Bilboko Udalak uriko gazteen banden errolda bat egin eta kontzertuak emoteko zirkuitu bat antolatuko dau

Bizkaie! 2010-05-27 15:27   Musikea

Barrutirock zirkuituan parte hartu ahal izateko, Bilboko banden erroldan izena emonda egon beharko dabe taldeek. Horretarako gaurtik aurrera erabilteko moduan egongo dan ondoko webgunea erabili leikie.

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak Barrutirock izeneko ekimena jarriko dau abian. Gazte bilbotarren bandek joteko zirkuitu bat izateko beharra betetera dator ekimena. Egitasmoari esker, talde barriek dobako kontzertuak emon ahal izango ditue, abesti barriak jo eta jentaurrean esperientzia hartuz. Auzoetako ekipamenduak erabiliko dira horretarako, eta batzuk Udalarenak eta beste batzuk areto pribatuak izango dira. Taldeek bertako banden erroldan izena emon beharko dabe zirkuitua erabilteko.

Zirkuitua bariku honetan, hilak 28, inaugurauko da. Egun horretan, 21:00etatik aurrera, Zorrotzako udaltegiko erabilera askotarako gelan kontzertu bat izango da, Desastre Accidental (pop), Bolkete (euskal rock erradikala) eta Maldito Ruido (metal) taldeakaz.

Bigarren kontzertua bagilaren 10ean izango da, 21:00etan baita, Mind the Gap-MTG (rock), Iratxe Mugire (folk) eta Fenómenos de la Naturaleza-FDLN (hip-hop) taldeakaz. Bilborock aretoan izango da bigarren kontzertu hau. Udagoienean beste zortzi kontzertu antolatzea aurreikusita dago.

Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirola Saileko zinegotziak adierazo dauenez, urian lehenengo pausuak emoten dabilzan taldeei kontzertuak emoteko zirkuitu bat sortzea da egitasmoaren helburua, izan be, talde horreek zailtasun handiak ditue jentaurrean joteko. 'Zirkuitu hau beraz, ezagunak izateko eta gazteen musikea sustatzeko baliogarria izango da', esan dau.

Barrutirock zirkuituan parte hartu ahal izateko, Bilboko banden erroldan izena emonda egon beharko dabe taldeek. Horretarako gaurtik aurrera erabilteko moduan egongo dan ondoko webgunea erabili leikie.

Errolda tokiko musika taldeak erregistrauta eta intereseko datuak lortzeko tresna izango da. Taldeen abestiak eta argazkiak be sartu ahal izango dira errolda horretan.

Erroldan izena emotea 13 eta 35 urte bitarteko pertsonentzat da, eta erregistroa egiteko talde bakotxak aukeratu beharko dau zein estilotan sartu. Erregistrautako bandek fitxako datuak aldatu ahalko ditue, holan edukiak eguneratuz. Kideen datuak, telefonoak, gaiak zein argazkiak aldatu ahalko dira.

Inskribautako taldeek zuzenean jasoko dabe ekimen musikalei buruzko informazinoa, baita eurentzat interesgarriak diran lehiaketei, jaialdiei, kontzertuei eta bestelakoei buruz. Gainera, Barrutirock ekimenean parte ahal izateko, gitxienez Bilbon erroldauta egon beharko dau taldeko kide batek edo Bilbon euki beharko dau entseguak egiteko lokala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu