Eider Rodriguez: 'disimuluak obsesionetan nau'
2010-05-11 11:27 Barriketan'Eta handik gutxira gaur' (2004) eta 'Haragia' (2007) ipuin bildumakaz oso kritika onak jaso zituen Eider Rodríguezek (Errenteria, 1977) eta ikusmin handia egoan Igartza beka sariari esker idazten ebilen liburu barriaren aurrean. 'Katu jendea' (Elkar) izenburukoa da lan barria eta bertan zazpi istorio labur topetan doguz, desioa, edertasuna, patua, sexualidadearen ernetzea, ilusinoen itzaltzea eta holako gaiak tarteko dirala. Eider Rodriguezen hirugarren liburua da 'Katu jendea', eta hau be ipuin-bildumea.
1- Gizon-emakumeen sentimendu esan bakoaz idazten dozula esaten da zure liburu barriaren azalean. Zeintzuk dira, hain zuzen be, obsesionetan zaituen gaiak, interesetan jatzuzan sentimendu esan bako horreek?
Esaten ez dan guzti horrek erakarten nau, edozein motiborengaitik isiltzen, estaltzen, ezkutatzen dan horrek, hain zuzen. Disimuluak obsesionetan nau.
2- Zure istorio askoren atzean botere harremanak dagoz oinarrian. Zergaitik?
Hartu-emon askoren atzean (edo aurrean) dago boterea, batzuetan lausotuta dago, besteetan nabarmena da. Izan daiteke jakinduriazko boterea, diru boterea, edertasun boterea... Itxura asko izan leikez, eta guztiak interesetan jataz.
3- Edertasuna da jorratzen dozun beste kontzeptu bat. Apropos, zeozer bilatua izan da?
Bai, oso modu friboloan berba egiten da edertasunari buruz, eder izan nahiari buruz eta baita ederrei buruz be. Eta uste dot hondo sakona dauen gaia dala.
4- 'On the road' ipuinean patuaren gaia dogu. Norberaren bizitza kasualidadez josita dago?
Bai, zirkunstantziek egiten gaitue sarritan galtzaile, irabazle edota erdipurdiko. Gero saiatzen gara arrazoiaren bitartez garena azaltzen, baina batzuetan, garen hori izatea edo ez izatea gure kontrolpetik kanpo dago.
5- Zure ipuinak ilunak dirala esan dabe inoiz kritikariek. Bat al zatoz baieztapen horregaz? Kezkatzen zaitu horrek?
Izan daiteke, baina umorea be badagoala nire idatzietan uste dut. Horreetako batzuk idazten barre egin dot, adibidez, emakume erditu barriaren monologoa idazten. Horregaz oso ondo pasau neban. Baina egia da batek baino gehiagok esan deustala ipuin gogorra dala oso, tristea.
6- Noiz emoten dozu amaitutzat ipuin bat? Asko kostetan jatzu puntu finala jartea?
Puntu finala jartea ez da hain gatxa izaten. Gatxena amaitutzat emotea izaten da. Hau da, nik ipuina berridazten, taiutzen, puzten eta husten emoten dot denporea.
7- Zelakoa izan da liburu hau sortzeko prozesua? Bilduma baten parte izan behar ebela buruan zeunkala idatzi dozuz ipuinak?
Bai, Igartza bekearen barruan argitara emondako liburua da, eta ondorioz, bilduma baten parte izateko idatzi nituan ipuinok. Bizpahiru itxi dodaz kanpoan, bat tonutik joaten zalako, bestea laburregia zalako...
8- Zelako garrantzia emoten deutsazu estiloari?
Ez dakit oso ondo estiloa zer dan. Nire ahotsa bilatzen dot idazten dodanean, akaso gauza berberaz ari gara...
9- Euskera aberatsa edo euskera ulergarria. Azken eztabaida horretan, zeren alde zagoz zu?
Saiatzen naz idazten adierazo nahi dodana. Adierazkortasuna lortzeko modu asko dagoz, bata, baina ez bakarra, hizkuntzearen lanketea izan daiteke, eta lanketa hori izan daiteke hizkuntza hanpatzeko edo soiltzeko. Nik erabilten dodan euskerea soila da. Baina oso estilizatua dan euskeran idatzitako liburuak irakurtea maite dot, hizkuntza festa edo orgia bilakatzen daben idazleakaz oso ondo pasetan dot. Batzuetan, gainera, hizkuntza festa hori eskaintzeaz gan zeozer kontetan dabe!
10- Ipuin generoa jorratu dozu orain arte. Ez al dozu pentsau nozoz eleberri bati ekitea?
Ez dot nobela idaztearen ideia baztertzen. Akaso, hurrengoa hori izango da.
11- Irakurle moduan, ze genero nahiago dozu?
Ipuinak edo nobelak, bardin jat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!