'Urrezko Aroa: Städel Museum-en Holandako eta Flandeseko pintura' erakusketea gaurtik aurrera ikusgai Bilbon
2010-10-07 15:18 KultureaBilboko Guggenheim Museoan, 2010eko urriaren 7tik 2011ko urtarrilaren 23ra ikusgai egongo dan erakusketan Urrezko Aroko Holandako eta Flandeseko artelanen Europako bilduma garrantzitsuenetakoaren maisulan bikainak ikusi ahal izango doguz, Frankfurteko Städel Museum-etik etorri eta aukeratutako 130 maisulan bikain.
2010eko urriaren 7tik 2011ko urtarrilaren 23ra ikusgai egongo dan Urrezko Aroa: Holandako eta Flandeseko pintura erakusketan Urrezko Aroko Holandako eta Flandeseko artelanen Europako bilduma garrantzitsuenetakoaren maisulan bikainak ikusi ahal izango doguz, Frankfurteko Städel Museum-etik etorri eta aukeratutako 130 maisulan bikain. Erakunde horrek aparteko garrantzia dauka Europan eta XVII. mendeko Holandako zein Flandeseko pinturearen Urrezko Aroa dalakoaren bilduma parebakoa dauka. Aro horretan lortu eben Herbehereek arteetan, zientzietan eta merkataritzan nagusitasun handiena.
Erakusketeak BBVA Fundazinoaren babesa dauka eta bisitariari, Museoko hirugarren pisuan, Holandako pinturen aukeraketa zabal bat eskaintzen deutso, Barrokoko Flandeseko artelan adierazgarriek aberastuta. Gaika dago antolatuta bisitariak egin leikien ibilbidea, eta gai bakotxa garai haretako artistek jorratu dituen pintura-generoei jagoke: historia, erretratua, ohitura-eszenak, paisajea eta natura hila, Holandako elitearen zaletasunak agirian itxita.
Städel Museum-en zuzendariorde eta Alemaniako, Flandeseko eta Holandako pinturearen arte arduradun Jochen Sander komisario hartuta, erakusketeak 80 artista baino gehiagoren maisulanak batzen ditu, tartean dirala aldi horretako adierazgarrienak: Jan Vermeer, Rembrandt, Frans Hals, Peter Paul Rubens, Brueghel leinukoak, Jordaens eta Teniers, Gerard ter Borch, Jan Steen, Jan van Goyen, Cornelis de Heem, Karel van Mander, Dirck van Baburen, Abraham Mignon eta Adriaen Brouwer, besteak beste.
Erakusketarako ordutegia: martitzenetik domekara, 10:00etatik eta 20:00etara bitartean, etenik barik.
Aldez aurretik sarrerak erosteko jo Museoaren leihatiletara zein webgunera, BBKren orotarako kutxazainetara edo La Caixaren kutxazainetara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!