Delorean taldeak Urteko Artista Onenaren saria jaso dau

Bizkaie! 2010-07-14 12:40   Musikea

Taldea munduan zehar dabil Mushroom Pillow Music diskoetxeagaz argitaratutako 'Subiza' disko barria aurkezten; Londonen arrakasta handiagaz jo ostean, Kanadan eta AEBetan eskainiko ditue kontzertuak datozen egunotan.

Madrilen egindako Musika Independentearen Sarien bigarren edizinoan, La Bien Querida izan da sari gehien eskuratu dituan taldea, izan be, Disko Onenaren eta Artista Barri Onenaren sariak irabazi ditu, 'Romancero' lanari esker.

Bestalde, Delorean talde zarauztarrak Urteko Artista Espainiar Onenaren saria irabazi dau. Taldea munduan zehar dabil Mushroom Pillow Music diskoetxeagaz argitaratutako 'Subiza' disko barria aurkezten; Londonen arrakasta handiagaz jo ostean, Kanadan eta AEBetan eskainiko ditue kontzertuak datozen egunotan. Gaur, hilak 14, Kanadako Toronton izango dira zuzenean Wrong Bar izeneko aretoan. 15ean Cleveland-en joko dabe eta 16an, Chicagon, Pitchfork Music Festival ospetsuan. Hortik aurrera, garagarrilaren 23an, Santanderren, Santander Amstel Music Jaialdian parte hartuko dabe.

Ganerako sarien artean, Tokio Sex Destruction taldearen The Neighbourhood diskoa rock grabazibo onena izateagaitik saritu dabe.

The Sunday Drivers taldeak, barriz, laster Benicassimeko jaialdian joko dauen taldeak, Pop Disko Onenaren saria jaso dau 'The end of maiden trip' lanagaitik.

Flamenko kategorian, Mayte Martin izan da saritua, 'Al cantar con Manuel' diskoari esker eta SFDK talde sevillarrak Munduko Musika Onenaren eta Hip Hop talde onenaren sariak eskuratu ditu.

Amaitzeko, Anima Adversa heavy talde onena izentau dabe eta The XX talde britainiarrak Urteko Nazinoarteko Artista Onenaren saria eroan dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu