Hilaren 21ean amaituko da 2010eko Aste Nagusiko Bertoko Taldeen Pop-Rock Erakustaldian izena emoteko epea
2010-05-17 17:43 MusikeaAurtengo Aste Nagusiko Bertoko Taldeen XXV. Pop Rock erakustaldian parte hartzeko maketak aurkezteko epea datorren barikuan, maiatzaren 21ean, zarratuko da, baina hortik aurrera heltzen diran lanak be onartuko dira, aitatutako epearen barruan jarritako zigilu-markea badakarre.
Aurtengo Aste Nagusiko Bertoko Taldeen XXV. Pop Rock erakustaldian parte hartzeko maketak aurkezteko epea datorren barikuan, maiatzaren 21ean, zarratuko da, baina hortik aurrera heltzen diran lanak be onartuko dira, aitatutako epearen barruan jarritako zigilu-markea badakarre.
Lehiaketan parte hartu nahi daben taldeek Bizkaian bizi edo taldekide bat gitxienez lurralde honetan erroldatua izan behar dabe. Pop eta rock estiloko taldeak onartuko dira, jazza izan ezik.
Taldeen aukeraketan emakumeek osotutako taldea izateari eta euskeraz egindako lanak aurkezteari aparteko garrantzia emongo jake. Kontuak kontu, aurkeztutako taldeen artean hamalau aukeratuko ditu epaimahaiak.
Taldeek gitxienez 4 kanta original batzen dituan demo maketea aurkeztu beharko dabe; horregaz batera, taldearen biografia eta hartu-emonetarako datuak bialdu beharko ditue (hizkuntza, estiloa, taldekideen izen-abizenak, posta helbidea eta helbide elektronikoa) honako helbidera:
Bilboko Udala Turismo eta Jaietako Saila
Aste Nagusiko Bertako Taldeen Pop-Rock Erakustaldia
Zabalgune Plaza 11, 1. pisua
48009 Bilbo
Taldearen izena eta musika mota gutun azalean argi idatziko dira. Parte-hartzaileek une guztietan antolakuntzatik datozen eskakizunak bete beharko ditue.
Kontzertuak Bilborock-en
Pop-rockaren munduko bertoko banda barriak eta euren zaleak Bilborock aretoan batuko dira aurten, XXV. urteurrena ospatzeko gune ezin hobea. Alde batetik, gure garairako ekipamendu teknologiko ezin hobea eskaintzen dau, eta bestetik, 500 ikus-entzule inguru egoteko lekua. Gainera, bertan eguraldiaren gorabeherak ez dira arazoa izango kontzertuak egiteko orduan.
Danetara, hamasei taldek eskainiko ditue euren abestiak 2010eko Aste Nagusiko Bertoko Pop-Rock Erakustaldiaren eszenatokian. Horreetako hamalau lehiaketara aurkeztutako maketen artean aukeratuko dira. Ganerako biak 2009ko Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketatik datoz, Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailaren eta Enplegua, Gazteria eta Kirola Sailaren arteko akordioei esker. THE QÜIBBLES, Bizkaiko Rock Talde Onenaren sariaren irabazlea, eta THE EXTENDED PLAYS, Bilboko Rock Talde Onenaren sariaren irabazlea, hain zuzen.
XXV. urteurrena ospatzeko, eta Bilborock aretoaren baliabide teknikoak aprobetxauta, Aste Nagusian joko daben banda guztien kontzertuak 16 pista digital audioan grabauko dira. Holan, aukeratutako taldeek euren lanak editetako aukerea izango dabe aurrerago. Bestaldek, aurten LA CALDERA musika alkartea eta STEREOZONA, musikea programetan dauen on line telebista, erakustaldiaren laguntzaileak izango dira.
25 urte bertoko pop-rocka bultzatzen
1985ean hasi zan Aste Nagusiko Bertoko Pop-Rock Erakustaldia, pop-rock musikearen munduan aurrera egin nahi daben Bizkaiko taldeak laguntzeko helburuagaz. Denpora honetan 1500 maketa baino gehiago aurkeztu dira. Bilboko Udaleko Turismo eta Jaietako Sailaren ekimen honi esker 200 talde baino gehiago publikoaren aurrean ezagutzera emon dira Aste Nagusiko kontzertuetan. Izan be, 50.000 lagunek ederto pasau dabe azken 24 urteotan talentu barrientzako plataforma honetan eskainitako erritmo desbardinakaz.
Erripa Kaia, Unamuno Plaza, Areatzako Pasealekua, Bailen Kalea eta Bilborock-La Merced aretoa erakustaldi honen eszenatoki izan dira. Urteetan zehar jaietako erreferente musikala bihurtu da eta uriko eta Bizkaiko musikarien topagunea. WE ARE STANDARD, ZODIACS edo GORA JAPON, gaur egun arrakastatsuak diran taldeak, Aste Nagusiko Bertako Taldeen Pop Rock Erakustaldian emon zituen euren lehenengo pausuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!