Luis Arangurenen 'Memorias de un exiliado vasco' liburua berrargitaratu dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2010-09-17 10:54

Liburuak 500 orrialde baino gehiago ditu, eta Luis de Aranguren Gallastegui industrialari bilbotarraren gogoetak eta bizipenak jasoten ditu.

Bilboko Udalak Luis Arangurenen 'Memorias de un exiliado vasco' lana argitaratu dau Udal Liburutegi Klasikoa bildumearen barruan. Lan hori 1957. urtean argitaratu zan lehenengo aldiz, Mexikoko Editorial Vasca argitaletxearen eskutik.

Liburuak 500 orrialde baino gehiago ditu, eta Luis de Aranguren Gallastegui industrialari bilbotarraren gogoetak eta bizipenak jasoten ditu. Nazinoarteko politikea betiko aldatu eben foru erregimenaren eta borboitarren monarkiaren amaierea, Errepublikearen aldarrikapena, 1936ko gizalegearen kontrako gerra eta bi mundu gerra ekarri zituan mende aldaketa nahasiaren lekuko izan zan, hain zuzen, Luis de Aranguren.

Avilan jaio zan 1870. urteko garagarrilaren 30ean, eta umezaroaren zati bat Urduñan eta Amurrion emon eban, haren familia Bilboko Iturribide kalera betiko bizitera joan zan arte.

De Aranguren Bilboko Udaleko zinegotzia eta lehen alkateordea izan zan 1914an, eta bi urte beranduago probintziako diputadua izan zan. Berak esana da: 'garai horretan, Bilbon, danak ezagutzen ginan, bizitzearen arlo guztietan, bai politikoan, sozialean, moralean, espiritualean bai bestelakoetan be'. Holan, Begoñako 'Sagutxu' txakolindegi ospetsuan garai horretako pertsona ospetsuekaz ibili zan, besteak beste, Sabino Aranagaz edo Indalecio Prietogaz.

De Arangurenek 'borondate eta bihotz handikoa, behargin nekaezina eta ikuskera demokratiko bikaina eukan gizon gogor' moduan definidu dau EAJren sortzailea. Era berean, Indalecio Prieto sozialista bizkaitarrarentzat be gorespenezko berbak ditu eta 'ironia fineko umoristea' zala dino, 'oso txeratsua, bihotz handikoa, eskuzabala, ondradua etsituakaz, baina hipokresien eta adeitasun faltsuen arerioa'.

'Memorias de un exiliado vasco' lanean beste izen ospetsu asko aitatzen dira, besteak beste, Unamuno, Areilza doktorea, Tomas Meabe, Georges Clemenceau, Churchill, Constantino eta Goiri tenorrak, Durrio eskultorea, Guridi eta Usandizaga konpositoreak eta baita XIX. mendearen amaierako Bilboko pertsona xelebretako batzuk be: Jodra, Don Paquito, Lorito, Cabecita de Ajo, Pito Lerdo eta abar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu