Maiatzaren 7an zabalduko da Kultur Leioan Antonio Mingoteren inguruko erakusketa barria
2010-05-06 15:40 KultureaMaiatzaren 20tik 23ra bitartean ospatuko dan Umore Azokako bisitariek, mende erdi luzez prentsan egunerokotasuna bere marrazkiakaz aztertu izan dauen artisteari bere lagunek eginiko omenaldia ezagutzeko aukerea izango dabe.
Maiatzaren 7an zabalduko da Kultur Leioan Antonio Mingote marrazkilariaren inguruko erakusketa barria. Maiatzaren 20tik 23ra bitartean ospatuko dan Umore Azokako bisitariek, mende erdi luzez prentsan egunerokotasuna bere marrazkiakaz aztertu izan dauen artisteari bere lagunek eginiko omenaldia ezagutzeko aukerea izango dabe.
Igaz, urtarrilaren 17an, Antonio Mingote ilustratzailea, grafista, idazlea, kartelgilea, gidoigilea eta Espainiako Erret Akademiako kideak larogeta hamar urte bete zituan. Umoristen dekanoa da, joan dan mendearen egunerokotasuna maisutasunez bere marrazkietan islatu dauen pertsonea.
Hori dala eta, bere lagunek omenaldia egin deutse eta ‘Mingote. 90 urte' izeneko erakusketan berrogeta hamar marrazkilari inguruk eginiko binetak eta karikaturak batu ditue, besteak beste: Máximo, Gallego & Rey, Peridis, Idígoras & Pachi, Esteban, Ricardo, Madrigal, Almarza, Munoa, Kalikatres, Datíle, Eduardo, X. Marín, Edu, Mozo, Ramón, Alfredo, Harca, Quique, Manolo, Marrugat, José Julio, Rafael Flórez, Ubaldo, Corella, Angelines, Ferreira, Carlos, Vizcarra, Enrique, Carbó, Orcajo, Ché, Lamber, Nerja, J. Aldeguer, Sebas, Sex, Kap eta El Keto.
Erakusketea Umorearen Akademiak eta Valentziako Generalitatek, Valentziako Liburutegiaren bitartez, antolatu dabe, eta Valentzian eta Madrilen egon da, ikusleen aldetik arrakasta handia lortuz. Orain, Kultur Leioara dator eta maiatzaren 7tik bagilaren 27ra bitartean ikusgai izango da Erakusketa Aretoan.
Urtero, Umore Azokearen inguruan Kultur Leioak arte erakusketa hau antolatu dau, leioaztarren zein bisitarien gozamenerako. Aurreko edizinoetan Kaleko Arteak jorratzen dituen euskal taldeak (Markeliñe, Gaitzerdi, Hortzmuga...) eta Marcel.li Antúnez, La Fura dels Bauseko sortzaile eta artista mekatronikoa izan dira protagonista, besteak beste.
Amesez, ilusinoz eta pasinoz beteriko zitea
Umore Azoka-Leioako Kaleko Artisten Azokea, Leioako Udaleko Kultura Sailak antolatzen dau, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Kultura Ministerioaren laguntzinoagaz. Leioak, lau egunez, antzerkiagaz batera biziteko aukera parebakoa eskaintzen dau. Hartu-emonak sortzeko, ideiak alkartrukatzeko, lanak erakusteko eta emonaldiak kontratetako aukerea, antzerkia eguneko hogeta lau orduetan bizi ahal izateko foroa.
Kaleko antzerkia ardatz dala, Umore Azokeak urtero Euskadiko, Estaduko eta atzerriko konpainia garrantzitsuak ekarri ohi ditu gurera, obra ugari estreinatuz eta, aldi berean, artista barriei euren lanak erakusteko aukerea emonaz; horri guztiari esker, azokea oso finkatuta dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!