Jantzearen Nazinoarteko Egunagaz bat eginik, makinatxu bat ekitaldi bazterretan

Bizkaie! 2010-04-29 10:55   Kulturea

Jantzea disziplinea da, lana da, irakaskuntzea da, komunikazinoa da. Jantzeagaz berbak aurrezten doguz, akaso beste pertsona batzuk ulertuko ez zituen berbak, eta guztiontzat ezagun gertatzen jakun hizkuntzea ezartzen dogu.

Julio Bocca jantzari argentinarrak idatzi dau 2010eko Jantzearen Nazinoarteko Eguneko mezua. Urtero jantza munduan ibilbide garrantzitsua egin dauen lagun batek preparetan dau lau haizetara zabaltzen dan mezua. Hona hemen Julio Boccak idatzitakoa:

'Jantzea disziplinea da, lana da, irakaskuntzea da, komunikazinoa da. Jantzeagaz berbak aurrezten doguz, akaso beste pertsona batzuk ulertuko ez zituen berbak, eta guztiontzat ezagun gertatzen jakun hizkuntzea ezartzen dogu.

Plazerra emoten deusku, libre egiten gaitu eta gizon-emakumeok txoriek legez hegal egiteko dogun ezintasunaren aurrean kontsoletan gaitu, apur bat gehiago zerura, sakratura, infinitora hurreratuz.

Arte zerutiarra da, desbardina aldi bakotxean, eta maitasuna egitera horrenbeste hurreratzen da emonaldia amaitzean bihotza taupadaka ixten deuskula hurrengo aldiaren zain, ilusinoz'.


Julio Boccaren biografia

Buenos Airesen jaio eta hezi zan, eta Venezuelan Fundación Teresa Carreño eta Brasilen Rio de Janeiroko Udal Antzokian ibili zan jantzari. 1986an Moskuko Nazinoarteko Ballet Lehiaketan urrezko dominea irabazi eban, hurrengo urtean American Ballet Theatren sartu zan, jantzari nagusi izendapenagaz eta 2006. urterarte ibili zan bertan.

Julio Bocca munduko ia ballet konpainia nagusi guztietan ibili da artista konbidatu moduan, jantzari onenakaz bikote eginez. 1990ean, Ballet Argentino konpainia sortu eban, eta bertako zuzendari da 1997tik. Horrezaz gan, bere izena daroan fundazinoagaz, Julio Boccak hainbat eskola jarri ditu martxan Buenos Airesen.

Jaso dituan sarien artean aitatzekoak dira: Dancer of the Year, New York Times (1987); Dance Magazine Award (1992); eta Gold Medal of the Arts (2008).


Jantza ekitaldiak

UPV/EHUk Jantzearen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau ‘Ven’ ikuskizun sarituagaz. Gau, apirilak 29, 12:30etan, UPV/EHUk, Kultur Leioaren laguntzinoagaz, Jantzearen Nazinoarteko Eguna ospatuko dau La Macanaren ‘Ven’ ikuskizunagaz. Ikuskizuna ezohiko espazio batean eskainiko da, Leioa-Erandio eremuko kafetegien inguruan. Sarrerea dobakoa izango da.

La Macana Galiziako konpainia bat da, 2009an Caterina Varela (A Coruña, 1983) eta Alexis Fernández (Santiago de Cuba, 1975) jantzari eta sortzaileek sortua. ‘Ven’ izan zan alkarregaz sortu eben lehenengoa, Entremans konpainiako partaideak ziranean. ‘Ven’ 2008an estreinau eben Habanan eta urte haretan lehenengo saria, publikoaren saria eta kritikaren saria jaso zituan Madrilgo Koreografia Sariketan. Espainia, Kuba, Alemania, Suedia, Brasil, Frantzia, Portugal, Italia, Luxenburgo, Txipre, Suitza, Txekia eta Erresuma Batuko hainbat uritan erakutsi da.

Bilbon, barriz, Gelabert Azzopardi jantza abangoardistako konpainia Arriaga Antzokian izango da gaur eta 'Sense fi' eta 'Conquassabit' aurkeztuko ditue jentaurrean, kontzeptu, musika eta plastika desbardineko Cesc Gelaberten bi koreografia, Comelade eta Haendelen musikeagaz.

'Sense fi' eta 'Conquassabit' Cesc Gelabert eta Lydia Azzopardiren produkzinoa da, Bartzelonako Teatre Lliure Antzerkiagaz batera. Bertan, 2009ko apirilaren 16an estreinau eben.

Pascal Comeladeren jatorrizko musikeagaz, 'Sense fi' barrurako bidaia bat da, 'koreografia irristagarriagaz, paradoxikoagaz, itxaronaldiaren lurrin saihestezinaz jaubetuta', azaldu dau Gelabert koreografoak. Bestalde, latinez 'konbultsinoa' esan nahi dauen 'Conquassabit' saioak Haendel-en piezetako ahots eta zati instrumentalak nahasten ditu. Bi piezetan erabilitako jantziak Lydia Azzopardirenak dira. Danetara, hamar jantzari (horreen artean Gelabert be bai) agertuko dira taula gainean.


Leioan be jantza saio ugari izango dira:

13:30 Kultur Leioako 0 solairuan, “Paso a dos del Hada de Azúcar, de Cascanueces” Gabriel González eta Alazne López.
17:00 Kultur Leioan, Sarrera Dantza garaikidea eta musika· Cía. Arte n´movimiento.
17:30 Kultur Leioan, Liburutegia Helena Golab
18:00 Boulevardean, “Máscaras”· Cía. Despertar los sentidos.
18:30 Errekalde Plazan, “Ven”· Cía. La Macana.
19:00 Errekalde Plazan, “Cuerdas”· Cía. Despertar los sentidos.
19:30 Errekalde Plazan, Andoni Aresti Dantza Eskola.
“Zuretzat, amama”· Arkaitz Pascuas & Helduen laborategiak eta oinarri teknikoa. “Roxanne” · Helduen laborategiak eta oinarri teknikoa. Inprobisazino parte-hartzaileko eskola eta jaiaren amaierea

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu