidadearen izenean Iosu Zabala erretoreak sinatu dau eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Hitzarmen horrek Mondragon Unibersidadearen eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sortzea dau helburu. Holan bada, besteren artean, baterako argitalpen-politikea bultzatuko dabe bi erakundeok, euskereari buruzko ikerketen emoitzak argitaratzeko.
Ondokoak dira hitzarmen horren ildo nagusiak:
• Erakunde biek erraztasunak emongo deutsiez alkarri beren ikerketa-ondareak erabilteko.
• Mondragon Unibersidadearentzat, Euskaltzaindia aholkulari ofiziala izango da euskera gaietan.
• Erakunde biek lankidetza-proiektuak burutuko ditue ikerketearen arloan, bai alkarregaz jorratuko dituen ikerketa-ildoen bidez, adibidez urtero biltzarrak, jardunaldiak edo mintegiak antolatuz, eta bai bakotxak bere ikerketa-programazino orokorrean lehentasunezko ikerketa-ildoak markatuz.
• Euskaltzaindiak argitaratzen dauen liburu bakotxaren ale bat emongo deutso Mondragon Unibersidadeari, eta Unibersidadeak be ale bat emongo deutso Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekeari euskeraz, euskerearen inguruan edo Euskal Herriari buruz liburu bat argitaratzen dauen bakotxean.
• Erakunde biek alkarren esku jarriko ditue ikerketarako interesgarriak izan daitekezan lan argitarabakoak, besteak beste, tesiak edo bestelako ikerlanak.
• Baterako argitalpen-politika bultzatuko da bi erakundeen artean euskereari buruzko ikerketen emoitzak argitaratzeko. Hain zuzen be, aurten liburu hau argitaratuko dabe alkarregaz: 'Agirre Asteasukoaren eracusaldiak. Sermoia ikuspegi sozio-diskurtsiboaren argitan', Mondragon Unibersidadearen irakasle dan Arantza Ozaetaren doktorego tesia.
Aitatu helburuak lortzeko, Mondragon Unibersidadeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzorde bat sortuko dabe, sei kide izango dituana, hiru unibersidadeak izentauta eta beste hirurak Euskaltzaindiak izentauta. Hitzarmenak 3 urte iraungo dau eta hiru urtetik bost urtera luzatu ahal izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!