'Erdigune literarioak irakaskuntzan', ikasgaia parametro komunikatiboetara bideratzeko beharraz, Idurre Alonsoren lana plazan
2010-04-07 15:36 KultureaEgilearen eretxiz, egun ikastetxeetako euskal literaturearen irakaskuntzeak ez dau komunikazino gaitasuna garatzen, ezta irakurzaletasuna bultzatzen be eta, beraz, literaturearen irakaskuntzaz hausnarketea egitea oso garrantzitsua da.
'Erdigune literarioak irakaskuntzan' liburuan Batxillergoko euskal literaturearen irakaskuntzea aztertu dau Idurre Alonsok. Argitalpenean Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasgaian lortu nahi diran helburuak, erabilten diran metodologiak eta lantzen diran edukiak aztertu ditu. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako liburu honek egilearen doktorego tesia dau oinarri.
Bilbon, EHUren dendan, gaur, egilea eta Jon Kortazar, UPV/EHUko Euskal Filologiako katedraduna eta Alonsoren tesiaren zuzendaria izan dira liburua aurkezten.
Idurre Alonsok azpimarratu dau gaur egungo euskal literaturearen irakaskuntzeak ez dauela curriculum legeak ezarritako helburu bat bera be lortzen, izan be, literaturearen historia zentro batzuetan bakarrik irakasten da eta narratibearen alorreko idazleak baino ez; horrezaz gan, irakurteko proposatutako lanen % 96 narratibakoak dira, nahiz eta horreek irakurtearen helburua ez izan komunikazino gaitasunak garatzea, ezta irakurketarako zaletasuna sustatzea be. Idurre Alondoren esanetan, ikasgelan egiten diran ariketa gehienek eduki kontzeptualak finkatzea dabe helburu bakarra.
Kontuak kontu, egilearen eretxiz, egun ikastetxeetako euskal literaturearen irakaskuntzeak ez dau komunikazino gaitasuna garatzen, ezta irakurzaletasuna bultzatzen be eta, beraz, literaturearen irakaskuntzaz hausnarketea egitea oso garrantzitsua da, baita ikasgaia parametro komunikatibo, dinamiko, praktiko eta motibatzaileetara bideratzea be. Esangura horretan, literatura genero guztietako testuak ulertzeko -eta oinarrizko mailan bada be, sortzeko- gaitasunak garatu leikez ikasleak eta literatureak zelan funtzionetan eta eboluzionetan dauen ulertzeko gai izan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!