'Eztabaidak Literatureagaz' Bilbon, erotismoak euskal literaturan dauen lekua ardatz hartuta
2010-05-10 13:54 KultureaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenari esker, erotismoak euskal literaturan dauen lekuari buruzko topaketea izango da maiatzaren 11n, Edorta Jiménez idazlearen eta Jasone Osoro idazle eta kazetariaren eskutik. Ekitaldia euskeraz izango da, eta aldibereko itzulpena egongo da.
'Eztabaidak literatureagaz' ekimenean, jentaurreko alkarrizketearen bitartez, lehen mailako kazetariakaz, historialariakaz edo idazleakaz alkartzeko aukerea eskaintzen da eta, bertan, idazketearen munduagaz lotutako gaiak planteetan dira. Kontuak kontu, idazleakana hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenari esker, erotismoak euskal literaturan dauen lekuari buruzko topaketea egingo da maiatzaren 11n, Edorta Jiménez idazlearen eta Jasone Osoro idazle eta kazetariaren eskutik. Ekitaldia euskeraz izango da, eta aldibereko itzulpena egongo da.
Alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenetan, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Espezializautako kazetari batek egiten dau aurkezle eta gidari lana eta oraingo honetan, moderatzailea, Udane Goikoetxea kazetaria izango da, Bizkaia Irratiko esataria.
Urteko bosgarren hitzorduan, erotismoak euskal literaturan dauen presentziari buruz berba egingo dabe. Edorta Jiménez (Mundaka, 1953) eta Jasone Osoro (Elgoibar, 1971), erotismoaren mugak non dagozan, Euskal Herriko idazleen lanetan dauen presentziaz edo egungo narratibeak karga erotiko handia dauen ala ez argitzen ahaleginduko dira.
'Alkarrizketak literatureagaz' edizino barri honetako konbidatuak zenbait gai argitzen saiatuko dira: literatura erotikoa genero legez existiduten dan ala ez, euskeraz idatzitako literatura erotikoaz benetan berba egin daitekeen ala ez, edo belaunaldi gazteenak normaltasun handiagoz hurreratzen diran literatura barruko erotismora.
Jasone Osoro Informazinoaren Zientzietan lizentziatua da. Gidoilari izan da ETB-ko telesailetan eta bestelako saioetan. Deia, El Diario Vasco edo Gara lako egunkarietan idazten dau, eta Acteón astekariaren zuzendaria da. Bere literatur karrera 1998an hasi eban, Isadora Duncanen biografia bat eta 'Tentazioak' lana argitaratu zituanean. Azken lan hori, kritika bikainak eta salmenta bikainak izan zituan kontakizun liburua da. 2001ean gazteei zuzendutako 'Jara' eleberria argitaratu eban, eta lan horren bigarren zatia, 'Jara, bikiak eta bikoteak', 2005ean agertu zan. 2001ean, euskerazko liburu salduenaren Zilarrezko Euskadi Saria irabazi eban 'Korapiloak' (Elkar, 2001) kontakizun liburuaren egilea be bada. Jasone Osorok, bere esperientzia pertsonalean oinarrituz, emakumeakan, amatasunari ekitea edo ez ekitea erabagiten dauen une beretik aurrera, jazoten diran aldaketak aztertzen dituan 'Bi marra rosa' lana argitaratu barri dau.
Edorta Jiménezi jagokonez, magisteritzea ikasi eban eta literatur idazle izateaz gan, hainbat dokumental idatzi eta zuzendu ditu telebistarako, Euskal Herriko kortsarioei edo hegaluzeari buruzkoak, besteak beste. Zenbait komunikabidegaz kolaborau dau, Egin, Gara, Egunkaria, Berria edo EITB-gaz, besteak beste. Euskal Telebista Publikoan zenbait saiotako gidoilari izan da, berbarako, Babel, Beti eskamak kentzen, Hau komeria edo Goenkalen. Ernest Hemingwayk euskaldunakaz eta Urdaibaigaz izandako hartu-emonak ikertu ditu. Sei poesia liburu eta hainbat eleberri idatzi ditu.
2007ko urtarrilean 'Eztabaidak literatureagaz' egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepúlveda eta Unai Elorriaga edo Suso de Toro eta Joseba Zulaika.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!