Folk Getxo BBK 2010, XXVI. Nazinoarteko Folk Jaialdia irailaren 9tik 12ra

Bizkaie! 2010-09-01 11:54   Musikea

Areetako Geltokia plazan, 20:30etan izango diran saio nagusiei jagokenez, hilaren 9an, Oysterband talde mitikoa arduratuko da jaialdiari hasierea emoteaz.

Munduko hainbat bazterretatik etorritako musikariak batuko dira aurten be Getxon eta Areetako Geltokia plazan, 20:30etan izango diran saio nagusiei jagokenez, Oysterband talde mitikoa arduratuko da jaialdiari hasierea emoteaz. Britania Handiko musika tradizionalean sustraitutako soinuen eta pop eta rock erritmoen arteko fusinoan aitzindaria dan boskote honek ibilbide luzea egin dau, estudioko 12 album grabau eta mundu osoan zehar eskaini ditue zuzenekoak.

Bigarren egunean, Mahala Raï Banda taldearen txandea izango da, Bukaresteko sortutako talde errumaniarra. Bertan, hamaika herri ospakizunetan ibilitako gazte musikariek eta haize-banda militarretan ikasitako artista beteranoek bat egiten dabe, soinu tradizionalak ska, reggae edo funk soinuak buztartzeko.

Jaialdia erdialdera helduko da zapatuan, hilak 11, aurtengo emonaldirik garrantzitsuenagaz: Ladysmith Black Mambazo. Hego Afrikako talde ospetsuak bertako musika tradizionalaren erritmo eta armonia nahaspilatsuak ekarriko deuskuz, gospel musikearen soinuakaz aberastuta. Emoitzea mundu osoko publikoa hunkitu dauen alkimia musikala eta espirituala da.

Eta azkeneko egunean, hilak 12, Portugaleteko Xabi Aburruzaga trikitilariak amaiera bikaina emongo deutso Folk Getxo Jaialdiari, 'Denboraren naufrago' azken lanaren aurkezpenagaz. Horregaz, publikoa amesezko bidaia musikearen bidez egitera konbidatzen dau. Eskainiko dauen saio honetarako Aburruzaga jn.ak hainbat lagun konbidauko ditu, besteak beste: Oskorri taldeko zenbait kide (Antton Latxa eta Natxo de Felipe), Mikel Markez, Amaia Oreja eta Oreka TX txalapartarien bikotea.

Bestalde, Erromoko Santa Eugenia plazan, arratsaldeko 18:00etan eta doban izango diran kontzertuek betiko filosofiagaz jarraitzen dabe, hau da; nazinoarteko panoraman oso ezagunak ez izan arren, kalidade handia daben taldeei mugak edegitea. Aurten, publikoak honakoen musikeagaz gozau ahal izango dau: Extremadurako Barrunto Bellota Band, Circuito de Música Injuve zirkuituetan aukeratuta; Gaizka Baena euskal gitarra-jolearen flamenko-fusino proiektua; La Bruja Gata Madrilgo saltsa-taldeko jai kutsuko erritmoak eta, azkenik, Mexikoko Efelseon bandearen soinu latindarrak eta afro eta karibetarrak.

Eta gauez, Munduko Terrazan, artista eta talde gazteen saioak izango dira. Aurten, aitatutako eszenatokiak Judith Mateoren (bere musikea tradizino zeltatik eta Asturiaseko soinuetatik dator) eta Sevillako La Selva Sur banda hartuko ditu (saioetan oso bestelako musika estiloak batzeko gai da). Eszenatoki gaineko musika proposamena osotzeko, umeentzako kontzertu didaktiko bat eskainiko dairailaren 11n, 12:00etan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolako Bandaren eskutik, txikienak estimuletako eta musika munduratz erakarteko helburuagaz.

Getxoko kaleetan be, aurten, Bavieratik, Eskoziatik, Salamancatik, Asturiasetik etorriko diran taldeak ibiliko dira eta musikea uri-gune osotik zehar zabalduko dabe eguneroko desfileen bidez.

Jarduera osogarriei jagokenez, publikoak Bidezko Merkatua bisitau ahal izango dau, Iparraldea eta Hegoaldearen arteko bidezko merkatua sustatzen dauen ekimena, hainbak GKEren lankidetzeagaz antolatuta. Bestalde, Munduko Merkatua ezinbesteklo gune izango da herrialde desbardinetan egindako artisau-produktuak gustetan jakezanentzat. Koan Alkartea produktu horreek guztiak Getxora hurreratzeaz arduratuko da. Horrezaz gan, nazinoarteko peskaioak Folk Getxo jaialdiagaz dauen hitzorduagaz bat egingo dau Getxoko Udalaren Inmigrazino Sailak sustatuta. Azkenik, Euskadiko Munduko Medikuak / Médicos del Mundo Euskadi alkarteak antolatutako Munduko Terrazak aukera ezin hobea izango da beste kulturetako gastronomiaz gozetako, musika ona entzuten dan bitartean.

Azken buruan, Getxoko XXVI. Nazioarteko Folk Jaialdiak Bilbao Bizkaia Kutxa, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, Metro Bilbao, El Correo, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa, Getxoko Turismo Bulegoa, Getxoko Udalaren Gizarte Zerbitzuen Arloa eta Circuitos de la Música Injuve zirkuituaren laguntzinoa izan dau eta horreek barik ezinezkoa izango zan jaialdia antolatzea.


Sarrerak abuztuaren 2tik salgai

- Irailaren 9, 10 eta 12ko kontzertuetarako: 8€, 5€ prezio berezia (Gazte Txartela, jubilatuak eta BBKren Gorriaz).
- Irailaren 11ko kontzerturako: 15€, 10€ prezio berezia.
- Abonua: 30 €, 20€ prezio berezia.
- Saltokiak: BBKren orotarako kutxazainak, 944310310 zenbakia, www.bbk.es webgunea eta Algortako Kultur Etxean (Villamonten).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu