Euskadiko behatoki astronomiko handiena inaugurau dabe Bilbon
2010-07-19 16:372009ko garagarrilean abiarazotako EspaZio Gelak ondoko zereginak ahalbidetuko ditu: Zientzia eta Teknologia Espazialaren arloko irakaskuntza eta profesionalen prestakuntzea, eta ikerkuntza zientifiko eta teknologikoaren sustapena espazioagaz zerikusia daben gai guztietan.
José Luis Bilbao Bizkaiko Diputadu Nagusiak, Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak eta Agustín Sánchez Lavega EspaZio Gelako zuzendariak EspaZio Gela behatoki astronomiko barria inaugurau dabe gaur, hilak 19, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan; gelan, Euskadiko teleskopiorik ahaltsuena egongo da. Kupuleak 3,5 metroko diametroa dauka; Australian egin da, eta Eskolako teilatuan ikusgai dago martiaren 14tik. Barruan, 50 zentimetroko diametroa dauen teleskopio bat dauka, gaur egun Euskadin funtzionetan dabenen artean handiena eta ahaltsuena. Horrezaz gan, behatokiak —82.500 euro balio izan dau— baditu beste teleskopio laguntzaile batzuk eta beste teleskopio mugikor osogarri batzuk, behatokitik bertatik edo Bizkaiko beste leku batzuetatik zeruko objektu mota guztiak ikertu ahal izateko.
EspaZio Gela behatoki astronomikoa, beraz, behatoki profesionalen eskalako erreprodukzino bat da eta horri esker ikasleek karrera profesionalean topetan dituen arazoetara hurrerratzeko aukera izango dabe —bai teleskopioak eta tresnak garatu eta optimizetako teknologoak badira, bai espazioaren ikerkuntza-lanak osotu nahi dituen zientzialariak badira—. Bestalde, behatokian behaketa astronomiko arruntagoak be egin nahi dira, Astronomia eta Zientzia Espaziala ezagutarazoten laguntzeko.
Gelan, ordenagailua daben 25 postu dagoz ikasleen eskura. Bizkaiko Foru Aldundiak finantziauta, 655.000 euroko aurrekontua izango dau EspaZio Gelak datozen lau urteetarako. 2009ko garagarrilean abiarazotako gela honek ondoko zereginak ahalbidetuko ditu: Zientzia eta Teknologia Espazialaren arloko irakaskuntza eta profesionalen prestakuntzea, eta ikerkuntza zientifiko eta teknologikoaren sustapena espazioagaz zerikusia daben gai guztietan.
Ondokoak dira Gelan gauzatuko diran jarduera nabarmenenetako batzuk:
- Zientzia eta Teknologia Espazialari buruzko Masterra eta Doktoretza.
- Zientzia eta Teknologia Espazialaren alorreko prestakuntza-proiektuak garatzea.
- Unibersidadearen eta espazioan interesautako industria-sektorearen arteko hartu-emonak sustatzea.
- Espazioaren alorreko ikastaroak, jardunaldiak, mintegiak eta berbaldiak antolatzea.
EspaZio Gelako zuzendaria dan Agustín Sánchez Lavegak urte batzuk daroaz dagoeneko Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan Zientzia Planetarioen Taldea zuzentzen; besteak beste, 2005eko zemendian hasi eta Europako Agentzia Espazialak sustatuta Artizarra miatzeko misinoan parte hartu dau talde horrek. Horrezaz gan, talde honetako ikertzaileek 'Venus Express' espazio-ontzian jarritako tresna konplexuenean be lan egin dabe: planetearen irudiak lortzeko helburu dauen kamera espektral bat.
Gaiaren harian, Ahaldun Nagusiak proiektuaren aldeko bere apustua azpimarratu dau, honako hiru arrazoiak nabarmenduz: Euskal Herriko Unibersidadeagaz izandako lankidetzea, 'holan, gaitasun handiagoa eukiko dau langile espezializatuak eskaintzeko, sektore aeroespazialeko enpresetara ondo preparauta sartu daitezan'; sektore aeroespazialean sartuta dagozan enpresak, Espazio Gela barri honetan alkarlanean ibiliko dira, 'holan, nazinoartean arrakastaz lehiatu ahal izateko behar diran teknikariak topauko ditue, lider izateko eta barrikuntzea aurrera eroateko gaitasuna dabenak', eta teknologia espazialaren garapena, 'izan be, teknologia horrek aplikazino ugari daukaz gure bizi-kalidadea hobetzeko oso garrantzitsuak diranak'.
Argibide gehiago dagoz www.ehu.es/aula-espazio webgunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!