Mantxuria (eta II)

Zigor Aldama 2010-07-15 12:25   Bidaide

Mantxuriaren ezaugarri deigarriena, akaso, historian zehar makinatxu bat agintari izan dituala da eta, horren ondorioz, zailtasun handiak ditu norberaren idiosinkrasia finkatzeko.

Mantxuriaren berezitasunak aurreko idatzian be zehaztu neutsuezan baina bereizgarriena, akaso, historian zehar makinatxu bat agintari izan dituala eta, horren ondorioz, zailtasun handiak ditu norberaren idiosinkrasia finkatzeko. Txina izan zan mongol gerlariak heldu arte, izan be, Gengis Khan-ek Txinako Hormatzarra zeharkatu eta luzaroan aginteak izango zan Yuan dinastia ezarri eban. 1368an, barriz, Han gehiengoak agintea hartu eta Ming dinastia sortu eban; hori erabagiorra izan zan Txinako gizarte eta politika mailan egonkortasun egoera sendoa eta iraunkorra ezartzeko. Dana dala, XVII. gizaldiaren hasieran, Mantxuriako tribuek indarrak batzea erabagi eben Han etniako agintariei aurre egiteko asmoz. Amesa egia bihurtu zan. Orduantxe jaio zan 1912ra arteko egungo Txinaren lurraldearen ia osotasunean agintea izan eban txinatar azken dinastia, Qing izenekoa, hain zuzen be. Hori bai, Mantxuriako herritarrek agintzen eben lurraldean.

Bolada horretan, tirabirak hasi ziran errusiar inperioagaz eta muga inguruetan be ez egoan bakerik. Mantxuriako herritarren indarra ahuldu ahala, Errusia gero eta indar handiagoa hartzen joian. Hor sasoian Stanovoy mendilerrora arte heltzen zan errusiarren indarra baina 1858an, Amur mendilerroraino zabaldu zan eremua. Urte bi geroago, Pekinetik hurrago kokatu zan errusiarren indarraren mugea. Orduan sortu zan Kanpo Mantxuriaren kontzeptua.

Bien bitartean, gehiengoa ziran etniako txinatarrek be presino gogorra egiten eben hegoaldetik eta nahitaezkoa izan zan lehenengo migrazino arauak indarrean sartzea. Edozelan be, aitatu arauek ez eben egoerea aldatzerik lortu. Harbin zeharkatuz, Transiberianoagaz bat egiten eban Vladivostok-era arteko trenbidearen sorrerea sano garrantzitsua izan zan eskualdearen garapenerako baina, aldi berean, herrialdearen autonomia politikoa indarra galtzen hasi zan. Errusiarren eta japoniarren arteko gerreak (1904-05) bazterrak astindu zituan baina bi Mundu Gerren arteko aldia askoz gorabeheratsuagoa izan zan.

Japoniak kontrolpean hartu eban Mantxuria hegoaldea, gaur egun Txinako ingururik industrializatuena, eta geldiro-geldiro japoniarren baliabide naturalazko gosea handitzen joan zan. Erabateko inbasinoa, barriz, 1931. urtean izan zan. Hor sortu zan Tokioko txotxongilo izango zan eta hainbat herrialdek aintzat hartutako Manchukuo estaduaren sorrerea. Ordurako Harbin planetako herrialderik handienaren kanpoaldean zan errusiar eta judutar herritarrez osotutako uria zan.

Gaur egun Harbin kanpoaldeko auzoetan sobietar kutsu zaharra atzemoten da, etxebizitza bloke gris eta bildurgarriak tarteko dirala. Baina hori Maoren komunismoaren interpretazinoagaz lotuta dago eta ez, ostera, errusiar eraginagaz. Errusiar eragina be igarten da urtero milezak lagun erakarten dituan izotzezko eskulturen nazinoarteko jaialdia antolatzen dauen urian baina gehienbat uriko kaleetan baino ez da atzemoten. Japoniarrakandik askatu eta Txinaren esku itxi zituen Stalin gogoan, Stalin parkea eta Zhongyang oinezkoen kalean agiri diran eraikinetako barroko estiloko kupulak nahikoa arrasto dira goietan diran barren gorridun eta izar beilegidun banderen esangura arraroa islatzeko.

Jakina, eraikinetako behealdeetan ugari dagozan era guztietako denda zaratatsuek nabarmen erakusten dabe ekonomiak aurrea hartu leuskiola politikeari eta Errusia eta Mongolia ez dirala inondik inora arerio Txinarentzat. Izan be, gaur egun, Harbinen lehenengo geldialdia egiten dabe Mantxuria zaharreko Shenyang eta Changchun lako urietako industriek osotzen daben El Dorado-ren bila doazen errusiarrek.

Halan da guztiz be, Santa Sofiako eleiza ortodoxoak oraindino be zar-en inperioaren ospea eta distirea gordeten ditu eta bisitaria espazioan eta denporan oso urrun dagoan mundura eroaten dau. Duda barik, denporea pasau da bai eta kanpoaldea ikusgarri dagoan arren, barrualdea oso zahartuta dago. Egungo Txinaren bereizgarria da hori: kanpoalde bikaina turismoa erakarteko baina barrualde edo bihotz huts eta gaixoa.

Antzera pasetan da Hailaer-en kanpoaldean be, sasi-zementozko mongoliar yurta ezagunek neguko hilebete luzeetan ateak zarratzen dituenean. Era berean, erret etxebizitzetan bizi diranen larrosa koloreko masail potoloek be distirea galtzen dabe; aspaldi eurena ez dan Mongolia Barrualdeko eskualdeari izena emoten deutsienak dira. 'Hibernatzen daben hartzen edo denporaldiko perretxikoen antzera, mongoliarrak udan baino ez dira agertzen' esan deust Hailaer-eko turismo bulegoko arduradunak.

Halan da be, Gobrenuak aukerarik txikiena aprobetxetan dau jantzi tradizionalakaz jantzita, irribarrea ezpanetan, oihal berdeen gainean zaldiz doazen mongoliarrak erakusteko. 'Deskubridu eizu Mantxuriaren bihotza' agiri da txineraz zein errusieraz Errusiarantz doan errepide bateko kartel zaharrean. Baina, hiru aste egin nituan Qing-en lurralde zaharrean zehar eta, atara kontuak, benetako mongoliar bakarra topau neban, autobusez Pekeinera joiana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu