Bidebarrieta Kulturguneak Nietzscheren 'Fragmentos postumos' lanaren aurkezpena jasoko dau gaur
2010-05-04 12:58 KultureaTecnos argitaletxeak argitaratu dauen eta lau liburukik osotzen daben lana da, eta bertan, filosofo alemanak 1869 eta 1889 artean erabili zituan oharren koadernoak batzen dira.
Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak, Friedrich Nietzscheren 'Fragmentos póstumos' liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko dau gaur, martitzena, maiatzaren 4an, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Tecnos argitaletxeak argitaratu dauen eta lau liburukik osotzen daben lana da, eta bertan, filosofo alemanak 1869 eta 1889 artean erabili zituan oharren koadernoak batzen dira.
Nietzscheren hil ondorengo lanaren gaztelaniazko lehenengo edizinoa da, izan be, zati batzuen itzulpenak badagozan arren, bat be ez da hau bezain zorrotza eta kritikoa, berme osoko itzulpenak eta oharrak baititu.
Aurkezpenean aparteko garrantzia emongo jake argitaratu dan azken liburukiari, III.ari eta joan dan urtean argitaratutako II. liburukiari. Ekitaldian egongo dira lanak itzuli dituenak, Diego Sánchez Meca (UNED), Patxi Lanceros (Deustuko Unibersidadea) eta Jaime Aspiunza (Euskal Herriko Unibersidadea).
Oharren koadernoak
Friedrich Nietzsche (1844-1900) modernotasuneko filosofo ezagunena da, ezelako duda barik. Idazle bikaina eta bere garaiaren eta gure kulturearen kritikari zorrotza. Beti be modu pertsonalean interesatua dan gogoetearen, eta oso estilo biziaren, apurtzailearen eta bereziaren ondorioz, gure garaikide bilakatzen da, eta, are gehiago, esan daiteke bera izan zala gure garairaino aurreratu zana.
Gehien ezagutzen diran lanez gan, 'Así habló Zaratustra', 'La gaya ciencia', 'Más allá del bien y del mal', 'El anticristo', etab., Nietzschek hainbat ohar koaderno itxi zituan, eta koaderno horreek argitaratutako lana aina hartzen dabe, gitxi gorabehera. Izanbe, 'La voluntad de poder' liburu ezaguna, Nietzscheren azken garaiko oharren artean filosofoaren arrebeak egindako aukeraketa lana da.
2006an, Tecnos argitaletxea koaderno horreek guztiak argitaratzen hasi zan 'Fragmentos póstumos' izenburuagaz, era kronologikoan ordenaturik, Nietzscheren obra osoaren edizino kritikoaren arabera. Lehenengo argitaratu ebana lau liburukietatik azkena izan zan. Bertan, filosofoak burua argi izan eban azken lau urteetako oharrak batzen dira (1885-1889). Garai horretan lan handia egin eban, eta orduan argitaratu zituan 'Más allá del bien y del mal', 'La genealogía de la moral', 'El crepúsculo de los ídolos' lako lanak, eta argitaratzeko prest geratu ziran beste batzuk, 'Nietzsche contra Wagner', 'El anticristo' eta 'Ecce Homo', eta baita bere hil ondorengo lan apokrifoa izango zan lanerako, 'La voluntad de poder', plan asko be.
2007tik, argitaletxe berak hurrengo liburukiak argitaratu ditu, bildumea osotu arte. Lehen liburukiak 1869-1874 koadernoak jasoten ditu. Urte horreetan filosofoak 'El nacimiento de la tragedia' eta 'Consideraciones intempestivas' lanak argitaratu zituan. Bigarren liburukiak 1875 eta 1882 artean egin zituan oharrak batzen ditu. Fase horri bere pentsamenduaren tarteko fasea esaten jako, eta fase ilustratutzat hartzen da. Eta aurten argitaratu dan hirugarren liburukiak 1882 eta 1885 artean idatzitako oharrak jasoten ditu. Urte horreetan argitaratu eban 'Así habló Zaratustra', eta Jainkoaren heriotzearen ideian oinarrituz, bere pentsamendu helduaren oinarrizko nozinoak zabaltzen ditu: super-gizakia, botererako borondatea eta betirako itzulera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!