Neoi izpien gerizpean

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2010-05-14 15:44   Bidaide

Termometroak, egon ezkero, zero azpitik hainbat gradu markauko leukez eta, arratsaldeko seiretatik aurrera, behera egingo leuke nabarmen. Eguzkia Txina erdialdeko mendi garaien atzean ostentzen danean, mendiek eragindako gerizpearen iluntasunak argiaren kutsadura bako sasoiak gogorarazoten deuskuz. Etxera joateko ordua da. Shanxi lurraldeko haranetan, argi-puntu txikitxuak ikusten dira.

Termometroak, egon ezkero, zero azpitik hainbat gradu markauko leukez eta, arratsaldeko seiretatik aurrera, behera egingo leuke nabarmen. Eguzkia Txina erdialdeko mendi garaien atzean ostentzen danean, mendiek eragindako gerizpearen iluntasunak argiaren kutsadura bako sasoiak gogorarazoten deuskuz. Etxera joateko ordua da. Shanxi lurraldeko haranetan, argi-puntu txikitxuak ikusten dira.

Feng Jien Chang-en etxea horreetariko bat da. Barruan, aitak zopa beroa preparetan dauen bitartean, 8 urteko gaztetxua telebista ikusten dago. Telebistan, argiz beteriko etxeorratzen mundua dago ikusgai. Ez dago hotzik, baina tenperatura hori ez dabe lortzen punta-puntako kalefazino-sistemei esker, betiko metodoei esker baino, hemen elektrizidadea ondasun urria eta garestia baita. Egurrezko su txikitxuak kalefazino-zentralarentzako ura irakiten dau. Familiak ezkatzaren inguruan egiten dau lo eta beroa zein kea kanpora botateko zulo bereziak dagoz hormetan, ez baitago tximinirik. Koba batean bizi dira.

Eta ez eurak bakarrik. Tanda-ko 150 biztanleek euren arbasoek erabilitako sistema bera darabile euren bizitokietan: Ama Lurrak emoten dauen beroa aprobetxetan dabe hatxetan egindako zuloen bitartez. Herri hau 1.500 metro baino gehiagoko altueran dago sortuta eta ez da bakarra, Txinako lurralderik pobreenean milaka baitagoz. Datu ofizialik egon ez arren, mendien berotasunaren magalean bost miloe lagun inguru bizi dirala uste da.

Estadistiken Institutu Nazionalaren arabera, 2008an, Shanxiko baserritarren urteko errenta per capita 443 eurokoa zan, herrialdeko gainontzeko baserritarren parekoa. Halanda be, Liu Runmei 2.500 yuan ingurugaz (257 euro) konformau behar izan zan. 'Ez zan urte txarra izan. Aurtengoa txarragoa izango da, sikate itzela dagoalako', aurreikusten dau Feng-en auzokide honek. Expo´10 erakustazokearen bitartez mundua liluratzeko aurrerakuntza teknologikoak aurkeztuko dituan Shanghai uria non dagoan be ez daki.

Orain dala 20 urte ezkondu zan eta ordutik Tandako kobazulo-etxeetan bizi da. Ez daki etxea noizkoa dan, baina bai bere senarraren aurreko hiru belaunaldiak berton bizi izan zirala. Beraz, zuloa orain dala hainbat mendetakoa da. Ordutik, ez da lar aldatu. Orain, horma kurbatuak anakronismoz beteriko musika-taldeen kartelakaz horniduta egon arren, ez dago urik eta komunak ehun metrora dagoz. Hori bai, hirugarren eskuko telefono eta ugerrak jandako antena paraboliko bat daukiez.

Erdi Aroko zonalde honetan be ez dira falta XXI. mendeko aparatuok. 'Gehienok, seme-alabaren bat dogu kanpoan eta eurek ekarten deuskuez aparatu honeek, bizimodua errazagoa egiteko'. Halanda be, gau askotan, elektrizidadea desagertu egiten da eta, horregaz, entretenimentua. 'Gazteek hemendik alde egin gura dabe eta normala da; nire amesa alabei ahalik eta hezkuntza onena eskaintzea da, baina...', dino, triste, Liu-k. 'Zoritxarrez, ez daukat ez dirurik ezta kontakturik Gobernuan'.

Interneteko konekzinoa daukan ordenagailu bakarra eskolan egoan, birus batek suntsitu eban arte. Hurreko eta urruneko kobazuloetatik etorritako 204 ume eta gazte dagoz Tandako hezkuntza zentroan. Urrun bizi diran umeek egunero horrenbeste kilometro ez egiteko, ostatu antzekoak dagoz inguruan. Eskolea Herri Errepublikea aldarrikatu baino urtebete lehenago sortu eben, 1948an, eta 2002ra arte ez eben barriztau. Orduan be, irakasleen bulegoei kobazuloen itxura kurbatua emon eutsen, eraikinaren diseinua egungoen parekoa izan arren. 'Estilo horretara gagoz ohituta', dino Li Zhenhua zuzendariak.

Esfortzuak esfortzu, badaki eskola honetatik ez dala etorkizuneko jenio bikainik urtengo. 'Irakasle gehienak Biharren Hezkuntza baino ez daukien herritarrak dira. Bat baino ez dago Irakaskuntza ikasketakaz baina, laster, jubilazinoa hartuko dau. Ez dago irakasle gazterik eta, beraz, zentroaren etorkizuna kolokan dago', autortu dau. Aukerak urian dagoz, Tanda lako herriak zaharren egoitza bihurtzen dagoz.

Li Chensheng-ek 53 urte ditu, baina 20 gehiago dituala emoten dau. Arazoak ditu mobiduteko eta artritisak jota dago. Halanda be, eskola horretan irakasle jarraitzen dau eta, aldi berean, eguraldiak ixten deutsonean artoa lantzen dau handik hur daukan lursail txiki batean. Danetara, hilean 200 yuan inguru kobretan ditu (23 euro). He Gaizhi emazteak eta berak justu-justu bizirauteko beste. Bere burua komunistatzat daukan herrialde honetako kobazuloetan be, klase sozialak dagoz. Bikote hau 'paria' deritxanak dira. Etxebizitza orain dala hiru belaunaldi egoan moduan dago eta senar-emazteen hiru seme-alabek hegaz egin dabe. 'Baina urian be, gauzak ez joakez guztiz ondo', dino Li-k. Txinako mirari ekonomikoa ez da danentzat bera. Eta barriro kobazulora bueltetea pentsetan dabiz. Gurasoak, behintzat, bertan hilko dira. 'Ez deutset trabarik egin gura. Gure arbasoak eta gure lagunak lurralde honetan dagoz. Urian, 200 yuan be ez neukez irabaziko. Eskean ibili beharko nintzateke', dino.

Li eta He-k ez daukie ezta etxea berotzeko beste egur. Baina bat datoz honetan: 'gure herrialdearen garapena albiste pozgarria da guretzat. Azken hogei urteotako aldaketak ikusgarriak izan dira. Orain, ez gaitu goseak hilko', dino emakumeak. Gizonezkoa hormara begira dago. Bertan, presidente txinatar guztien argazkiak ditu eskegita, Mao-tik hasi eta Hu Jintao-ra. 'Begiratu: Joko Olinpikoak be antolatu doguz eta egunotan Expo egiten dagoz Shanghain'. Halanda be, agintariek ez dabe gura erakutsi lurralde honetako biztanleen bizimodua. Hori erakusten dabe, behintzat, hurren dagoan komisaldegitik Tangara etorritako kazetariari galdeketea egiteko ordu biko bidaia egin daben poliziek. 'Nori interesetan jako jente honen bizimodua? Informazino-gunea Shanghain dago, erakustazokearen inguruan', dinoe, haserre. Txinak munduari erakutsi gura deutsozan neoi argien izpiak ez dira Tandako kobazuloetaraino ailegetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu