Broad Peak-en hiru tontorrak lotu eta bide barria zabaltzea da Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzaren erronka barria

Bizkaie! 2010-05-25 18:14

Mendizaletasuna ulertzeko modu berezi baten aldeko konpromisoari eutsiz, mendizaleek zortzimilako bat alpetar estiloan igoteko erronkeari aurre egingo deutsie barriro be. Asmoa da igoteko bide barri bat zabaltzea eta K3 izenaz ezagutzen dan mendi honetako hiru tontorrak lotzea. Hau behin baino ez da lortu alpinismoaren historia osoan.

BAT Basque Team-ek eta Naturgas Energia enpresak babestu eta Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzak osotzen daben Broad Peak-era (8.047 m.) espedizinoak gaur egin dau aurkezpena Bilboko Alhondigan. Mendizaletasuna ulertzeko modu berezi baten aldeko konpromisoari eutsiz, mendizaleek zortzimilako bat alpetar estiloan igoteko erronkeari aurre egingo deutsie barriro be: soka finkorik barik, altuerako kanpamentu egonkorrik barik, oxigeno artifizialik barik eta sherparik barik. Asmoa da igoteko bide barri bat zabaltzea eta K3 izenaz ezagutzen dan mendi honetako hiru tontorrak lotzea. Hau behin baino ez da lortu alpinismoaren historia osoan, 1984 urtean, Kukuczka eta Kurtyka mendizale poloniarrek lortu eben. Pakistango Karakorum mendilerroan, Txinako mugatik hur kokatutako mendi hau planetako hamabigarren mendirik altuena da.

1954an antolatu zan mendi hau igoteko lehenengo espedizinoa, eta 1975era arte ez eban inork lortu erdialdeko tontorreraino heltzea. Orain, Barriz, erronka honi aurre egingo deutsien euskal espedizinokideentzat, hiru tontorrak lotu eta igoteko bide barri bat zabaltzea aurrerapausu kualitatibo nabarmena izango da mendizale moduan egin daben ibilbide profesionalean. Euskal alpinismoaren ikuspegitik be, sekulako lorpena izango da, gaur egun ez dauelako zabaldu zortzimilako bat igoteko jatorrizko biderik.

BAT Basque Team-ek eta Naturgas Energia enpresak babestutako espedizino hau bagilaren 2an abiatuko da Loiuko aireportutik Pakistan aldera, bagilaren hasieran kanpamentu nagusia finkatzeko asmoz, eta premiazko egokitzealdia osotu ondoren, garagarrilaren hasieran, tontorrera heltzen ahaleginduko dira. Oraingo honetan, Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzagaz batera, Ander Izagirre kazetaria be badoa, abenturearen xehetasun guztiak hurretik jarraitu eta zabaltzeko asmoz.

Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) 15 zortzimilako igo ditu, Juan Vallejok (Gasteiz, 1970) zortzi eta Mikel Zabalzak (Iruñea, 1970) bi. Hirurak esperientzia handikoak dira era horretako mendiak alpetar estiloan eskaletan, izan be, modu horretan igon eben Shisha Pangma-ren (8.027 m.) hego hegala, baita Lhotse (8.516 m.), Cho Oyu (8.201 m.), Lempo Gan (7.125 m.) eta Aconcaguaren (6.962 m.) hegoaldeko hegala be. Era berean, Everest-en ipar hegaleko Hornbein korridorea zeharkatzeko saio batzuk egin zituen (8.500 metroko alturaraino helduz), baita Dunagiri ipar hegaletik gainditzeko saioak be, eta estilo berean egin ditue altuera txikiagoa baina zailtasun handi-handia daben beste mendi-erronka batzuk, besteak beste, Izenik Gabeko Dorreko Eternal flame bidearen eskaladea edo Changi Dorreko Ludopatia bidea zabaltzea, biak Karakorumen. Orain bi urte, hiru mendizaleak zehatz alpetar estiloa ez dan igoteko modu arin-arina erabili eben G-IV mendiaren (7.913 m.) ipar tontorra zapaltzeko. Igaz, barriz, Makaluren mendebaldeko pilarea eta Everest-eko Hornbein korridorea alpetar estiloan igoten ahalegindu ziran; bi ekinaldi egin eta bietan huts egin eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu