Bost artistak musikearen gaitasun gogorarazleak islatzen ditue ‘Love me tender’ erakusketan

Bizkaie! 2010-06-16 12:07   Kulturea
UPV/EHUko eta Vigoko unibersidadetako irakasleek parte hartzen dabe proiektuan

Laurita Siles, Zuhar Iruretagoiena, Rosa Parma, Sahatsa Jauregi eta Noelia Gallardo artisten lanak eskainiko ditue, musikearen gaitasun gogorarazlea abiapuntu hartuta. Lanok doktoregoko ikerketen testuinguruan sortu ditue.

Gaur, bagilak 16, eguerdiko 12:30ean, UPV/EHUko Liburutegi Nagusiko erakusketa aretoan (Leioa-Erandio eremua), ‘Love me tender’ erakusketea inaugurauko da. Bost artistaren lanak eskainiko ditue, musikearen gaitasun gogorarazlea abiapuntu hartuta. Lanok doktoregoko ikerketen testuinguruan sortu ditue. Beraz, Laurita Silesek lekuen egoerak nortasunen eraikuntzan daben eragina aztertzen dau, bere izaera hibrido, mestizo eta nomadea goraipatuz. Zuhar Iruretagoienak, gure ahultasunaren ondoriozko hauskortasunera garamatza, baina sentimentaltasunari biderik emon barik. Rosa Parmaren irudi misteriotsu eta kezkagarriek euren anbiguotasunetik dei egiten deuskue. Sahatsa Jauregik gustuaren mugei buruzko galderak egiten deutsoz bere buruari eta hizkuntzea da Noelia Gallardoren interesgunea, berbak irudi bihurtuz.

Bost artistok, Noelia Gallardo, Zuhar Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Rosa Parma eta Laurita Siles; Patxi Azpillaga, UPV/EHUko Kalidadeko Zuzendaria Bizkaian eta Concepción Elorza, Arte Ederren Fakultadeko irakaslea eta erakusketearen koordinatzailea, egongo dira inaugurazinoan. Ganera, Elbis Rever bikotearen emonaldiaz gozetako aukerea be izango da zabaltze ekitaldian.

‘Love me tender’ UPV/EHUko erakusketa aretoan (Leioa-Erandio eremua) ikusi ahal izango da gaur hasi eta garagarrilaren bira arte, goizeko 11:00etatik 15:00etara (Zapatu eta jaiegunetan zarratuta).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu