Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketearen lehen fasea amaituta, finalerdiei begira
2010-04-08 11:32 BertsolaritzeaOrain, Gasteiztik Kakiturri-Ehari taldeak, Zuia-Gorbeialdetik Aramaiok eta Aiara-Lautada-Errioxa ligatik Aiarako Altubepekoak taldeek, nor baino nor burrukatu beharko dabe finalerdietan, danak danan kontra, maiatzaren 8ko finaleko txartela irabazi guran.
'Mila galderagaz hasi genduan txapelketa barri hau. Mahai baten inguruan jarri eta zerotik horrelako proiektu bat eregiten hasteak gure kezka eta burukominak sortu euskuzan eta oraindino be sortzen deuskuz. Baina egia esan, gure poztasunerako, dana nahiko ondo doa, eta jenteak oso ondo hartu dau txapelketea Arabako puntu eta punta desbardinetan.
Lehen faseko 3 ligetan batez beste 55 bertsozale alkartu dira saio bakotxean, 80 eta 100era be heldu diralarik leku batzuetan. Jentea pozik, bere taldearen gaiak jarten, epaitzen, bazkari edo afariak preparetan, saioa grabetan... Eta batez be animetan, txalotzen... Bere taldeagaz taldean gozetan eta sufriduten. Zer gehiago eskatu deikiegu Arabako bazter gehienak bertsoz busti dituen lehen faseko ligei?
Orain, Gasteiztik Kakiturri-Ehari taldeak, Zuia-Gorbeialdetik Aramaiok eta Aiara-Lautada-Errioxa ligatik Aiarako Altubepekoak taldeek, nor baino nor burrukatu beharko dabe finalerdietan, danak danan kontra, maiatzaren 8ko finaleko txartela irabazi guran.
Finalerdiak aretoetan izango dira, baina final handia bazkari herrikoi baten ostean izango da Gasteizen. Bazkarirako eta saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean egongo dira salgai.
Bertso Sorta Kolektiboen lehiaketea bera be, polito joan da orain arte. Bat-bateko saioa hasi aurretik jokatu da kanporaketa guztietan eta saioak girotu ditu, bertsolari ez diranak bertsotara animau ditu, bertsozaleei bertsoez gozetako beste bide bat erakutsi deutse...
Proiektu barriak, pausuz pausu, eta tentuz eta kontuz ebaluetan joan behar da, baina lehen faseko ebaluazino-balorazio ona egin dogu eta finalerdiak eta finala hobeak izatea espero dogu.
Finalerdiak
- 2010-04-11, Zigoitiako Zigoitia Aretoan, 17:30etan, Aramaio vs. Kakiturri.
Bertso-sortak: Bertsoaren saltsan (Gasteiz), Mendialdeko Bertso-eskolea (Maeztu) eta Aldapazaleak (Gasteiz).
- 2010-04-18, Araiako Andra Mari Aretoan, 17:30etan, Kakiturri vs. Aiaraldeko Altubepekoak.
Bertso-sortak: Txor eta tan (Agurain), Bertsogurasoak (Gasteiz) eta Martin Ttipia (Gasteiz).
- 2010-04-25, Amurrioko Aretoan, 17:30etan. Aiaraldeko Altubepekoak vs. Aramaio.
Bertso-sortak: Aramaioko bertsozaleak, Amurrioko Bertso-eskolea eta Errioxako bertsozaleak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!