Ia mila lagunek parte hartu dabe Bilboko Udalak uriko eraikin berezietara antolatutako bisita gidatuetan

Bizkaie! 2010-07-19 14:42

Jarduerea datorren irailean jarriko da barriro martxan, Deustuko Erriberan dagoan Vicinay Cadenas lantegira egingo dan bisiteagaz. Euskeraz eta gaztelaniaz egin ahal izango diran bisitak martitzen eta eguen guztietan egingo dira, irailaren 14tik urriaren 21era bitartean.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak joan dan maiatzaren 20an abiarazo eban ekimena, ondarea ezagutarazoteko 'Bilbao Izan' programearen barruan. Jarduerea, Harino Panadera eraikinera egindako bisita gidatuagaz hasi zan eta ondoren Bigarren Hezkuntzako Emilio Campuzano Institutua bisitau eben. Ekimenak ia mila pertsonaren parte hartzea izan dua, higiezin bakotxera egindako 20 bisitatan.

Jarduerea datorren irailean jarriko da barriro martxan, Deustuko Erriberan dagoan Vicinay Cadenas lantegira egingo dan bisiteagaz. Euskeraz eta gaztelaniaz egin ahal izango diran bisitak martitzen eta eguen guztietan egingo dira, irailaren 14tik urriaren 21era bitartean, 10:30etan goizez eta 16:00etan arratsaldez.

Bisiteak ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dau, eta talde bakotxean, gehienez be, 15 lagunek hartu ahal izango dabe parte. Ondorioz, beharrezkoa izango da aurretik erreserbea egitea, irailaren 1etik aurrera, 94 435 60 36 telefono zenbakira deituz (goizeko 9:00etatik 13:00ak arte). Industria higiezin horrek dituan ezaugarriak dirala eta, bisitan parte hartzen daben guztiek oinetako erosoak eta takoirik bakoak eroan beharko ditue.


Vicinay Cadenas

Vicinay Cadenas Deustuko Erriberako penintsulan dago 1949tik, baina bere jatorria XVIII. mendean topauko dogu, Otxandion. Izan be, Vicinay familia Otxandiokoa da jatorriz, eta belaunaldiz belaunaldi burdina lantzen ibili izan dira. Deustuko Erriberako instalazino barrietara joan zan momentutik aurrera, lehendik be kateen produkzinoan espezializauta egoan enpresea eten barik hazi zan, Ibaizabal itsasadarreko ontzigintza jarduera handiaren eraginez, batez be. Egun bi egoitza ditu, Deustuan eta Galdamesen, eta denpora gitxi barru beste bat zabalduko dau Sestaon.

90eko hamarkadatik, Vicinay Cadenas enpresak barrikuntza politikea eroan dau aurrera produktuetan eta teknologian, eta, holan, gaur egun be, ontzigintzeagaz eta petrolioagaz erlazionautako jardueran mundu mailako erreferentzia izaten jarraitzen dau. AEB, Brasil, Erresuma Batua, Txina, Singapur, Norvegia eta Malaysia lako herrialdeetan ezarri dan lehenengo industria enpresea izan da. Gaur egun kateen mundu osoko produkzinoaren %70 batzen dau, eta nazinoartean ISO 9000 egiaztagiria jaso dauen Estaduko lehenengo enpresea da.

Deustuko Erriberako lantegira egingo dan bisitan kateak produziduteko prozesuaren ikusgarritasunaz gozau ahal izango da, eta burdinaren eraldaketan eta ontzigintzan (kasu horretan industria laguntzaile moduan) zentrautako Bizkaiko industria tradizino luzetik bizirik jarraitzen dauen azken enpresetako bat ikusi ahal izango dogu. Bisiteak badauka beste balio erantsi bat, izan be, Vicinay enpresearen bulegoak, 1923an Manuel María de Smith-ek, 'Coromina Industrial' enpresearentzat diseinau eban eraikin zaharrean dagoz. Gaur egun oraindino Deustuko Erriberan bizirik dirauen arkitekturearen harribitxietako bat da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu