XI. Accenture Saria jaso dau denpora errealean ahotsak ezagutzen dituan sistema informatiko batek

Bizkaie! 2010-06-08 15:53

Jonathan Gonzálezen lana, edozein eskuko ordenagailutan, modu autonomo batean eta mikrofonoen instalazino konplexurik barik, pertsona gor batek erabili leiken diarizazino sistema baten oinarritzen da.

Jonathan González Ríos Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan Telekomunikazino Injinerutzan titulatuak jaso dau Karrera Amaierako proiektu onenaren XI. Accenture Saria. Diarizazino edo soinu iturrien identifikazinoaren alorrean hainbat aplikazino dituan proiektuak jaso dau epaimahaiaren errekonozimendua. Aplikazino horreen artean, entzumen arazoak dituen pertsona ezinduei alkarrizketetan laguntza emotea da. Saria, Eskolako Gradu Aretoan gaur goizean egindako ekimenean emon jako eta bertan izan dira Xabier Ibáñez, Accentureko bazkidea, Ernesto Cilleruelo, Enpresa Antolaketako katedraduna, José Ramón Otegui, Proiektuen Injinerutzako irakaslea eta Enrique Amezua, Eskolako zuzendaria.

Soinuen Diarizazino kontzeptuak, hizketa errekonozimenduaren teknikan dau jatorria eta iturri bardinetik sortzen diran audio seinaleak identifiketean eta bereiztean datza. Mintzakide batzuen arteko solasaldi baten testuinguruan, giza ahotsa izan daiteke. Beraz, pertsona baten ahotsa bereiztean eta azken finean bere identifikazinoa egiaztatzean datza. Horretarako, ahotsaren frekuentzia seinalea, abiadurea, azentua eta doinua hartzen dira kontuan, hiztunaren fonetika edo eta bere diskurtsoaren sintaxiagaz batera.

Teknika horreen aplikazinoak, soinu iturri desbardinen edukiak (ahotsa, musika, beste soinuak...) eta eduki audiobisualen bereizketa egitea ahalbidetzen dau (informazinoa, musikea, alkarrizketak, iragarkiak...), baita, hizketa-testuen transkripzinoak eta soinu artxiboak modu automatikoan audio datu baseetan sailkatzen eta pilatzen ditu.

Accenturek eta Eskolak saritutako lan honen kasuan, proiektuaren erabilera praktikoa, entzumen arazoak dituen pertsona ezinduei, bileretan euren solaskide diranakaz harremanak erraztera zuzendurik dago. Ezpainak irakurteko teknikea erabilten dabenentzako, bi edo hiru mintzakide baino gehiagoko solasaldietan, berbea hartzen dauen pertsona bisualki atzemoteko zailtasunak izaten ditue eta ondorioz, kasu askotan, diskurtsoaren zati bat galdu egiten dabe.

Jonathan Gonzálezen lana, edozein eskuko ordenagailutan, modu autonomo batean eta mikrofonoen instalazino konplexurik barik, pertsona gor batek erabili leiken diarizazino sistema baten oinarritzen da. Aplikazino honek, uneoro pantaila batean erakusten dau berbea hartzen dauenaren irudia eta hain zuzen be bere barrikuntza nabarmenena, denpora errealean ahotsak bereiztearena da.

Mintzakideen errekonozimenduan aldiberekotasuna bada be bere ezaugarri nagusia, baditu fideltasun hutsuneen arriskuak be.

Accenture Saria, aholkularitza-enpresa honek Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoaren artean izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren emoitzea da, Eskolaren Heziketa-Lankidetza Programearen barruan mamitutakoa. Aurkeztutako lanen izaera barritzailea eta ekarpen teknologikoa dira saria emokeran gogoan erabilten diran erispide nagusiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu