Exporen antolatzaileek erakutsi gura ez daben Shanghai

Zigor Aldama 2010-04-09 12:24   Bidaide

Merkadu libreak desagertarazo ezin izan dauen azpi-merkadua, egun, arriskuan dago, Txinako uriburu ekonomikoa mundura zabaltzeko balioko dauen ekitaldi baten eraginen ondorioz: maiatzaren 1ean hasiko dan Erakustazoka Unibertsala.

'¡Yi, er, san!'. Yuyintang eraikineko hormak dardarka dagoz 'Mushroom' taldearen eztandeagaz. Kantariaren arrantza ulertezinak bigarren maila batean geratzen dira, mikrofonoen soinuak bata bestearekin nahastau eta edonor gor ixteko moduko zaratea eragiten dabelako. Berari, bost. Berrehun lagun baino gehiago dagoz 'heavy' talde honegaz batera arrantzaka areto txiki honen barruan. 'Underground' areto hori orain dala sei urte edegi eben eta, Shanghaiko musika testuingurua zein zan ikusita, haize-bolada freskoa izan zan uriarentzat. Ordura arte, ‘mainstream’ anglosaxoia eta ume ahotsez abestutako kantak ziran nagusi baina, areto barriaren inaugurazinoagaz, hainbat lokal barri hasi ziran zabaltzen. Halanda be, lokal horreek garbiagoak eta txukunagoak izan arren, Yuyintang zikin da areto guztien artean jaun eta jaube.

Baina merkadu libreak desagertarazo ezin izan dauen azpi-merkadua, egun, arriskuan dago, Txinako uriburu ekonomikoa mundura zabaltzeko balioko dauen ekitaldi baten eraginen ondorioz: maiatzaren 1ean hasiko dan Erakustazoka Unibertsala. Inaugurazinoagaz batera, ordura arte urian oso ohikoak izan diran jarduera batzuk desagertu egingo dira edo, hobeto esanda, desagertarazo egingo ditue.

Antza danez, ekimenaren antolatzaileei ez jake bape gustetan Yan'an kaleko aretoko askatasun-giroa. Bertan kontsumiduten diran drogarik gogorrenak Red Bull -'Mushroom' taldeko kideek litroak eta litroak edaten ditue- eta ‘Tsingtao’ zerbezak -euro batean- dira. Baina arazoa hauxe da: ezinezkoa da eszenatokitik artistek 'kantetan' dabena kontroletea eta bandako abeslariari piperrik be ulertu ez arren, zer esaten dauen kontrolau ezin izatea arazo larria da agintari txinatarrentzat -zentsura kontuetan jaun eta jaube dira-. 'Oraindino ez deuskue ezer konfirmau baina ezin dogu ezer programau maiatzetik aurrera ze ordurako baleiteke itxiera-agindua jasotea', dino Darn Zhang zuzendariak. Berak badaki Expoak ez daukala zerikusirik Olinpiar Jokoakaz, uriaren azken zita garrantzitsuagaz. Jokoek aste biko iraupena izan eben eta, orduan be, arazoak izan zituan agintariakaz; baina Expo Unibertsalak sei hilabete iraungo ditu eta 80 miloe bisitari baino gehiago itxaroten ditue. Bisitariak bisitari, negozioa ez da Yuyintang-era ailegauko.

Partidu Komunisteari, antza, ateak ixtea gustau jako eta Tongren kaleko hainbat lokal zarratzeko agindua emon dau. Kale horretan uriko girorik lizunena bizi da. Ez dauka zerikusirik Yuyintang aretoko giro zaratatsu baina osasuntsuagaz; halanda be, biek ala biek egiten deutsie enbarazu agintariei. Vietnameko gerrako sasoiko tabernen antza daukie Tongren kaleko tabernek eta, gerra-zaratak, honeek: ‘Masachi!’ (masaje!, 'txininglish' hizkuntzan), eta ‘arraza zuriko gizona txinatar emagaldu merke baten bila dabil Premier League-ko partidua ikusten dauen bitartean ondo pasetako'. Baina neoizko urian ez dago lekurik huskerientzat. Prostitutak be lujozkoak izan behar dira eta hondeatzeko makinek, honezkero, Manhattan izeneko lokala eta antzekoak suntsitu ditue.

Txinatarrentzat eurentzat be gatxa izango da Exporen antolatzaileek ezarritako giro antzu horretan sexuagaitik pagau behar izatea, pabilioietako infografia-irudi erraldoietan bikote alaiak eta batetik bestera korrika dabizan umetxuak diralako nagusi. Ordura arte uleapaindegi 'sui generis' edo bereziak ziranak ateak itxi egin behar izan ditue. Izan be, uleapaintzaileen itxurea nahiko susmagarria zan, transparentziakaz jantzita joiazalako; ganera, lokalen ateetan tangak egozan eskegita eta ate alboko argi gorritxuak zalantza guztiak argitzeko balio eban. Barruan, bezeroek ez eben ulerik ebagiten eta beste zerbitzua merke-merke urteten jaken. Orain, uleapaindegietan, 'look' aldaketea baino ezin izango dabe egin. Eta, ikusitakoak ikusita, batek baino gehiagok eskatuko dau 'Haibao' maskotearen ule zoroen antzera jartea.

Shanghaira pabilioietako oroigarriak baino zeozer gehiago topetan datozanek be suberte txarra izango dabe. Louis Vuitton boltsea edo Rolex erlojua erosi gura dauenak, derrigorrez, zergak ordaindu beharko ditu, imitazinoak saltzen dituen postu kopuruak behera egin baitau nabarmen. 'Orain, txinatar film originalak saltzen doguz', azaldu deusku, etsita, orain arte Hollywood-eko film arrakastatsuenen kopiak saltzen zituan kaleko-saltzaile batek. Ezinbestean, 'Confucio' deritxanari lekua egin behar izan deutso.

Hori bai, agintariek erakutsi gura ez dituen gauzak beti dagoz dendaren baten atzeko partean edo ate faltsu baten ostean. Yuyintang aretoaren arduradunak, honezkero, 'Mushroom' lako taldeen kontzertu astrapalatsuak eskaintzeko lokalen bila dabiz; eta 'Manhattan' lekuz aldatu arren be, testosteroneak airean segiduten dau oraindino; azkenik, uleapaindegien neoi gorriak desagertu arren, lujozko masaje-lokaletan 'terapeuta' bereziak dagoz. Eta turistek behin eta barriro entzuten jarraituko dabe: ‘¿Lolex, Lolex?’. Hori bai, gaur aurkeztutako Shanghai ezagutzeko, itxi gida-liburuxkea hotelean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu