Txakur bat, eskaner bat eta pernila

Zigor Aldama 2010-06-09 12:08   Bidaide

Autortza bat egin behar dot: trafikantea naz. Euskadira natorrenean, beti ekarten dot maletea erdi hutsik, baina Txinara bueltetan nazenean, produktu ilegalez beteta eroaten dot. Arrozaren lurraldean sei hilebetez bizirauteko beste 'botika': pernila, oliba-orioa, txokolatea hurrakaz eta kafea.

Autortza bat egin behar dot: trafikantea naz. Euskadira natorrenean, beti ekarten dot maletea erdi hutsik, baina Txinara bueltetan nazenean, produktu ilegalez beteta eroaten dot. Arrozaren lurraldean sei hilebetez bizirauteko beste 'botika': pernila, oliba-orioa, txokolatea hurrakaz eta kafea. Egia esateko, kafea ez dago galarazota, eta pernila be ez, baina beste produktuak egon, badagoz asiar herrialde erraldoian, baina oso karu eta kalidade eskasekoak.

Etxean, hiru aste ia konturatu be egin barik pasau ondoren, maletea preparetan eta kamuflaje-estrategiak definiduten hasteko ordua ailegau da. Kafeak ez deust arazo lar emongo, airerik barik kutxatan gorde eta listo. Oliba-orioa eta txokolatea gordetea be ez da gatxa izango. Baina, pernila! Nire txakurrari musturrera pernil zati bat hurreratzen deutsadanean jarten dauen arpegia ikusita, pentsau be ez dot gura egin gauzak usaintzeko beren beregi preparautako txakur batek zelan erantzungo eban, benetan, drogak topetan ibili arren.

Erakustazoka Unibersala dala eta, Shanghaiko aireportuetan oso zorrotz dabiz. Beraz, kontuz ibili behar da. Pentsau be ez pernil osoa periodiku-paper bategaz tapauta eroatea. Airerik bako paketetxuetan sartu eta, ondoren, holako hiru edo lau paketegaz, pakete handi bat egin, barriro boltsatan sartu eta, zarratu baino lehenago, kolonia bota. Eta, hori guztia, erropa artean gorde, maletea horrenbeste bete ostean erropa gitxi kabidu arren.

Maletearen pisuari arreta berezia jarri behar deutsagu, Aeroflotek 20 kilo eroaten baino ez deuskulako ixten. Horren ostean hasiko da abenturea. Aireportuko 'duty-free' gunean botila pare bi edan ondoren hegazkinean montetan diran errusiarrak edozer egiteko kapaz dira (gogoratuko dozue zelan komentau neban hegazkinean edari alkoholikoak edatea galarazota egoala). Oraingoan, Airbus A330 hegazkinean egingo dogu hegaldia eta, vodka eta izerdi usaina egon arren, esperientzia aurrekoa baino hobea da.

Shanghaiko beroak, hezetazunak eta jentetzeak etxetik urrun nagoala gogorarazoten deustie. Baina maletan daroadanak alaitu egiten nau. Etorkinen kontrola pasau ondoren -Erakustazokea dala-eta, polizia guztiak dagoz irribarretsu-, maletak ekarteko zintearen alboan setter irlandar polit bat ikusi dot. Beste edozein momentu izango balitz, berehala laztanen bat egingo neutson, baina, honek 'detective dog' jarten dauen txaleko baltz bat daroa jantzita eta hoba izango da laztanik ez egitea.

Abroziduta dauela emoten dauen polizia batek zinta ganera igoarazo dau txakurra. Laster, maletak urteten hasiko dirala iragarten dauen argi gorritxua biztu da. Txakurra paketeek urtengo daben lekuan parau da. Kaka zaharra!

Hasi da Samsonite-desfilea. Business-eko errusiarrenak lehenengo, zelan ez. Txakurra, maletak usaintzera baino, maleton jaubeakana joan beharko litzateke, alkohol usaina darie eta. Lantzean behin, animaliatxuak maletaren bat edo beste jarraitzen dau eta, usain egin ondoren, hurrengora pasetan da. Momentu horretan, ideia bat jatort burura: nire maletea urten eta berehala hartzen badot, ez dau usainduko.

Nire usteak, ustel. Nire maleteak urtengo dauela ikusten dodanerako, txakurra aurre-aurrean dago, prest. Antza, ez deutsat kolonia nahiko bota edo txakurra goseak jota dago, ze atzetik jarraitzen hasi da. Baina, zaintzaileak uhaletik tira egin deutso eta hurrengo maleteari begira hasi da. Honezkero, izerdi hotza sentiduten hasita egon naz.

Ba, kitto. Nire altxorra hartu eta 'deklaretako ezer' dinoan atera joan naz, berehala, bidaiari guztiak euren gauzak eskanerretik pasetan dagozala konturatu arren. Erakustazoka Unibersala antolatu daben guztien familiako eta senitarteko danak etorri jataz burura. Lehen, 'itxura txarra' eukenek baino ez eben pasetan kontrol hau, baltzek, indiarrek, musulmanek... Eta holan dinot, argi eta garbi, txinatarrak europarrak baino askosaz arrazistagoak diralako. Orain, danok pasau behar dogu hortik. Orain, ez nabe arduratzen pernil-paketeek; arduratzen nauena da, horrezaz ganera, lau botila orio eta kafe-pakete piloa ikusiko dituela. Amesgaizto batean nago...

... Eta arin pentsau behar dot zer egin. Txinatar familia bat ikusi dot, hainbat kidetakoa, hiru maleta erraldoigaz, ganean jesarrita be, zarratzeko ezinezkoak diran horreetarikoak. Nire aurretik jar daitezan itxaron, eta euren atzean jarri naz. Aduanako ofizialak maleta guztiak bere aurrean jarteko eskatu dau eta, saltsa horretan, nire kazetari-txartela erakutsi eta Erakustazokara laster batean joan behar nazala atxakia moduan erabilita, pasetan ixteko eskatu deutsat. Behingoz, akreditazinoak zeozertarako balio izan dau eta pasetan itxi deust. Azken batean, nire maletea ez da horren handia. Libre nago.

Pernila badago, kanpora arroza. A! Eta kafea, ebakia ala esneagaz?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu