Txina, ateak zabalik

Zigor Aldama 2010-04-29 15:26   Bidaide
‘Better City, Better Life’ Shanghaiko Expo, maiatzaren 1etik urriaren 31ra

Antolatzaileen kalkuluen arabera, 70-90 miloe lagunek erosiko ditue Exporako txartelak eta horreek danak gidatzeko miloe bat gidari baino gehiago prest dagoz. Expok iraungo dauen sei hilebeteotan 20.000 ekitaldi inguru iragarri ditue, egunean 100 baino gehiago, besteak beste, Fito Cabralesek Aste Nagusiaren lehenengo domekan emongo dauen kontzertua.

Egindakoak eginda, azken orduko proba eta enparauak amaitu ziran eta ikuskizunari hasierea emotea baino ez da falta. Upealako ikuskizuna, neurriz kanpokoa. Erraldoia. Horren erakusgarri, Shanghaiko Expo Unibertsalean 4.000 miloe euroko inbertsinoa egin dabe eta kopuru hori bider hamaika egin beharko litzateke Txinako uriburu ekonomikoa goitik behera aldatu daben okasinorako eregitako azpiegiturak kontuan hartuta.

Ez dot uste lar esatea danik. Historiako Exporik handienaren harian, auzo osoak txikitu ditue, urtean 50 miloe bidaiari hartzeko moduko aireportu barria eregi dabe eta metroan be lau linea barri zabaldu ditue. Akorduan izango dozuez orain bi urteko Pekingo Joko Olinpikoak; kontua da ze, hitzordu horretarako gastautako dirutzea txiki geratu dala orain.

Okasinoak merezidu dau. Lehenengo aldia da holako ekitaldi bat garapen bidean dan herrialde batean antolatzen dana. Eta datuak bildurgarriak dira: 192 herrialde eta 50 erakundetik gora batzea lortu dabe 5,28 kilometro koadroko azaleran, 2005ean, Aichiko Expon baino lau aldiz gehiago eta 2008ko Zaragozakoan baino 20 aldiz azalera handiagoa.

Zifrak zorabiatzeko moduakoak dira: kalkuluen arabera, 70-90 miloe lagunek erosiko ditue Exporako txartelak eta horreek danak gidatzeko miloe bat gidari baino gehiago prest dagoz. Expok iraungo dauen sei hilebeteotan 20.000 ekitaldi inguru iragarri ditue, egunean 100 baino gehiago, besteak beste, Fito Cabralesek Aste Nagusiaren lehenengo domekan emongo dauen kontzertua. Datuekaz jarraituz, gosetutako biditariei jaten emoteko, 131 jatetxe egongo dira inguruetan, aldi berean 40.000 laguni jaten emoteko kapazidadeagaz. Lotarako be ez da egongo arazorik, urian 310 hotel dagoz, eskasenak izar bakarrekoak eta, danetara, 98.000 ohe.

Okasinorako ondo preparautako egon arren, erronkea ez da makala. Antolakuntzan, seguridadean eta sarrera-urteeretan izan daitekezan akatsak zuzentzeko makinatxu bat proba egin ditue eta oraintsu, domeka batean egindakoa izan da garrantzitsuena. 350.000 lagun inguru mobilizau zituen eta akats batzuk atzemon zituen; izan be, Shanghai 2010eko agintariek egunean gehienez 600.000 bisitari hartzeko gehienezko mugea ezarri arren, sarreran pilaketa handiak izan ziran eta metroan kokatutako segurtasun kontroletan eraso fisikoak be izan ziran. Horrezaz gan, jatetxeetako bazkari-menuetako prezioakaitik be salaketa bat baino gehiago izan ziran.

'Egun osoa iladan'; holan deskribidu dau Shanghaiko 43 urteko Huang Xiaomen gizonezkoak hirugarren proba egunaren esperientzia. Expon izango diranen artean, karuena (100 miloe eurotik gora) dan Saudi Arabiako pabilioira sartzeko bi ordu emon zituan; hortik gora, beste ordu erdi behar izan eban Alemaniako pabilioira arteko autobusa hartzeko eta beste bi ordu pabilioia ikusteko. Eta ez dago txarto, ze egunik jentetsuenetan 3 ordutik gora beharko ei dira pabilioi hori ikusteko.

Jente pilaketa handiak ebitetako, Txinako Pabilioira sartzeko aurretiaz erreserbea egitea nahitaezkoa izango da. Egunero 50.000 sarrera baino ez ditue salduko, aretoak hartu leiken gehienekoa baina, halan da be, ticketak hartzeko makinetan ilada handiak espero dira. Berbarako, proba egun guztietan, erreserbea euken lagunak iladan zain egozan lehiatilak eta makinak zabaldu aurretik, bi ordu lehenagotik. Kontuak kontu, 35 minututan agortu ziran 50.000 sarrerak.

Saltsa honek guztiak, merezidu al dau? Bizkaie! makinatxu bat kritika eta plagio salaketa jazo dituan eraikin misteriotsuan izan da eta konturatu gara, parke tematiko baten antz handia daukala. Areto desbardinetan agiri diran elementuak Port Aventuratik ataratakoak emoten dabe, herritxu zaharrak irudikatuz eta argi eta kolorez jositako bideetan zehar antolatutako ibilaldiakaz; horrezaz gan, hankaz gora dagoan piramide baten itxurea daukan eraikinean zehar ibilteko egongo dan trena be ezaguna egiten jaku, ohiko barrakak etorri jakuz burura eta eskobea hartuta sorgina noiz agertuko sentsazinoa izan dogu. Txinatar ikuskizun peto-petoa.

Hori bai, kontuan hartu behar da Shanghaiko Expok jasoko dituan bisitarien % 7 baino ez dala atzerritarra izango. Ondorioz, pabilioi askotan txinatarrentzat pentsau eta diseinautako ikuskizunak atondu ditue, eduki sakonei baino gehiago, ikuskizunari eta ikusgarritasunari lehentasuna emonez. Esangura horretan, herrialde askok proiekzino multimedia ikusgarriak eskainiko ditue, kasu askotan txineraz bakarrik; hori da Australiaren kasua; ekologiaren aldeko mezua zabalduko dabe bertan anfiteatro ikusgarri baten erdian kokatutako zenbait pantaila mobikorretan emongo daben bideo baten bitartez.

Proba egunetan arrakasta handiena izan daben pabilioien artean, Espainiakoa be badago. Otzara itxurako pabilioia gehienezko kopuruetara heldu da bisitariei jagokenez eta Txinako hedabideek 'Miguelin', Isabel Coixet zinegile espainiarrak diseinautako 6,5 metroko ume erraldoia nabarmendu dabe.

Erabagi ona izan dalakoan nago ze Txinan umeei aparteko kariñua deukotsie. Kontuan hartu zenbait egunkaritako azaletan agertu dala Coixeten ume hori eta telebista kate bat baino gehiagotan minutu asko eskaini deutsiezala gaiari. Orain, barriz, 184 Expo egunak amaitu ostean, Espainiako pabilioia arrakastatsuenetakoa izatea da helburua.

Pabilioirik onenetarako kinielatan Erresuma Batukoa be ondo kokatuta dago eta ez neurriagaitik diseinuaren abangoardiagaitik baino. Plastikozko ulez betetako bola baten modukoa da eta kameleoi etxurea hartzeko gaitasuna dauka. Egunez, zilar kolorea dauka eta gauez, kolore guztietan agertu ahal izango da. Gainera, britainiar aretoa da Exporen lemara (‘Better City, Better Life’) gehien hurreratzen dana da. Bitxikeria legez baino ez bada be, barruan, 'hazien katedrala' dauka eta bertan 60.000 bariedade baino gehiago egongo dira planetearen aniztasunaren erakusgarri.


Informazino gehiago:

www.bilbaoexposhanghai2010.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu