'Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Egileor' VII. Busturialdeko Kontzertu Zikloak Mundakako organoaren zaharbarritzea ospatuko dau aurten

Bizkaie! 2010-07-16 11:01   Musikea

Helburuen artean eskualdeko herri guztien bizitza sozio-kulturala dinamizetea eta hobetzea dauen Urremendi, Busturialdeko Landa Garapen Alkarteak antolatzen dau kontzertu zikloa, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzinoagaz.

'Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Egileor' zikloaren 7. edizinoak, garagarrilaren amaieran eta abuztuaren hasieran, Busturialdeko herri desbardinetan 9 organo kontzertu eskainiko ditu. Ekimen hau Urremendik, Busturialdeko Landa Garapen Alkarteak eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gernika-Lumo eta Mundakako udalek sustatzen dabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren kultura sailaren babesagaz. Aurten kontzertu zikloak orain gitxi zaharbarritu izan dan Mundakako organoaren (1917) berreskurapena ospatzen dau.

Kontzertu zikloaren helburuetariko bat Busturialdeko organoak berreskuratzea da, geure liturgia eta kulturea aberastea eta bidebatez, geure ondare musikalaren erakargarritasun artistikoa, musikala eta estetikoa berreskuratzea. Aurten, helburu hau bete egin da, Mundakako Andra Mari eleizako organoaren zaharbarritzeagaz. Hezetasunak eta sitsak eragindako kalteak hondamendi osoko arriskuan jarri dabe 1917an Lope Alberdi organogile etxean sortutako instrumentu bitxi hau. Spaeth errestaurazino etxeak hasitako beharrak bederatzi hilebetez luzatu dira. Lanotako aurrekontu osoa 140.000 €koa izan da eta Andra Mari parrokiak pagau dau osorik.

Organo honen berreskurapena dala eta, 'Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Egileor' kontzertu zikloak, bere aurtengo programearen zati bat, bi kontzertu, hain zuzen, Mundakako Andra Mari eleizan eskainiko ditu. Gainera, garagarrilaren 16an, Mundakako organoaren zaharbarritze ekitaldia egingo da, zaharbarritze prozesuari buruzko berbaldi bategaz, azalpen kontzertuagaz, eta instrumentuaren errestaurazino prozezuaren gaineko argazki erakusketearen inaugurazinoagaz. Hau guztia, 'Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Egileor' kontzertu zikloaren sustatzailearen eskutik, Benantzi Bilbaoren eskutik, hain zuzen be.

Urtero legez, helburuen artean eskualdeko herri guztien bizitza sozio-kulturala dinamizau eta hobetzea dauen Urremendi, Busturialdeko Landa Garapen Alkarteak antolatzen dau kontzertu zikloa, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzinoagaz. Ekintza musikal honek, musikari ospetsuen kalidadezko errepertorio zabala eskaintzeaz gan, Busturialdeko aberastasuna modu desbardin batez erakusten dau. Kontzertu bakotxa herri desbardin baten egingo da, geure herriak ezagutzera emoteko eta geure eskaintza turistikoa eta kulturala zabaltzeko.


VII. Urdaibaiko Organoak - Joxe Mari Egileor. Egitaraua

- Garagarrilak 17, Mundakako Andra Mari eleizan, 21:00etan, HOHANNES STROBL (Organista austriarra) + PATRICK SEPEC (Biolontxelista alemaniarra).

- Garagarrilak 24, Busturiko Axpeko Santa Maria eleizan, 20:00etan, JOSE LUIS GONZALEZ URIOL (Zaragozako organistea).

- Garagarrilak 25, Lumoko San Pedro eleizan, 20:00etan, SUSANA GARCIA LASTRA (Organista asturiarra) + SARAH BISHOP (Corno inglesa).

- Garagarrilak 31, Frantzizkotarren Komentuko eleizan, 20:30etan, JOSE IGNACIO PALACIOS (Organistea) + JULIEN SAMUEL (Viola).

- Abuztuak 1, Gernika-Lumoko Andra Mari eleizan, 20:30etan, RENATO PANTE (Tronpetistea) + CARLO TUNESI (Organistea).

- Abuztuak 6, Gernika-Lumoko Mercedarias Komentuan, PATXI GARCIA CAMILLA (Organistea).

- Abuztuak 7, Arratzuko Santo Tomas eleizan, ITXASO MUSIKA TALDEA.

- Abuztuak 8, Bermeoko Santa Eufemia eleizan, 20:00etan, BENANTZI BILBAO.

- Abuztuak 14, Mundakako Santa Maria eleizan, ANA AYNETO (Gitarristea) + BENANTZI BILBAO (Organistea), biak mundakarrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu