Garagarrilean bariku musikalak Bergarako Espoloi plazan

Bizkaie! 2010-07-05 12:19   Musikea

Urtero legez Bergarako Udalak jazz, blues eta musika baltzaren inguruan egindako proposamen musikalak antolatu ditu garagarrileko barikuetan Bergarako Espoloi plazan, aire librean eta doban.

Urtero legez Bergarako Udalak jazz, blues eta musika baltzaren inguruan egindako proposamen musikalak antolatu ditu garagarrileko barikuetan Bergarako Espoloi plazan, aire librean eta doban. Kalidadezko musikea entzuteko aukera ederra.

Garagarrilak 02, 22:30ean. KATHERINE DAVIS GROUP (AEB). Kantaria eta aktorea, gospel eta blues eszena amerikarraren front-woman berezia.

Jazz eta opera tradizino handiko familia batean sortu zan AEBetan. Earl Campbell eban amaren aldeko aitite, Louis Amstrong eta Count Basie handien musikaria izandakoa. Opera ikasi eban Sherwood Conservatory of Music kontserbatorioan, eta ikastetxe haretan hasi zan bere ahotsaren indar berezia garatzen. 1967an, Chicagoko South Side aldean jarri zan biziten familia, eta hori erabagigarria izan Katherineren etorkizunari begira, bluesaren eta jazzaren esparruan nabarmen sendotu baitzan haren karrera. Gaur egun Jazz-blues arloan erreferentzia sendoa da Chicagon belaunaldi barrientzat.


Garagarrilak 09, 22:30ean. Jose Agustin Guereñu GERE 4et (Gasteiz / Madril). Eskarmentu handiko baxu jotzaile baten proposamena, jazza gainditzen dauen fusino musikala.

Bere kabuz ikasitako musikaria. 80. urteetan, La Noche proiektua konpartidu eban Angel Celada, Jean Marie Ecay, Thierry Farrugia eta Esteban Coll-egaz batera, eta hogei urtetik gora emon ditu besteenak ziran proiektuetan lan egiten (Ruper Ordorika, Salif Keita, Alejandro Sanz, Luz Casal, Orquesta Mondragón, blues eta jazz talde desbardinakaz. Azken urteak konposizinoari emona bizi izan ditu. Era askotako unibertsoez, mintzairez eta musika ehundurez betetako lan bat ondu dau, betibe jazzaren hizkuntzearen oinarritik abiatuta, berbearen esanahirik zabalenean. Lan hau guztia kaleratu barri duen 'La gran Casa' izenburupeko diskora jaso dau. Doinu batzuk baxuagaz eregitako harmonietatik abiatuta osotu ditu; beste batzuetan, barriz, lehenetsi egiten ditu bateriagaz sortutako erritmoak. Gero berak aukeratutako musika tresnakaz eta musikariakaz osotzen dau lana, flamenko ukutuak, erritmo latinoak eta euskal tradizinoko piezak dituan lana.


Garagarrilak 16, 22:30ean. TRAVELLING BROTHERS (Bilbo). Egungo euskal blues talderik garrantzitsuena.

Kalean hiru disko ditue eta zuzeneko emonaldietan indar ikaragarria erakutsiz, genero honi emondako jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartu dabe bai gure lurraldean (Getxo, Hondarribia,....) zein espainiar eta frantziar estaduetako eszenategi ezagunenetan. Sei urteko ibilbidea egin ostean, azken lanean, Red, Hot & Blue izenburua dauen lanean, ateak edegiten deutsiez baltzen musika guztiari, tartean eurek sortutako doinu kopuru garrantzitsua bereizten dalarik; horreetan indar handikoa haize musika tresnek osotutako sekzinoak. Junior Watson, Robben Ford eta Billy Branch lako artista handiakaz konpartidu dabe eszenatokia. Zuzenekoetan bluesaren generoen interpretazino guztiz pertsonala egiten dabe, swing, funk, soul eta Texasko shuffleaz bustirik. Baina batez be bluesa, blues ugari Chicagotik Texaseraino eta New Orleanseraino.


Garagarrilak 23, 22:30ean. NEVERMIND PEOPLE. (Zaragoza / Donostia). Kurt Cobain-en kantuak jazzaren hizkuntzara ekarriak (Jazza eta musika garaikidea).

Nirvanaren Nevermind diskoak 90. urteetan markautako garaian kokatzen da proposamen honen abiapuntua. Ainara Ortegaren ahotsa, Jorge Abadíasen gitarra, Aritz Luzuriagaren baxua eta Hasier Oleagaren bateria dira honen guztiaren hots elementuak. Jazzaren esparruan prestakuntza bikaina eta curriculum oparoa dituen taldekide honeek beste herri musika batzuk isurtzen dituen iturrietatik be edan dabe eta hori ezinbestekoa da taldearen proposamenaren araberako musikea bere osotasunean atzemoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu