Expo erdibidera ailegau da

Bidaide 2010-08-17 12:48   Bidaide

‘Better City, Better Life’ (‘uri hobea, bizimodu hobea’) lelopean, gehien garatutako herrialdeek arkitektura eta urigintza arloko aurrerakuntza teknologikoak erakusten ditue. Expo, azken batean, munduaren espilua da eta Mendebaldeko krisiari aurre egin guran, turista txinatarrak erakartea dau helburutzat.

Erakustazoka Unibertsalean bizirauteko oinarrizko elementuak: euritako bat, euritik babesteaz gan, eguzkiaren izpietatik babesten be lagunduko deuskuna; botila huts bat, likidorik sartu ezin arren, behin barruan ura doban har daitekelako; koloretako jarleku txiki bat, bost ordu baino gehiagoko itxaron zerrendatan jesarrita egon ahal izateko; eta ekimenaren pasaporte oroigarria, bisitau doguzan pabilioietako zigiluak jarteko, zenbat eta gehiago, hobeto. Horri guztiari oso garrantzitsua dan zeozer ganeratu behar deutsagu: pazientzia. Izan be, Expon igarotako egun bat ez da, ez, esperientzia lasaigarria.

Esfortzua egin ostean, merezidutako saria jasoko dogu. Eta, ekimenaren handitasuna ikusita, saria be holakoa da, ikusgarria. ‘Better City, Better Life’ (‘uri hobea, bizimodu hobea’) lelopean, gehien garatutako herrialdeek arkitektura eta urigintza arloko aurrerakuntza teknologikoak erakusten ditue. Expo, azken batean, munduaren espilua da eta Mendebaldeko krisiari aurre egin guran, turista txinatarrak erakartea dau helburutzat.

Horregaitik, ez da harritzekoa Frantzia lako herrialdeak, kasurako, bere 'etxeko' izenen iragarki erraldoi ia lotsagarriakaz jostea pabilioia: Citroën-egaz hasi eta Louis Vuitton-eraino, ezelako zentzurik barik dagoz, bata bestearen ondoan, kartel erraldoiak jarrita. Zorionez, beste batzuk ez dira horren arpegi-gogorrak izan eta kontu gehiagoz ibili dira. Horregaitik, azokeak dituan 5 hektareatan pabilioi oso interesgarriak topau daitekez. Hile honetan, ekimena erdibidera ailegau da, 35 miloe bisitarigaz; hori ikusita, argi dago hasieran gobernu txinatarrak aurreikusitako 70 miloe bisitariren kopurura bai ailegauko dala eta historian jente gehien erakarri dauen Expo izango dala. Jakina da Alderdi Komunisteak emondako berbea beteten dauela, kopuru hori lortzeko Shanghaiko 20 miloe biztanleei sarrerak oparitu behar izan ezkero be bai.

Erakustazokako ateetatik sartukeran, argi dago, izenean 'Unibertsal' jarri arren, ekimena publiko txinatarrari berenberegi eskainita dagoala. Isabel Coixet-ek diseinautako 6,5 metroko ume erraldoia oso ezagun egin da txinatarren artean eta, ondorioz, pabilioia bisitatuenen artean dago.

'Otzara' izenez ezagutzen dan pabilioi espainiarraren bigarren aretoa, barriz, kontrako adibidea da. Basilio Martín Patinok zuzendutako ikus-entzunezko ekimena ez jako bape gustau publiko txinatarrari. Industrializazino, urigintza eta demokratizazino mobimentuak erakusten ditu baina erabilten dauen sinbolismoa ulergatxa da. Kasurako, M-11 atentaduen ondoren euripean egindako manifestazinoaren irudia 'euritakoen azpian oinez doan jentea' dala uste dabe txinatarrek. Duda barik, ez da bape erraza munduaz ezer gitxi ezagutzen dauen jenteari zeozer transmitidutea, batez be euren nahia pasaportean zigilua jarri eta hurrengo pabilioira pasetea bada.

Japoniaren arrakastea itzela da. Puxika itxurako eraikinean sartzen danak, derrigor, erakusketa guztia ikusi behar dau. Bertan, asiar erraldoi bien arteko hartu-emonak zelakoak izan diran erakusten da, Bigarren Mundu Gerrea albo batera itxita; tartean, ganera, robotikea lako punta-puntako teknologien barri be emoten da. Toyota etxearen biolin-jole bionikoa Expo guztiko izar nagusia da. Itxaron egin behar da ikusteko, baina merezidu dau. Melodia ez dago afinauta baina argi ixten dau izaki artifizialek zeresan handia emongo dabela biztanle gero eta zaharragoak dituan gizarte asiarrean.

Asia potentzia teknologikoa da eta teknologia hori urtenbide garbiak eskaintzeko erabil daiteke, kasurako, autoetarako, euria edateko ur bihurtzeko edota euren ganetik pasau ezkero energia sortzen daben lur edo behearen gane bereziak eregiteko. Espektakulu horri amaierea emoteko, 20 minutuko antzerki-saio batean gure planetaren ontasunak goraipatzen dira eta publikoari Ama Lurra bat eta bakarra dala gogorarazoten jako.

Moralismoetatik urrunduz, munduko beste potentzia teknologiko baten pabilioira ailegau gara: Alemania. Germaniar eremua erakustazokako dibertigarriena eta erakargarriena da eta, sarritan, lau orduz egon behar izaten da itxaroten, sartu ahal izateko. Bertan, publiko mueta bakotxari berenberegi zuzendutako entretenimentua dago: txikienentzat zein uri bat zenbat eta garbiago bihurtzeko beharrezkoak diran azken aurrerakuntza teknologikoen barri jakin gura dabenentzat. Alemaniarrek honako joeren arteko orekea topetan dabe etorkizuneko urietan: aurrerakuntzea eta mantentzea, abangoardia eta tradizinoa, beharra eta aisialdia, gizartea eta gizabanakoa eta, baita, globalizazinoa eta identidade nazionala. Hortik, pabilioiaren izena: ‘Balancity’.

Beste herrialde batzuek, Danimarka, kasurako, mundu guztian existiduten dan zeozer eroan dabe Txinara: bizikletea. Daniarren identidadea da eta, kaleak asfaltoz jantzi zituen arte, Txinarena be bazan. Egun, oraindino ikus daitekez bizikletak Txinako uri handietan, baina elektrikoak. Ohitura horren -eta jateko arinaren- ondorioz, azken aldian gero eta oihartzun gehiago hartzen dagoan arazoa larriagotzen doa herrialde asiarrean: obesidadea.

Beraz, gura dauenak, Danimarkaren pabilioiko erdiko zirkuluan zehar egin leike ibilalditxu bat bizikletaz. Zirkulu horren erdian, herrialdea ezagun egiten dauen irudia dago: Copenhague-ko itsas-lamina, lehenengoz herrialdetik atara eta atzerrira eroan dabena publiko txinatarra erakarteko. Eta lortu dabe.

Kanadaren pabilioian be, bizikletea da elementu garrantzitsuenetarikoa. Bertoko bizikletak estatikoak dira eta pedalei emonaz elektrizidadea sortzen da. Zenbat eta pedal gehiago emon, orduan eta berdeago bihurtuko da bizikleten aurrean jarritako pantailetan agiri dan uria. Baina kontuz ibili behar da, bat edo bestek pedal larregi emon ditualako eta honezkero bizikleta asko apurtuta dagozalako.

Exporen antolatzaileen esanetan, erakustazokeak iraun bitartean airera bialdutako kusadura guztia desagertuko da urriaren 31tik aurrera bertan geratuko diran parkeei esker. Lehen gainbeheran egoan industria gunea zana, orain Shanghaiko zabalgune bihurtuko da eta, aurrekoetan ez bezela, honetan bai zainduko dau ingurumena. Duda barik, eskala txikian antzeztutako mundu honetan erakutsi diran aurrerakuntzek Dragoi Handiaren garapenean lagunduko dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu