Ahoa bete hots ibili dira Piter Ansorena, Gorka Tolosa eta Itziar Rekalde

Bizkaie! 2010-07-23 11:20   Bertsolaritzea
'Ahoa bete hots' garagarrilaren 22tik 24ra Villabonan

Piter Ansorenaren eretxiz, sonoridadea afektibidadeagaz lotuta dago eta umezaroan umeak jaso dauen sonoridadearen araberako afektibidadea jasoten dauela dino. Ondorioz, umezaroan jasotako hizkuntzeagazko lotura afektiboa oso garrantzitsua da eta hizkuntzearen erabileran bete betean eragiten dau.

'Ahoa bete hots' jardunaldien lehen saioan 'Ahozkotasuna eta haurrak' izan ditue berbagai Piter Ansorena musikari eta pailazoak, Gorka Tolosa bertsolari eta antzezleak eta Itziar Rekalde ipuin kontalari, antzezle eta antzerki zuzendariak.

Hizkuntzearen sonoridadeak eta afektibidadeak erabileran daben garrantzia azpimarratu dau Ansorenak; ahozko tradizinotik jasotako euskerearen transmisinoan izandako esperientzia azaldu dau Tolosak eta ahozko ipuingintzearen balioaz egin dau berba Rekaldek.

Piter Ansorenaren eretxiz, sonoridadea afektibidadeagaz lotuta dago eta umezaroan umeak jaso dauen sonoridadearen araberako afektibidadea jasoten dauela dino. Ondorioz, umezaroan jasotako hizkuntzeagazko lotura afektiboa oso garrantzitsua da eta hizkuntzearen erabileran bete betean eragiten dau.

Umeakana zuzentzen garenean erabilten dogun hizkuntzeak eta sonoridadeak eurengan erreakzino desbardinak eragiten ditue. Umeek nabardura guztiak antzemoten baititue. Horretarako arreta behar da, aditasuna, kontzentrazinoa, eta, esangura horretan, heldutasunagaz batera galtzen joaten garen gaitasunak doguz umezaroan.

Azkeneko 50 urteetan gizarteak bizi izan dituan aldaketa bizkorren eraginez bizimodua aldatzen dago eten barik baina pertsonen molde psikologikoak ez dira hain azkar aldatzen eta horrek umeen aditasunaren galerea ekarri dau eta, badirudi, umeak hizkuntzeagazko dauen afektibidadean eta erabileran antzemoten dala.

Kultura aldaketak interferentziak eragin ditute hizkuntzea jasoterakoan, umeakaz ez dakigu zelan jokatu eta inozoak balira legez tratetan doguz. Errealidadea izkutatzen deutsegu, babestu nahi doguz, eta ume inozoak hezten doguz.

Gizartearen etenbako aldaketak sortzen dauen amaibako zalantzen aurrean norabidea markaukeran tradizinoa hartu geinke ipar-orratz bezela. Tradizinoak bizitza etenbako aldaketea dala erakutsi deusku. Fija gaitezen beraz ahozkoaren inguruan zer aldatu dan eta zer berbideratzea komenidu dan.

Esangura horretan, Ansorenak garbi ikusten dau hizkuntza bat maitatzen ez bada ez dala erabiliko eta maitasun hori txikitatik euskera eufonikoaren bitartez lantzea dala onena. Hizkuntzeagaz harreman jostari, aberats eta libreak ekarriko dau hizkuntzeagazko maitasuna.


Ahozkotasunetik, umeentzako sorkuntza konkretu bat: Iñaxito. Bertsolaritzea eta antzerkia buztartzen dituan emonaldia

Trikuharri taldeak bertsoa eta antzerkia buztartuz jorratutako bideaz egin dau berba Gorka Tolosak. Taldearen asmoa bertsolaritzea modu inplizituan zabaltzea izan da, hizkuntzeagaz jolastuz, gozatuz. Umeei begira bertsogintzeak eskaini leikena osotu eta indartu nahi izan dabe bertso eskoletan hainbestetan erabili izan diran formatuak erabiliz. Horretarako, hiru antzezlan sortu eta garatu ditue ('Inaxitoren ametsak'; '1, 2, 3… Inaxito'!; 'Galtzagorriei to, Inaxito!' eta, 250 emonalditik gora eskaini ditue.

Ahozko tradizioa izan dabe sormenerako iturri. Esaera zaharrak erabili ditue antzezlanari sonoridadea eta erritmoa emoteko. Ipuinak eta kontaketak be tartekatzen ditue antzezlanetan. Umeek ezagutzen dituen kantuak erabilten ditue antzerkiko parte sentidu daitezan eta bertsoaren bat-batekotasuna ezinbestekotzat dabe antzerkiari batbatekotasunaren indarra eta magia eransteko.

Ahozko tradizinotik jasotako euskera aberatsa transmitidu nahi deutsee umeei. Esperientziak erakutsi deutse kalidadezko hizkuntzea transmitidu nahi izan ezkero, kalidadezko hizkuntzea eskaini behar dala eta horrek ez dauela ulermenean eragiten.


Zertaz ari gara ipuinetaz ari garenean?

Itziar Rekaldek azaldu dauenez, planetaren toki guztietan herrien istorioa ahozkotasunaren garapenari lotuta dago. Imajinarioa deitzen dogun hori belaunaldiz belaunaldi joan da sortzen eta garatzen gizarte bakotxean, identidade pertsonala eta taldekoa sortu arte.

Ipuinek, besteak beste, gizarte bakotxaren sorrerearen oinarriak gordeten ditue; ulergatxa ulergarria bihurtzen dabe, mitoak sortuz; bildurrak uxatzen ditue eta bizitzan topauko doguzan arriskuak ezagutzen eta garatzen irakasten deuskue; heziketearen prozesuan menperatu behar doguzan pausuak emoten laguntzen deuskue, munduagaz doguzan loturak adierazoz...

Eta holan izan da beti ipuin tradizionalak aztertzen badoguz. Beti eta leku guztietan gainera. Baina zer gertatzen da gaur egun mendebalde honetako gizartean? Galdu egin dogu ahoz kontetako ohiturea; galdu dira guneak, kontalariak, ikus-entzunezko tresnerien mesedetan. Umeak oso estimulauta dagoz baina jarrera pasiboa da oso. Ipuinak liburuetan, ikus-entzunezkoetan, irakurri eta ikusten dira eta ez jako irudimenari tarterik ixten.

Ahozko ipuingintzaz ari garenean ekintza komunikatiboaz ari gara, ludikotasunaz, taldekotasunaz, emozinoak bideratzeko erremintaz, hizkuntzearen garapenaz, arreta eta adierazpen gaitasunaz, eta gizartearen kulturearen transmisinoaz. Guzti honen galerak memoriaren galerea dakar.


Garagarrilak 23: 'Ahozkotasuna hezkuntzan, literaturan eta hedabideetan'

09:00etan, Miren Ibarluzea (Labayru Ikastegia — Herri Ondarea atala). 'Ahozkotasuna garatzea hezkuntzan: ahozkotasuna lantzeko materialak.
10:05ean, Joan Kruz Igerabide (idazlea eta EHUko irakaslea). 'Ahozkotasuna eta literaturea'.
11:05ean, Julian Beloki (kazetaria eta komunikazinoan aditua). 'Hik nola esango hukek/n?'.
13:30ean, mahai-ingurua: Miren Ibarluzea, Joan Kruz Igerabide eta Julian Beloki. Moderatzailea: Laxaro Azkune (Herri Irratiko esataria eta gai-jartzailea).
Galdera-erantzunak
14:00etan, amaierea.


Garagarrilak 24: 'Ahozkotasuna euskal kulturan; lehen, orain eta gero'

09:00etan, Antton Luku (Lizeoko irakaslea eta idazlea). 'Zer da Euskal antzerkia?'.
10:05ean, Jose Angel Irigaray (idazlea). 'Modernidadearen hastapenak. 60. hamarkadako kultur garapena'.
11:05ean, Lorea Agirre (kazetaria eta Sorguneak ikertegiko kidea). 'Nola egiten dugun horrek nolakoak garen esaten baitu'.
12:30ean, mahai-ingurua: 'Euskal kultura gaur'. Jose Angel Irigarai, Antton Luku eta Lorea Agirre. Moderatzailea: Joxean Agirre (Garako kazetaria eta idazlea).
13:30ean, galdera-erantzunak.
14:00etan, amaierea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu