Doctor Deseok desioaren alderik biluziena erakutsi gura dau disko barrian
2010-04-08 15:51 MusikeaZigarroa ahoan, baltzez jantzita, ezpanak gorriz margoztuta eta eguzkitarako betaurrekoak kendu barik aurkeztu dau gaur Doctor Deseo taldeko Francis-ek euren 12. diskoa: 'Deseo, cartografía imposible'.
Zigarroa ahoan, baltzez jantzita, ezpanak gorriz margoztuta eta eguzkitarako betaurrekoak kendu barik aurkeztu dau gaur Doctor Deseo taldeko Francis-ek euren 12. diskoa: 'Deseo, cartografía imposible' (Baga-biga). Beragaz batera Toro (gitarrak eta koruak), Raul (tekladuak), Txanpi (bateria) eta Lur Merino diseinatzailea izan dira.
'Doctor Deseo taldea izanda, bazan garaia desioaz esplizituki berba egiteko eta guk, desioaren ganean, desioz egiten dogu berba, desioaren alde ilunetan eta argietan arakatuz, baita minean be, minetik be ikasten dalako'. Pentsarazoteko moduko berbakaz hasi dau berbaldia kantariak eta, amaitu arte, gogoan izateko moduko esaldiak bota ditu, disko barrian batzen dituen hamar kantek horretarako eta gehiagorako emoten dabe eta. Zuzenekoakaz hasteko gogo biziz dagozala azpimarratu dau eta, eszenatokian, teknologia barriak erabiliko ditue datozan kontzertuetan. Autortu dau Euskal Herrian baino, kanpoan joko dabela gehiago eta 'gure amesa, uda ostean, Mexiko aldera joatea da baina ez dogu lar arin ibili gura, gure ofizioa zaindu gura dogu'. Horretarako gakoa, Francisen esanetan, honako hau da: geralekuan egon, trena pasetan danean, hartzeko. 'Hori bai, baleiteke hartu dozun trena egokia ez izatea...'.
Disko barriaren ezaugarri musikalei jagokenez, Fender gitarrek rock and rollaren jatorria gogorarazoten deuskue eta, tartean, flamenkoaren zertzeladak igarten dira. Bestalde, diseinua be berezia da eta 'desio' kontzeptua letra larriz agiri da irudien bitartez, bai azalean eta, batez be, liburuxkan. Lur Merino diseinatzailea arduratu da lan horretaz eta 'Francisek neska bati 'Deseo' berbea eroian tatuajea ikusi eutson eta hortik abiarazo genduan lan osoa', azaldu dau.
Kolaborazino ugari izan dira lan honetan eta Francisek batzuk azpimarratu ditu, tartean Anari eta Aiora. Azken horrek euskeraz abestu dau Sodomako Sagarra izeneko zazpigarren kantan, Edorta Jimenezen letrakaz hornidutakoan.
Diskoa 2009ko abenduan eta 2010eko urtarrila eta zezeila artean grabau eben Iñaki Uohoren estudioan eta grabazino- eta produkzino-teknikaria eta nahasketa arduraduna Iñaki Etxebarrieta izan da.
Diskografia
Doctor Deseo (Suicidas, 1987)
Tan cerca del cielo (Suicidas, 1989)
Fugitivos del paraíso (Oihuka, 1992)
Gotas de dolor... un charco de olvido (Suicidas, 1995)
Hay cuentos aún por inventar (Suicidas, 1998)
Atrapado en tu silencio... de incertidumbres y caricia(Suicidas, 2000)
Suspira y conspira (Gor, 2002)
Rómpeme con mil caricias, cielo... rómpeme (Gor, 2004)
Metamorfosis (Oihuka, 2005)
Detrás de los espejos rotos (Oihuka, 2006)
Sexo, ternura y misterio (Muxik, 2008)
Deseo: cartografía imposible (Baga-biga, 2010)
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!