Folka beste hainbat estilogaz buztartu dau Sokaidek lehenengo diskoan

Bizkaie! 2010-04-21 15:49   Musikea
Lanari 'Ortozik' izena jarri deutse

Lana hamar abestiz osotuta dago, tartean 'Ortozik' eta 'Mireia' izeneko arin-arina eta fandangoa, txalapartaz eta albokaz jantzitako 'Paganoa' eta estilo eta joera desbardin horreei erreferentzia egiten deutsen 'Supelegor' eta 'Urrutitik'.

Igon Olaguenaga trikitilariaren ekimenez sortutako Sokaide taldeak lehenengo lana aurkeztu dau eta bertan izan dira, Olaguenagaz batera, Urko Izquierdo bibolin-jotzailea, Josu Barrenengoa bateria, Ander Tejerina gitarrea, Igor Arzuaga eta Naroa Gaintza; Alex Lopez bajuak ezin izan dau prentsaurrekora joan.

'Igazko martian jarri genduan martxan hau guztia, maketatxu bat grabau eta lehenengo zuzenekoa Bilboko Kalderapeko tabernan emon genduan maiatzean, Mendebala Folk Lehiaketan parte hartu baino egun batzuk lehenago', azaldu dau Amaiur taldeko abeslaria be badan Gaintzak. Lehiaketa horretan finalera ailegau ziran eta, ondoren, Ermuko Folkez Blai jaialdian irabazle izan ziran.

Lehenengo diskoari 'Ortozik' izena jarri deutse eta 'oinarrian folka izan arren, beste musika-tresna batzuk sartzerakoan, beste joera batzuk be parte hartzen dabe'. Lana hamar abestiz osotuta dago, tartean 'Ortozik' eta 'Mireia' izeneko arin-arina eta fandangoa, txalapartaz eta albokaz jantzitako 'Paganoa' eta estilo eta joera desbardin horreei erreferentzia egiten deutsen 'Supelegor' eta 'Urrutitik'.


Kolaborazinoak

Grabazino lanetan, laguntzino bereziak izan ditu Sokaidek abestiak egiterakoan. Alde batetik, Ibon Koteron alboka-jolea eta, bestetik, Argibel Euba eta Iñigo Olazabal txalaparteagaz eta perkusinoagaz. Imanol Ubedak be bere ekarpentxua egin dau ahotsaren bitartez eta Ugaitz Olaguenagak txintxarriak astindu ditu fandango eta arin-arinetan. Lan horreek guztiak Urduñako Antiguako estudioan egin ditue Javi Palaciosen gidaritzapean. Ondoren, 'Balea musika ideiak' estudioan editau, nahastau eta masterizau ditue kanta danak Asier Ercillagaz eta Unai Gonzalezegaz.


Aurkezpen-kontzertu berezia

Maiatzaren 1ean, Amurrioko Antzokian arratsaldeko 20:00etan eskainiko daben kontzerturako ekimen berezia preparau dau Sokaidek. 'Jantzea eta musikea buztartuko doguz eszenatoki ganean eta hainbat konbidauk parte hartuko dabe ikuskizunean; ganera, bideo-emonaldi bat be egongo da gure ibilbidearen barri emoteko'. Maiatzaren 8an, Urduñan izango dira, bagilaren 5ean eta 6an, Euskal Eskola Publikoaren jaian eta garagarrilaren 3an, Mendebala jaialdian, Sopuertan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu