Literaturako Nobel saria Mario Vargas Llosa perutar-espainiar idazlearentzat
2010-10-08 11:33 KultureaVargas Llosa jn.ak esan dauenez, 'espainiar hizkuntzearentzat eta Latinoamerikako literaturearentzat autorpena be bada Nobel sari hau. Idazle moduan egiten dodan lanari ez eze, nire testuetan erabilten dodan hizkuntzeari autorpena be bada, energia handia dauen hizkuntza moderno eta sortzaile bati autorpena'.
Mario Vargas Llosak poza eta eskerrona adierazo ditu 2010eko Literatura Nobel saridun moduan komunikabideen aurrean egin dauen lehenengo agerraldian: 'Ez dot sarian pentsetako denpora askorik izan, baina asko pozten naz', esan dau Manhattango Cervantes Institutuan emon dauen prentsaurrekoan. Vargas Llosa jn.ak esan dauenez, 'espainiar hizkuntzearentzat eta Latinoamerikako literaturearentzat autorpena be bada Nobel sari hau. Idazle moduan egiten dodan lanari ez eze, nire testuetan erabilten dodan hizkuntzeari autorpena be bada, energia handia dauen hizkuntza moderno eta sortzaile bati autorpena'.
'Saria literatura lanakaitik jaso izana espero dot, ez eretxi politikoakaitik. Baina, ideia politikoek eragina izan badabe, pozten naiz', esan dau, izan be, 'diktadura guztien eta beren posizino politikoen kontra nago; maila handiko literatureak izaera kritikoa pizten dau, eta uritar libreagoak sortzen ditu'.
Sariaren barri bart zabaldu zan eta Peru eta Espainiako nazionalidadeak dituan idazleak oraindino ez ei daki zer esango dauen abenduaren 10ean Oslon, saria jasoko dauen momentuan.
Mario Vargas Llosak azaldu dauenez, azken egunera arte idazten jarraitzeko asmoa dauka baina zaleei gehien kostau jakozan hiru eleberri proposatu deutsez: Conversación en la catedral, La guerra del fin del mundo eta La fiesta del Chivo.
Mario Vargas Llosa
Mario Vargas Llosa 1936ko martiaren 28an jaio zan Arequipan (Peru).
La ciudad y los perros (1963), Conversación en la catedral (1969), Pantaleón y las visitadoras (1973), La tía Julia y el escribidor (1977), La guerra del fin del mundo (1981) eta La fiesta del chivo (2000) lako altxorren egilea kazetari eta kritikari moduan be ibili izan da, zinemaren eta artearen arloetan gehienbat. El sueño del celta bere hurrengo eleberria zemendian izango da kalean.
Hasieran eskola katolikoan ikasi eban Mario Vargas Llosak, eta gero Leoncio Prado eskola militarrera bialdu eban aitak. La ciudad y los perros (1963) Vargas Llosaren eleberri ezagunari esker egin zan eskolea mundu mailan ezagun, eta Perun bertan polemika handia piztu eban lanak. Eskolako militarrak kontra izan zituan Llosak, eta liburuaren milaka ale erre zituen jentaurrean.
Piurako San Miguel Eskola Nazionalean ikasketak amaitu ostean, Zuzenbidea eta Literatura ikasi zituan Liman eta Madrilen. 1955ean Julia Urquidi ezkon-izekoagaz ezkondu zan Vargas Llosa. Idazlea baino hamar urte zaharragoa zan Julia, eta bikotea 1964an banandu zan; 13 urte geroago, La tía Julia y el escribidor (1977) lana idatzi eban Vargas Llosak, bien arteko hartu-emonen inguruko lan autobiografiakoa neurri batean. Emazte izandakoak Lo que Varguitas no dijo liburua kaleratuz erantzun eutson. 1965ean, bigarrenez ezkondu zan Mario Vargas Llosa, oraingoan Patricia Llosa lehengusinagaz. Hiru seme-alaba izan zituen.
1975ean Peruko Hizkuntza Akademiako kide izentau eben, eta 1994an, Espainiako nazionalidadea jaso eta urtebetera, jesarleku bat lortu eban Espainiako Erret Akademian. Mario Vargas Llosa izan da Espainiako Akademian jesarlekua lortu dauen lehen latinoamerikarra.
Mario Vargas Llosak makinatxu bat sari jaso ditu, besteak beste, Letren Asturiasko Printzearen Saria (1986), Cervantes Saria (1994) eta Planeta Saria (1993). Peruko Eleberriaren Sari Nazionala eta Venezuelako Arte Ederretako Saria be irabazi ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!