Gernika-Lumoko Aita Villasante Udal Euskaltegiak kontzertua antolatu dau zapaturako bere 25. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2010-09-15 15:13   Musikea
The uski's, Bertan Bera eta The Riff Truckers

Kontzertuan Busturialdeko hiru taldek parte hartuko dabe: The Uski's, Bertan Bera eta The Riff Truckers. Josu Erkiaga euskaltegiko zuzendariak jaialdiaren helburuaz berba egin dau: 'zeozelan, balioa emon gura jako lagun askok egindako beharrari, euskaltegitik pasau diren irakasle eta ikasle guztiei'

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Aita Villasante Udal Euskaltegiak jaialdia antolatu dau zapatu honetarako, irailak 18, orain dala 25 urtetik hona egindako ibilbidea jai giroan ospatzeko. Kontzertuan Busturialdeko hiru taldek parte hartuko dabe: The Uski's, Bertan Bera eta The Riff Truckers.

Jaialdiaren aurkezpenean, Idoia Fernandez Gernika-Lumoko Udaleko Euskera zinegotziak esker oneko berbak izan ditu euskaltegiko beharginentzat. 'Eskerrak emon behar jakez irakasleei eta ikasleei, horreek bultzatzen dabelako euskerea, zenbat eta gehiagok jakin, dakigunok be euskeraz egin ahal dogulako eurakaz. Orain arteko bidean, aurrera jarrai dagiela, bai euskaltegikoek eta bai hurreratuko diran etorkizuneko ikasleek be', adierazo dau.

Bestalde, Josu Erkiaga euskaltegiko zuzendariak jaialdiaren helburuaz berba egin dau. 25 urte honeetan egindako lana saritu gura izan dabela azaldu dau. 'Zeozelan, balioa emon gura jako lagun askok egindako beharrari, euskaltegitik pasau diren irakasle eta ikasle guztiei', ganeratu dau.

Jaialdia bera be euskeraz izango da ia bere osotasunean, hiru rock taldeetatik bik euskeraz abesten baitabe (The Uski's eta Bertan Bera taldeek), eta hirugarrenak, The Riff Truckers-ek, kantak ingelesez abesten baditu be, aurkezpenak eta giroa berotzeko ahaleginak euskeraz egiten ditualako beti.

Bertan Bera talde gernikar gazteak jarraitzaile gazte asko erakarten ditu, eta rock eta hardcore soinuen artean mobiduten dana. The Riff Truckers rock & rolla eta countrya whiskyagaz nahastetako formula topau dauen taldea da, eta gorantza doa, hainbat jaialdi handitan parte hartu ostean. Azkenik, The Uski's, rock surflaria eta euskera freskoa buztartzen dituan Elantxobeko taldea da, eta honezkero disko bi argitaratu ditu.

Kontzertuak ordena horretan izango dira, 23:00etatik aurrera, Pasealekuan. Ganera, txosna bat be egongo da bertan. Antolatzaileek zabaldu gura izan dabenez, danak dagoz konbidauta jaialdira, euskeraz jakin nahi ez, ikasi dabenak eta ikasteko bidean dagozanak, Aita Villasante euskaltegiaren 25. urteurrena ospatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu