'Aeroplof ' abenturea
2010-05-28 15:25 BidaideShanghai-Madril 460 euroan baino ez, tasak eta gastu guztiak sartuta. Ganera, eskala bakarra, ordu bikoa. Hori bai, dana ez da horren polita. Eskaintza erakargarri hori egiten dauen konpainia Aeroplof da. Parkatu, Aeroflot. Dana dala. Izen biak erabil daitekez ze, bizitako esperientziak erakutsi deust hurrago dagoala lehenengotik bigarrenetik baino.
Euskadira bueltan etorteko hegaldia topeteak sadomasokismo errituen ikutua dauka. On-line bilatzaileren 'helmuga' laukitxoan jarten dodan lehenengo aukerea beti izaten da Bilbo, aukerarik karuena dala ondo baino hobeto jakin arren. Pantailan mila euroren bueltan dabizan zifrek urteten dabe orduan, zifra biribila, bai, baia bape egokia niretzat.
Orduan, aireportu handienetara joateko aukerea aztertzen hasten naz, ekonomikoenak izaten diralako. Madril eta Bartzelona dira nire lehenengo aukerak, baina London, Frankfurt eta Paris be begiratzen dodaz. Halanda be, jakin badakit errazagoa izango dala espainiar uriburu batetik autobusa hartzea 'low cost' hegaldia lortzea baino.
Fruturik bako hainbat bilaketa egin ondoren, airelinea ez horren fidagarrien tarifak konparetea baino ez jat geratzen. Gehienetan, ibilbideak oso korapilotsuak izaten dira, baina prezioa be eskuragarriagoa da. Eskala-kopuruari eta aireportuetan itxaroten emon beharreko denporeari hoba ez begiratu. Helburua txartelaren prezioa mila eurokoa ez izatea da, erdia baino.
Zelako poza hartu neban pentsautakoa baino zeozer hobea topaukeran! Shanghai-Madril 460 euroan baino ez, tasak eta gastu guztiak sartuta. Ganera, eskala bakarra, ordu bikoa. Hori bai, dana ez da horren polita. Eskaintza erakargarri hori egiten dauen konpainia Aeroplof da. Parkatu, Aeroflot. Dana dala. Izen biak erabil daitekez ze, bizitako esperientziak erakutsi deust hurrago dagoala lehenengotik bigarrenetik baino.
Abiazino mundua apur bat ezagutzen dodanez, errusiarrei nire kreditu-txartel zenbakia emon baino lehenago, hegaldia ze hegazkin muetan izango zan begiratu neban. Ezin dot sinistu! Airbus 330 Shanghai – Moscú ibilbiderako eta A-319 Madrileraino. Birritan pentsau barik eta pozarren, txartela hartu eta lagunei mezu bana bialdu neutsen noiz ailegauko nintzan jakinarazoteko. Hiru hilebete falta ziran hegaldiak urteteko.
Pasa dan maiatzaren 9an, maletea egin eta Pudong uriko aireportura joan nintzan. Ailegau, eta berehala konturatu nintzan hartuko neban trastoak ez eukala ezta antzik be pentsetan neban Airbus hegazkinagaz. Boeing 767-200 hegazkinak 20 urte baino gehiago zituan eta, berez, horrenbeste ez izan arren, itxura eskasa eukan, sekula kontrolik pasau izan ez baleu moduan.
Nik, behintzat, susmo hori hartu neban. Jarlekuak ia apurtuta egozan eta eskuko maletak sartzeko kutxea ez zan zarratzen. Tarteka, esparatrapu zatiak ikusten ziran, batek daki zer konpontzeko edo tapetako! Hegazkin horrek ez eustan bape itxura onik emon eta, ganera, jentez ganezka joian. Bidaiariak lasaitzeko edo, aldizkarian honakoa jarten eban: 'hegazkin honetan, edari alkoholikoak kontsumidutea galarazota dago eta tripulazinoak indarrez be menderatu ahal izango dau arazoak sortzen dituan bidaiaria'. Ez dau indar lar behar izango, tripulazino gehiena 2x2 armairuen pareko gizonezkoek osotzen baitabe. Eta, 'kasualidadez', nire jarlekua traste honetako azken lerroan dago.
Beti esaten deutsat nire buruari honelako kasuren batean istripua izan ezkero ez nazala sekula elbarri geratuko. Zulora noa, eta kitto. Beraz, bagoaz... Turbulentziakaz, hegazkinak salto batzuk emoten ditu eta hegaldia emozinoa hartzen hasi da, izan be, hori da entretenimentu bakarra, barruan ez baitago ezer bidaiariari orduak laburrago pasarazoteko. Jatekoa... no comment.
Astinduak lurra hartzera goazenean hasten dira. Zerua apur bat estalita dago baina, itxuraz behintzat, ez leuke arazorik egon behar Moskura ailegetako. Halanda be, batek daki zergatik -kabinan edari alkoholikoak edateko baimena badago, badakit zergaitik-, hegazkina balantzadaka hasten da, eskumatik ezkerrera, goitik behera. Beherakada gogor baten ostean, abiadea hartu eta gorantz barriro. Edariak eroateko karrotxuak hegaz urten dau eta umeak negarrez hasi dira. Umea izan gura neuke.
Lurra gero eta hurrago dago eta, beraz, arriskua be bai. Bitartean, pilotuak jantzeagaz segiduten dau. Beherakadakaz batera, gorputza dardarka jarteko moduko metal-zaratak entzuten dira, hegazkina bi zatitan apurtzekotan egongo balitz legez. Nire ondoan txekiar bat dago eta egoera hau normala dan itauntzen deutsat. Bere arpegia ikusita, ezetz erantzungo deustala pentsetan dot eta holan da: 'ez, ez da normala; sarritan hartu dot Aeroflot konpainiako hegaldi bat eta ez jat sekula hau pasau'. Jarlekuari gogor eusten deutsagu danok hegazkinak beherantza egiten dauenean eta, gorantza goazenean, jarlekuen beso-euskarriei. Lurra gero eta hurrago ikusten dot, eta hegazkina hara eta hona. 'Albistegietan urtengo dogu', dinotsat neure buruari.
Pistea hur dago. Hoba izango litzateke lehiotik ez begiratzea, baina ezin dot aguantau. Asfaltotik metro gitxi batzutara be, hegazkina ondino ez da zuzen parau eta hego bategaz lurra ikutuko dauela emoten dau. Hegazkina alboz jarri da, 45 graduko inklinazinoagaz. Berehala, pilotuak hegazkina zuzen jartea lortu dau, mobimentu sendo baten bitartez. 'Orain, pistatik urtengo dogu'. Bada, ez.
Hegazkina abiadurea moteltzen hasten da, gelditu arte. Ordura arteko isiltasuna bidaiarien txaloek apurtzen dabe. Niri, ostera, pilotuari kokoteko bi emoteko gogoa jatort. Ez dago haizerik. Beraz, zer pasau da? Ez dot sekula jakingo.
Moskuko aireportuak bildurra emoten dau. Korrika urteteko modukoa da. Edo, hobeto esanda, hegaz. Konekzinoa daukagun bidaiariok hegazkinean bertan dagozan beharginei erakutsi behar deutsegu gure txartela eta ezin gara aireportuan hara eta hona ibili. 'Itxaron', dino errusiar batek. Ez dakit zergaitik diran horren desatseginak baina esan neike famea ondo mereziduta daukiela. Autobus batean sartu gaitue (Tokiora doazen japoniarrak erabat txundituta dagoz), beste terminal batera eroateko. Han, igitaia eta mailua orain dala gitxira arte indarrean egon dirala emoten dau. Egin daiteken gauza bakarra Madrilera eroango nauen hegaldia itxarotea da. Bai, hemen dago Airbus 319 hegazkina. Ez sumendiaren errautsik ez enparaurik. Egun horretan, hainbat aireportu zarratuta egon ziran, tartean Bilbokoa, baina Aeroflotek ez eban ezelako arazorik izan eta orduan ailegau ginan Madrilera. Ailegau eta berehala, Amerika Etorbidera joan eta 01:30era arte itxaron behar izan neban etxera eroango eustan autobusa hartzeko. Horra hor, abenturea.
A! Ondino bueltako hegaldia falta jat. Horregaitik idazten dot artikulu dau. Jarri egidazue, irakurle maiteok, kandela bat, Aeroflot ez daiten Aeroplof izan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!