'Ahotsa, hitzak, hizkuntzak' liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak
2010-10-08 15:42 KultureaHamar idazleren olerkiak batzen dira liburuan: batetik, euskeraz idazten daben bost egilerenak (Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Bernardo Atxaga), eta bestetik, gaztelaniaz idazten daben beste bost poetenak: Angela Figuera, Blas de Otero, Javier de Bengoechea, Jorge González Aranguren eta Blanca Sarasua.
Ahotsa, hitzak, hizkuntzak euskal olerki-antologia da eta euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez eginda dago, hau da, olerki guztiak jatorrizko hizkuntzan ez eze, aitatu beste hiru hizkuntzetan be agiri dira. Pablo González de Langarica Zurgai aldizkariaren arduraduna eta Sebastian Gartzia Trujillo euskaltzain urgazlea dira lan honen paratzaileak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkezpenean esan dauenez, 'badauka Euskaltzaindiak, argitalpen honen bidez, tresna barria, aldizka etorten jakozan aditu eta ganerakoei gure olerkien albiste emoteko eta munduan zehar gure kultura eta hizkuntzak zabaltzeko. Egungo mendeak eta egungo munduak holan eskatzen dauela argi dago eta bide horretan jarraitzeko dudarik ez dauka Akademiak. Baliabideak, aldiz, urriak diran neurrian, ondo erabili beharko doguz aurrerantzean. Hemen dozue adibidea, hemen emoitzea. Ia hurrengo batean be bide beretik segiduteko modurik bilatzen dogun!'
Paratzaileek holan erabagita, hamar idazleren olerkiak batzen dira liburuan: batetik, euskeraz idazten daben bost egilerenak (Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Bernardo Atxaga), eta bestetik, gaztelaniaz idazten daben beste bost poetenak: Angela Figuera, Blas de Otero, Javier de Bengoechea, Jorge González Aranguren eta Blanca Sarasua.
Olerkariak aukeratu ondoren, bakotxaren poemak hautatzeko González de Langaricak eta Gartzia Trujillok beste espezialistakana jo dabe: 'Espezialista horreei egokitu jake olerkiak hautatzea ez eze, hautu horren arrazoiak be azaltzea sarreratxu labur banatan'. Aditu horreek honakoak dira: Jon Kortazar, Pello Zabala, Kirmen Uribe, Amaia Iturbide eta Iñaki Aldekoa, batetik, eta Jose Ramón Zabala, Juan José Lanz, José Fernández de la Sota, Felipe Juaristi eta Seve Calleja, bestetik.
Itzulpen-lanak honeek egin ditue: Luigi Anselmi, Felipe Juaristi, Jose Ramon Zabala eta Amaia Iturbide, euskal izulpenetarako. Euskeratik frantsesera Hélène Laurent eta Itxaro Borda arduratu dira. Eta ingeleserako itzulpenak Eli Tolaretxipik eta Amaia Garbantxok egin ditue.
Pablo González de Langarica eta Sebastian Gartzia Trujilloren esanetan, liburu honen helburu nagusitariko bat 'hutsune bat betetea da. Sarritan euskerea ezagutzen ez dauen bat baino gehiago euskal literaturara hurreratzen da eta eskaintzen jakozan testuen esanahia ulertu ez eze, igarri be ezin leike egin, are eta gitxiago literaturan hain garrantzi handikoa jakun adierazlearen arte-balioaz jaubetu'.
Liburuaren edukiari jagokonez, ondokoa azaltzen dabe paratzaile biek:
• 'Olerkiak soilik aukeratu doguz eta beroriek solteak; hau da, ez dogu hitz lauzko testurik, ezta olerki luze baten zatirik be aukeratu. Muga horrek euskal antologiarik laburrenean be agertzeko duinak litzatekezan hitz lauzko testuren batzuk bazterrean ixtera behartu gaitu. Neurtitzen aldeko hautua egokiena iruditu jaku, olerkiek edertasun trinkoa ekarten dabelako'.
• 'Olerkarien hautaketea koordinatzaile bion erantzukizuna izan arren, olerkari bakotxarengan espezialistak diran kritikaririk prestuenetarikoak ekarten saiatu gara. Espezialista horreei egokitu jake olerkiak hautatzea ez eze, hautu horren arrazoiak be azaltzea sarreratxu labur banatan'.
• Itzultzaileei buruz: 'Poemen itzulpena poemok idatzi zituen olerkariak berak egina badago, horixe aukeratu dogu. Ezin izan dogunean, haatik, olerkari diran itzultzaileakana jo dogu edota, besterik ezean, itzultzaile trebeakana'.
Aurkezpenean Bernardo Atxagak eta Blanca Sarasuak poema batzuk irakurri ditue.
Gabriel Arestiri omenaldia
Bestalde, aurkezpen honen ostean, Euskaltzaindiak Gabriel Aresti zana (Bilbo, 1933-1975) omendu dau. Aresti poeta handia euskaltzain urgazle be izan zan, eta -ezaguna da- euskera batuaren bultzatzaile handienetarikoa izan zan.
Omenaldi honetan, Andres Urrutiak eta Xabier Kintanak hartu dabe hitza. Xabier Kintanak gogoratu dau gaur aurkeztutako antologian jaso diran poeta guztiek 'oso egoera gogorrean egin eben lan, baina egin eben. Eta hareei esker transmisinoa ziurtatu da, bai poesiarena, baita gure hizkuntzearena be'.
Ondoren, euskaltzainburuak eta Ameli Esteban Gabriel Aresti zanaren emazteak agirian itxi dabe Bilboko poetearen koadroa, gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren batzar aretoaren sarreran egongo dana.
Andres Urrutiak esan dauenez, 'Euskaltzaindia prest dago, irudia ez eze, bestelako lanak eta ekimenak be bultzatzeko haren inguruan, uste dauelako Arestik eta Bilbok, euskerea eta euskalgintzeak hori merezidu dabela'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!