Idatz & Mintz literatur aldizkariaren 49. zenbakia kalean honezkero
2010-09-16 18:33 KultureaAldizkariaren helburua da idazle barriei agerlekua eskaini eta literaturea ikuspegi zabaletik lantzea.
Sorkuntza lan laburrak Idatz & Mintz literatur aldizkarian dabe agerlekua. Aldizkaria urtean birritan argitaratzen da, batzutan separata batez hornidua, eta 1981ean sortu zanik eta hona 49 zenbakira heldu da. Aldizkariaren helburua da idazle barriei agerlekua eskaini eta literaturea ikuspegi zabaletik lantzea. Holango aldizkari asko sortu ziran garaikoa da, baina besteak galdu diran bitartean, honek iraun egin dau. Urtean zenbaki bi egiten dira, eta hau da lehenengoa, udako alea.
Ohiko atalak ez eze, oraingoak gehigarria dauka erdian, Karmelo Etxenagusiari Iurretan, herriak berak eta Gerediaga Alkarteak eratuta, apirilaren 24an egin jakon omenaldiko berbaldiak. Tarte zabala hartzen dau, hizlari bakotxak omenduaren alderdi bat gaitzat hartuta: Kristina Mardarazek omenaldirako konbiteko bertsoak; Iñaki Totorikaguena alkateak ondo etorriko berbak; Angel Mari Unzuetak abade alderdia; Igone Etxebarriak irakasle alderdia; Adolfo Arejitak haren argitalpenak; Karmele Etxenagusiak etxekoen lekukotasuna; eta Nere Mujikak Durangaldeagaz euki eban loturea.
Ohiko ataletara etorrita, Adolfo Arejitak Gabirel Manterola abade kazetariaren ibilbidea eta idatziak errekuperau ditu.
Sorkuntzan narrazinoak daukaguz ale honetan: Iratxe Ormatza Imatzen 'Ezkaratza', Amaia Iturbideren 'Erretratua' eta Joseba Aurkeneraren 'Axular handiaren hobian' izenekoak.
'Ahorik aho' tartean, herri literatureari jagokon atalean, Jabier Kalzakortak oraingoan Añibarrok batutako errefrau bilduma bat dakar, 115 esamolduna, inoiz argitaratu bakoa.
Miren Ibarluzeak, ostera, lehenago heldutako hariari tiratuko deutso 'Ja-jai, Geldoetan bere bai', Geldoetako bertsoak batuta.
Bertsoakaz lotuta dago Iñaki Sarriugartek preparautako saioa: 'Bizkaiko bertsolariak 1935eko Txapelketa Nagusian: P. Abarrategi eta E. Uriarte'.
Beste saio bat be badago, Sebastian Gartzia Trujillok preparautakoa: 'Aholku oker baten emaitza zuzenak'.
Liburuen atalean, Arantza Etxebarriak Josu Waliñoren 'Izarren artzaina' liburua hartu dau gaitzat.
Ale mardula geratu da, gure literaturearen hainbat esparru eta mota gogoan hartuta osotutakoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!