Euskaldun bihotzekoon agergarri

Bittor Hidalgo Euskera Irakaslea Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean 2010-09-16 11:50   Euskerea berbagai

Danok zeozer jakin, inork berbarik ez. Badogu arrisku. Urtenbidea, euskaldun bihotzekoon harrotasuna indartzea. Norberaren konpromiso pertsonala bultzatzea. Eta behar dan guztian, ohiturak aldatzea euskeraz baino ez egiteko. Euskeraz dakien guztiari. Eta euskeraz ulertzen dauen guztiari. Berak egin ez arren be.

Atarikoa

Euskerea eta euskaldunok Herri legez iraungo badogu, ezinbesteko dogu:

1. Euskerea ofizial izatea Euskal Herri osoan. Nafarroa Garai guzian baita Iparraldean be.
2. Herritar guztiek lege-aginduz euskerea ezagutzea. Espainola/frantsesa ezagutzen derrigortu gaituen moduan, eta de facto erabilten. Aukera bakarra, euskaldunok gure lurrean behartu ez gaiezan nahi ez dogun hizkuntzea erabiltera.
3. Euskerearen erabilerea be inposatzea lege-aginduz, gitxieneko erderen mailan, inoiz de facto euskeraz bizi eta lan egin ahal izango badogu.

Demokrazian, administrazinoek ziurtatu behar leuskiguez eskubideok. Egiten ez dabenak, ez dira demokratikoak. Eta ez dabe egiten.

Burrukan jarraitu beharko. Bitartean, barriz, ezin erderaz jardun. Instituzinoen atxakian be.


Konpromiso pertsonala

Villasantek kontetan dau (Euskerearen auziaz) frankismoko urte baltzetan aurkeztu jakola Euskaltzaindiari proposamena: euskaldunek eroan beharko leukiela paparrean ezaugarri bat euskaldun dirala esanez, eta orduan, alkarregaz topo egitean, beti euskaraz berba egingo leukiela.

Udan erakutsi deusku Galeserearen Kontseiluko Jeremy Evas-ek bihotzeko galeseradunen paparreko agergarria, alkar ezagutzeko, alkar indartzeko. Zergaitik ez guk?


Norberaren konpromiso pertsonala sendotuz. Ingurukoakan eraginez

Gure egoerea aldatzen doa (EDB, EAS…). Honezkero 800.000 gara euskaldunak, euskeraz ‘jarduteko’ gauza. Biztanleen 10etik 3 eta 35 urtetik beherako % 50. Gehiago, euskerea ofiziala dan barrutietan.

Gehienak, ostera, herri handietan bizi gara. Nahasian erdaldun elebakarren artean. Gazte euskaldun askoren gurasok, hegoaldean frankismo betekoak, ez daki euskerarik. Inoizko belaunaldi erdaldunena dogu gizartea zuzentzen, gazteen erreferentzia. Eta euskerearen transmisino sozialean asko irabazi badogu be, inoiz baino gatxagoa da erderea gainetik kentzea.

Baina sarri bestela uste arren, euskaldunok fideltasun ikaragarria deutsagu euskereari. Kale-neurketen arabera, unean-unean erdik baino gehiagok (% 53) dihardugula kalean, batera, euskeraz: 425.000. Miraria, baldintzotan. 20 urtean, 10 puntu igon dugu proportzinoa. Gehiago euskerea ofiziala dan barrutietan.

Halan da be, ez da erabilera guztiaren % 15 baino (20 urtean 5 puntu igota). Eta ez da erraza igotea. 800.000 horreek beti euskeraz eginda be, % 30. Etsigarri?


Euskaldun pasiboak erabili

600.000 dira ia-euskaldunak inguruan, euskerearen hurrekoak. Hortik dogu irabazia. Galdu dabelako…, osoan ikasi ez dabelako…, ulertzen dabe…, egin gitxi.

Baina zelan egiten deutsegu guk, euskaldun bihotzekook? Zuk? Espainolez… akaso? Zer dala eta? Amaitu da. Ulertzen deuskue. Egin deiela eurek nahi dabena. Zuk, nik, euskeraz. Eurek erderaz segidu arren. Geuk aldatu behar dogu jarrerea. Eta denpora luzerako ohitu, alkarrizketa asimetrikootara.

Ez da konponbide desiragarriena. Hobea baina, danok espainolez… fuego jardutea baino, ala? Mintzapraktika eskolak doban, danok euskaldunago bihurtuz; ala danok espainolago. Geurea, zeurea da aukerea.

1.400.000k ‘ezagutzen’ dogu euskerea. Biztanleen erdiak. Eta hori da mugea. Parekoak euskerea ulertzeko aukerea % 50etik gorakoa dan orduko, hasi gaitekez irabazten. Eta goraka goaz. EH osoan 35 urtetik beherakoon 10etik 7k ulertzen dogu euskeraz. Gipuzkoan ≈% 95, Donostian ≈% 92. Bizkaian ≈% 90, Bilbon ≈% 82. Araban eta Gasteizen be ≈% 85!!! Baita Nafarroako ‘Eremu Euskaldunean’ be. Euskaldun bihotzekook, 10etik 8/9tan egin diezaiokegu euskaraz 35 urtetik beherakoari, berak erderaz eginda be. Urte batzuetan zeinahiri. Orduan igon leiteke kale-erabilerea % 40/50/… Eta ia-euskaldunak euskeraz hasi orduko…


Zuk espainolez segiduko deutsezu egiten? Edo Irlanda bihurtuko gara?

Danok zeozer jakin, inork berbarik ez. Badogu arrisku. Urtenbidea, euskaldun bihotzekoon harrotasuna indartzea. Norberaren konpromiso pertsonala bultzatzea. Eta behar dan guztian, ohiturak aldatzea euskeraz baino ez egiteko. Euskeraz dakien guztiari. Eta euskeraz ulertzen dauen guztiari. Berak egin ez arren be. Are adiskide, ikaskide, lankide, bikote, guraso, seme-alaba… Hau dogu barrikuntza.

Eta are euskeraz, uneoro ausartzen garen neurrian, gure artean bizi dalako, gizalegez eta bizikidetzearen alde, euskeraz gitxienez ulertu behar leiguen guztiari: administrazino, enpresa, norbanako. Intsumisino linguistikoa praktikau. Ezinbesteko bihurtu dakien arte, gu ulertzeko beste euskera jakitea, gitxienez. Horreek be ia-euskaldun bihurtu arte.

Eta konpromiso pertsonal hori geure buruari egunero birgogoratzeko, beste euskaldunoi adierazoteko, agertzeko, ezin hobea paparreko ezaugarria, norberak nahi dauen diskrezinoagaz eroatekoa.


2010eko uda

Orain hogei urte egin neutsan nik be Euskaltzaindiari holako agergarria sortu eta plazaratzeko eskaerea. Ordutik, beste hainbat erakunderi be. Kontseiluari orain hiru urte…

Ez da inor abiatu. Eta udabarri honetan beste ordezkaritzarik bako talde txiki batek, logotipoa diseinau (usk…) eta ekin deutsagu ‘euskaldun bihotzekoon’ identifikazino kanpaineari hainbat bilkuratan. 200 kartel, 2.000 diptiko, 4.000 eransgarri, 700 txapa, 500 pin, 500 lepoko, 600 t-shirt-kamiseta, web orria hainbat azalpenez (www.euskalnet.net/euskaldunbihotzekoak). Ez da gauza handia. Zerbait da. Euskaldun guztiok bultzatu nahiz, lotsa aldera, egoera guztiotan, bakotxak daukagun/dakigun euskerea erabiltera, dogun-dogunean. Horretatik, bigarren logotipoa, euskerea izentau dan forma desbardinen gainean eregia: Ni eskuaraz, zu?…

Esperientzia polita. Harrera ona, hurreratu jakuzan euskaldun ‘bihotzekoena’. Biziki adoretu gaitue aurrera ekiteko. Eskerrak danori.

Baina holako ekimena ez da talde txikian burutzekoa. Ordezkaritza handieneko erakundeek hartu behar dabe bere gain agergarria euskeraz bizi nahi dogunon artean zabaltzea. Inor behartzen ez dauena, norbera baino. Gurea edo hobea. Merezidu dau.

Jarraituko dogu? Euskaltzaindia, Kontseilua, Topagunea, Ikastolak, Berria…?

Gure esku dago gure etorkizuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu