'Bake bila baikor. Erronka gaindigarria' mintegia Bilbon

Bizkaie! 2010-06-04 14:33

Sabino Arana Fundazinoak, bere Gogoeta eta Alkarrizketarako Mintzagunearen barruan, 'Bake bila baikor' izenburuko mintegia antolatu dau. Jardunaldia datorren martitzenean, bagilaren 8an, egingo da Bilboko Euskalduna Jauregiko e aretoan, 19:30etan.

Sabino Arana Fundazinoak, bere Gogoeta eta Alkarrizketarako Mintzagunearen barruan, 'Bake bila baikor' izenburuko mintegia antolatu dau. Jardunaldia datorren martitzenean, bagilaren 8an, egingo da Bilboko Euskalduna jauregian.

Sabino Arana Fundazioak alkarraldi hori epe ertaineko egitasmo baten lehenengo pausu moduan antolatu dau, hau da: Euskadiko herritarrak adoretzea eta motibetea, giza eskubideen defentsagaz eta indarkeriaren gaitzespenagaz daben konpromisoaz gan, euren barruan apurka-apurka harrera egin daiotsen terrorismoak eragindako sufrimendu hori eraldatzeko prozesu bati, horretarako, bizikidetza- eta adiskidetze-bake baten aldeko ahalegin kolektibo bat eginez.

Mintegiaren eginkizuna goian adierazitako planteamenduaren zentzua eta bideragarritasuna ebaluetea izango da, eta hori, nazinoarteko esperientziatik abiatuta, gainera; ondoren, araketa bat egingo da, zera jakitearren: bakeagaz konprometidutako instituzino eta erakunde sozialek planteamendu hori Euskadirentzat noraino joten daben egitasmo bideragarritzat.

Jardunaldian zehar, gatazkek jotako kolektibo biren planteamendu eta bizipenak, pertsonalak zein sozialak, aurkeztuko dira: Israel-Palestinako eta Irlanda-Britainia Handiko taldeak, zeintzuk, bizikidetza-bake baten aldeko konpromisoari jarraituz, indarkeriak sorrarazotako minaren eraldaketaren erreferentzia esanguratsu bi baitira.

Horreen artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, Jo Berry, 'Building Bridges for Peace' erakundeko eta 'Bakearen aldeko Nazinoarteko Sare'-ko presidentea; Pat Magee, Ipar Irlandako bake-prozesuaren aldeztailea; Aaron Barnea, Gurasoen Alkartea-Familien Mintzagunearen Nazinoarteko Harremanetarako arduraduna, eta Ali Abu Awwad, Gurasoen Alkartea-Familien Mintzagunearen eleduna.

Gainera, topaketan, aitatu pertsonez gan, bake eta justiziagaz konprometidutako erakunde eta mobimentuetako ordezkari nabarmen zenbaitek, politika-analistek eta alderdi politikoetako arduradunek be parte hartuko dute, bai eta helburu horregaz lanean dabilzan beste alkarte eta talde batzuek be.

Pat Magee eta Jo Berry. Harako 1984ko abendu haretan, Brighton-eko Grand Hotel-en, Toryak Biltzarra egiten egozala, IRAk bonba-atentaduz Sir Anthony Berry hil ebanetik, haren alaba Jo-k Ipar Irlandako bakearen alde lan egiten jardun dau. 2000ko zemendian Pat Mageek bere aitaren hilketearen erantzulea ezagutu eban. Jo 'Building Bridges for Peace' erakundeko eta 'Bakearen aldeko Nazinoarteko Sare'-ko presidentea da.

Pat Magee Belfasten jaio zan; IRAko ekintzailea izan zan eta biziarteko zigor zenbait ezarri eutsiezan Brighton-eko atentuagaitik. Amnistia emon eutsien 1999ko Ostiral Santuko Hitzarmenari esker, kartzelan 13 urteko kondena bete ondoren, eta ordutik buru-belarri dabil beharrean bakearen alde.

Azken 9 urteotan biek emon ditue hitzaldiak kartzelatan eta unibersidade-eskoletan, eta bakeari buruzko biltzar zenbaitetan be parte hartu izan dabe.

Aaron Barnea. Israeldarra, Gurasoen Alkartea-Familien Mintzagunearen Nazinoarteko Harremanetarako arduraduna da. Bere seme Noam-en heriotzearen ondoren sartu zan erakunde horretan. Semea 1999ko apirilaren 12an hil zan, Libanon, zerbitzu-egintza batean, soldadua zala (lehergailuetan aditua).

Bakearen aldeko ekintzailea urte askoan. Hezkuntzako Langileen Elkarteen Nazinoarteko Federazinoko idazkari nagusia izan zan 1992 eta 1996 bitartean, baita israeldar mobimentu laboristearen nazinoarteko jarduera zenbaitetako kide aktiboa be.

Ali Abu Awwad. Palestiniarra, Gurasoen Alkartea-Familien Mintzaguneko egitasmo-burua da. Lehenengo Intifadan ama, anaiak eta bera atxilotu zituen askatasuneranzko gerran parte hartzeagaitik. Ali lau urtean egon zan preso Israeleko kartzela batean, eta Osloko Itunari esker itxi eben libre. Itun hori israeldarren eta palestinarren arteko bakerako itxaropena izan zan. Ali soldadu israeldarrek beraren anaia Yousef hil ebenean sartu zan aitatu erakundean.

Gurasoen Alkartea-Familien Mintzagunea (Parents Circle – Bereaved Families Forum —PCBFF—) Osloko Bake Prozesuaren sasoian sortu zan, 1994an; Ekialde Hurbileko gatazkan lehen mailako ahaideak galdu dituen 500 familia israeldar zein palestinarrek osotzen dabe. PCBFF erakunde parebakoa da; haren sendotasuna bere kide israeldarrek eta palestinarrek ezarritako lankidetzan datza, alkar hartuta lan egiten dabelako herri bien arteko bakearen eta adiskidetzearen alde.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu