Jon & Sugramas, Jon Gurrutxagaren taldeak disko barria eta zuzeneko kontzertuak dakarz

Bizkaie! 2010-05-25 12:35   Musikea

Gurrutxagak baketak albo batera itxi ditu egitasmo honetan eta ahotsean zentrau da. 'Jon & Sugramas' proiektuan ingelesez eta euskeraz abestutako rocka da nagusi, bluesaren eragina be nabari da, baina batez be 70eko hamarkadako rock taldeen eragin zuzena dauka.

Arima Beltza taldeko abeslari eta Uek taldeko bateriajole izandako Jon Gurrutxagaren proiekturik barriena dogu Jon & Sugramas. Egitasmoari formea emoteko aspaldiko lagunakaz batu da Elgoibarko musikaria. Sugeagaz lotutako landarean oinarriturik 'Sugramas' izenagaz bataiatutako bandan Legen Beltza taldeko Ekaitz Garmendia eta Ivan Hernández azpeitiarrak dagoz gitarra eta baterian eta Andrakan taldean be badabilen Andoni Mujika elgoibartarra, barriz, baxuan.

Gurrutxagak baketak albo batera itxi ditu egitasmo honetan eta ahotsean zentrau da. 'Jon & Sugramas' proiektuan ingelesez eta euskeraz abestutako rocka da nagusi, bluesaren eragina be nabari da, baina batez be 70eko hamarkadako rock taldeen eragin zuzena dauka. Hamaika abestiz osotutako lana joandako Aste Santuan grabau dabe Bilboko Koba estudioetan Xanpe teknikariaren ardurapean. Taldearen eragina 60ko hamarkada amaieran eta 70eko hamarkada hasieran oinarritzen bada be, garaikide ukutua dauka Elgoibar eta Azpetiako laukoteak. Kolaborazinoak be izan dira taldearen estraineko lan honetan. Fredi Pelaez beasaindarrak hammond organua eta wurlitzer-a grabau ditu 'White drops', 'Egin iezaidazu' eta 'Maybe someday' kantuetan. Keu Agirretxea ondarrutarrak 'Bidaia' rock pieza lasaiaren gitarra konponketak egin ditu eta horreen grabazinoaz be arduratu da. Eta Jonek Arima Beltzan kide izan eban Patxi Zabaleta elgoibartarrak gitarra akustikoa jo dau 'Duoan sortutako istorioa' piezan. Hitzetan be laguntzarik izan dau Gurrutxagak, berbarako, Maider Osa arrasatearrak 'Egin iezaidazu' abestiko letrak idatzi baititu. Iñaki González-en diseinuak diskoak behar eban azken ukutua emon deutso lanari.


Jon & Sugramas zuzenean:

- Maiatzaren 29an, zapatuan, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian.
- Bagilaren 12an, zapatuan, Markina-Xemeineko Uhagon Kulturgunean.
- Bagilaren 18an, barikuan, Ondarroako Kafe Antzokian.
- Bagilaren 29an, martitzenean, Eskoriatzako jaietan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu