Argentinako musika herrikoia, elektro funkya, jazz, blues eta bestelako erritmoak 'Poltsiko Musika' ekimenean
2010-10-01 12:38 KultureaVI. 'Poltsiko musika' urriaren 1ean abiatuko da Bilbon. Helburua ikus-entzule guztiei, hainbat herrialdetako musika joerak erakustea da, bertako taldeen edo gure urian bizi diran kanpoko musikarien eskutik, formatu txikiko kontzertuen bitartez.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, VI. 'Poltsiko musika' ekimena abiatuko dau urriaren 1ean. Helburua ikus-entzule guztiei, hainbat herrialdetako musika joerak erakustea da, bertako taldeen edo gure urian bizi diran kanpoko musikarien eskutik, formatu txikiko kontzertuen bitartez.
Urrian zehar, Abando – Barrainkuako Udaltegiak, oso estilo anitzetako bost emonaldi jasoko ditu. Emonaldi horreek, musika herrikoi argentinarretik, jatorria jazzean dauen elektro funkyra edo Afrikako eta Ekialde hurbileko melodien eta jazzaren, bluesaren eta penintsulako folklorearen arteko fusinora joango dira. Barrikuntza moduan, aurtengo edizinoan, gitarrearen inguruan sortzen diran musika guztiei eskainitako 'Mila Musika Haria' zikloa, José María Moleroren kontzertu didaktikoa be tarteko dala, eta gitarra ikasleei eta musikariei zuzendutako musika tresna horretarako erritmo eta harmonia brasildar tailerra antolatu dira.
Barrainkuako kontzertu guztiak barikuetan, arratsaldeko 20:00etan hasiko dira. Sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte. Emonaldiez gan, amaiera ekitaldi bat be egongo da, gitarra zikloaren barruan, El Carmen Aretoan, urriaren 30ean, 20:30etan. Azken emonaldi horretarako sarrerea be librea izango da. Beste erritmo batzuen artean, jazzetik, flamenkotik eta Karibeko musikatik datozen sei gitarra jotzailek hartuko dabe parte. Musikari horreek guztiak 'Mila musika haria Ensamble' taldean alkartu dira.
Programea urriaren 1ean hasiko da, Buenos Aires 4 Tangoren kontzertuagaz. Fernando Valsegak, taldearen ahotsak, pianoak, gitarrak, biolinak, klarineteak eta mundu osoko bandoneo jotzaile garrantzitsuenetako batek, Marcelo Mercadantek lagunduta, 'Milonguero' ikuskizuna eskainiko deusku, Argentinako musika herrikoiaren erritmorik kuttunenak erakutsiz, tangoa, milonga eta bals kreola, Eloy eta Marina jantzarien koreografiagaz eta betiko Buenos Airesen irudiakaz.
Urriaren 8an, The Hot Wok izango dogu. Jazz jaialdi ospetsuetan, Donostiakoan edo Madrilgoan, lau instrumentu akustikogaz sonoridade ez ohikoak eta oso interesgarriak lor daitekezala erakutsi ondoren, The Hot Wok taldeak bere lehen diskoa aurkeztu dau, Electro Funky Jazz Brass ederrez betetakoa.
Hirugarren kontzertuak, urriaren 15ekoak, Bukra Ensemble izango dau protagonista. Bukra Ensemble taldea, hainbat jatorritako doinuak buztartzeko ideiagaz sortu zan. Soinu eta erritmo multzo hori, lau musikariren arte jakin-minetik eta musikari horreek jaso dituen eraginetatik sortu da. Lau musikariak alkarregaz ibili izan dira aurretik, baita Orontes Project lako zenbait musika abenturatan be.
'Mila Musika Haria' zikloa
Gitarra zaleek, musika tresna horren inguruan sortzen dan musika multzoari, bere adierazpen guztiei eta harizko musika tresnen munduari bereziki eskainitako zikloaz gozau ahal izango dabe aurten. Urriaren 22an inaugurauko da zikloa, Brasilgo musika erakustaldia eskainiko dauen Ricardo Urrutia Dúo bikoteagaz.
Brasilgo, Kubako eta Argentinako tradizinoetako musika ereduak eta jazza aztertu dituan musikari, konposatzaile eta moldatzaile hori izango da zapatuan, urriaren 23an, Barrainkuako Udaltegian, gitarra ikasleei eta musikariei zuzendutako gitarrarako erritmo eta harmonia brasildar tailerra emongo dauena.
Urriaren 29ko protagonista José María Molero, flamenkoaren barruko eztabaidaezinezko erreferentea, izango da. Flamenkoaren profesionalen inguruan izen handia dauen musikariak kontzertu didaktikoa eskainiko dau, uniberso flamenkoan eta klasikoan gitarrearen une eta estilo garrantzitsuenak erakutsiko dituen adibidez horniduta.
VI. 'Poltsiko Musika' urriaren 30ean zarratuko da, El Carmen aretoan, arratsaldeko 20:30etan eskainiko dan saio berezian. Saio horretan, beste erritmo batzuen artean, jazzetik, flamenkotik eta Karibeko musikatik datozen sei gitarra jotzailek hartuko dabe parte. Saio horretan entzun ahal izango da zein aberasgarria dan Iparramerikako musika herrikoiaren, Karibekoaren, flamenkoaren, jazzaren eta beste batzuen arteko buztarketea, Marco Borge, Oier Aldakoa, Eduardo Lazurtegi, Carlos Carbonell, John Bolduan eta Aitor Aiesta gitarra jotzaileen eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!