Mantxuria (I)

Zigor Aldama 2010-06-29 15:42   Bidaide

Ez deutso inori ardura, ez dago kontrolik, ez dago inor adi. Legerik bako ingurua da. Asia erraldoiaren eta Errusiaren arteko muga egiten dauen Mongolia Barrualdeko txinatar erregioaren lautadea surrealismoz jantzitako lekua da.

Inora ez doazen sei bidek ezereza zatitzen dabe. Asfaltozko lerro perfektua sano baliogarria da hor dabilzan ibilgailu banaka batzuen indar erakustaldirako eta ibilgailuok gidatzen dituenen trebeziak erakusteko. Irristaketa bildurgarriak zein 180 graduko norabide aldaketak egiten ditue, leba barik eta atzerako ispiluari bape jaramonik egin barik. Ez deutso inori ardura, ez dago kontrolik, ez dago inor adi. Legerik bako ingurua da. Asia erraldoiaren eta Errusiaren arteko muga egiten dauen Mongolia Barrualdeko txinatar erregioaren lautadea surrealismoz jantzitako lekua da.

Zeropeko 25 gradura izoztutako lurretan goitik behera ondo zarratuta egoten diran jauregiak agiri dira baina inguruak urbanizau barik dagoz. Eraikuntzok San Petersburgon ohikoagoak diran forma eta koloreak ditue eta sano egokiak dira bildurrezko pelikulak filmetako bertan. Hori gitxi ez balitz, eraikuntza fasean, amaitu barik dagozan estadioak, mongoliar yurta tradizionalei buruzko parke tematikoak eta bestelako eraikinak agiri dira, berbarako, matriuska formako eraikin bat, Che Guevara eta George W. Bush pertsonaia ezagunen arpegiak irudikatuz, parke handi baten barruan. Eraikin horreek guztiak, zementu gordinagaz eregita dagoz eta hori material desegokia da inguruetan nomadismoa dala nagusi kontuan hartuta.

Noizean behin, Txinatik Errusiara zein alderantzizko bidean dabilzan kamioiek geldialdia egiten dabe aitatu leku horreetako batzuetan eta, batez be, larrosa koloreko neoiz iragarten diran burdel edo putetxeetan. Arimarik be ez dabilen inguru horretan, orduantxe atzemon daitekez gizabanako batzuk alde batera eta bestera. Bi herrialdeen arteko mugako merkataritzeak be ez dauka ezelako indarrik eta, ikusitakoak ikusita, ez da harritzekoa.

Txina eta Errusiaren osogai arkitektoniko tradizionalak modu traketsean buztartuz antolatutako merkataritza gune honetan, edari alkoholiko gogorrenetan bustita baino ez dira sortzen lurralde hau eskuratzeko ahaleginetan ibilitako txinatar, mongoliar eta errusiar gizabanakoen arteko hartu-emon apurrak. Zahartuta, hautsez betetako apaletan geldi Mao eta Leninen eskultura txikiak agiri dira inguru ilun, bakarti eta basati honen zaindari moduan. Bidaiarioi sortzen jakun galderea da: Ba al dago hemen biziterik?

Erantzuna Manzhouli herrian dago, munduko herririk arraroenean. Txinarena da egun baina lehenago Mongoliakoa zan eta joandako mendean Japoniaren administrazinopean be egon da. Gaur egun, ulehoriak dabilz kaleetan eta karaktere zirilikoak eta ideograma txinatarrak dagoz edonon, ohiko mugetatik harago doan ingurunearen erakusgarri. Koherentzia sozialik eta nortasun nazionalik ez dago eta bai, ostera, interes geoestrategiko garrantzitsuak. Mantxuriaz ari gara. Lurralde honen zehaztapen juridiko, politiko eta geografikoa aldatzen joan da urteen porasuz eta gaur egun be ez da bape erraza holako zehaztapen borobilik egitea.

Ezelako babesik bako lurraldea izanik, harrigarria da hain denpora tarte laburrean horrenbeste interes egotea tartean. Izan be, Mantxuriaren historia zerutik begiratuta hobeto ulertzen dan nahaste-borraste handia da. Meatzaritza gune garrantzitsua dan Hailaer-eko aireportura hurreratzen zagozala, Boeing 737 hegazkinetik argi atzemoten da Asiako herrialdeen interesaren arrazoietako bat. Hegazkinaren lehiatilatik herrialde osoa estaltzen dauen geruza grisetik nabarmentzen edo burua erakusten daben tximinia edo kebide ilara luzea ikusten da, neguko edur eta izotzak baltzitutea eraginez. Amalurraren baliabideak energia dira hemen Dragoi Handiak mundu mailako ekonomian idartsu jarraitu ahal izateko baina metropoli handietan ikusten dan aberastasun izpirik ez da agiri hemen.

Ikatza, gasa, metalak eta zelan ez, azken boladan harribitxi bihurtu diran produktu elektronikoetarako lantanido berdeak. Horrezaz gan, haize-errotak be edonon dagoz egun. Mantxuriaren definizino ofizialtzat har daitekeen 'Txinako Ipar-mendebaldea' sano garrantzitsua da gaur egun geopolitika zein energia arloeta. Baian ez da beti holan izan. Mantxuen lurraldea, Txinak autortutako 56 gitxiengo etnikoetako bat, lurrazpikoez baino gehiago lurgaineko belardi eta enparauez arduratuta ibili izan diran nomada eta armagizonen lurraldea izan da luzaroan. Halan da be, Jin (1115-1234) dinastia indartsua inguru horretan sortu zan eta ehun urtetik gorako agintaldia izan eban egun Mongolia eta Txinaren arteko lurralde horretan.

Mantxuriari buruzko erreportajearen bigarren zatian, munduko potentzia handien jomuga izan dan ingurualdearen historia jorratuko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu