Euskal Idazleen XVII. Biltzarra Saran
2010-03-31 12:11 KultureaApirilaren 5ean, urtero legez Pazko Astelehenez, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko polikiroldegian, goizeko 11:30etan hasita. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen daben biltzarrak autoreei emoten deutse lehentasuna.
Apirilaren 5ean, urtero legez Pazko Astelehenez, Sarako Idazleen Biltzarra egingo da herriko polikiroldegian, goizeko 11:30etan hasita. Sarako Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatzen daben biltzarrak autoreei emoten deutse lehentasuna. Halan da be, Euskal Herriko argitalpen munduak eta baita mugaz bi aldeetako euskaltzale askok be urtero dabe Saran hitzordua, Pazko Astelehenean. Euskal Herriko 150 bat idazle baino gehiago bertatik bertara ezagutzeko aukerea be eskaintzen dau hitzorduak eta goizeko 10:00etatik aurrera, idazleak euren liburuak sinatzen egongo dira.
Liburu batzu lehenengo aldiz aurkeztuak izango dira, besteak beste, Eneko Bidegainen 'Gerla Handia, muga sakona', Auxtin Zamora-ren 'Sara, etxez-etxe', Henri Duhau-ren 'Lapurdiko ihauteria eta mutxikoen pizkundea' eta Donibane-Lohizuneko Begiraleak alkartearen 'Donibane Lohitzuneko Begiraleak elkartearen 50 errexeta' liburua.
Euskaltzaindia be urtero joaten da Sarara, eta hor bere azken argitalpenak erakusten ditu. Aurten, hiru liburu aurkeztuko ditu:
• Gratien Adema 'Zaldubi'-ren 'Kantikak eta Prediku zenbait. Hazparnen eginak (1854-1860), Henri Duhauk paratuak'.
• 'Jesü Kristen Imitazionea (1757), (Martin Maisterren itzulpena)', Jean-Louis Davantek atondutako edizinoa.
• 'Birjinia, edo donceil christaba', Jose Antonio Mujikak paratua.
Birjinia, edo donceil christaba 'Euskararen Lekukoak' bildumakoa da, eta besteak 'Euskaltzainak' izeneko bildumakoak.
Honen guztiaren aurkezpena goizeko 11:30ean izango da eta ondokoek egingo dabe berba: Andres Urrutia euskaltzainburuak, Henri Duhauk, Jean-Louis Davantek eta Jose Antonio Mujikak.
Sariak eskal ikerlari gazteentzat
Urtero legez, Eusko Ikaskuntzak dirulaguntzinoak eskainiko ditu euskal gaien inguruko ikerketa batzuentzat. Sarituak izango diran hamar ikasleen artean, Michael Alcibar Daniel Landarten 'Bai ala ez' eta 'Ama' antzezlanen azterketa kritiko batentzat edo Maitena Duhalde Azkaineko euskereari buruzko ikerketa lanarentzat.
2010eko Biltzar Sariak
Aurtengo Biltzarrak euskal kultur munduko bi pertsona omenduko ditu: Eñaut Etxamendi eta Alexandre de la Cerda.
Ezterenzubin sortua, Eñaut Etxamendi oso ezaguna da euskal kantagintzearen munduan. 80 bat kanturen idazlea da eta 30 urtez herriz-herri kantuz ibili da Eñaut Larraldegaz batera. Bestalde, Maiatz argitaletxea 7 liburukitan argitaratzen ari dan artikulu, nobela eta eleberri andana bat idatzi dau.
Alexandre de la Cerda kazetaria da, irrati eta komunikazino-gizona, bai eta idazlea be. Irrati mundua ondo ezagutzen dau eta 1993tik La Semaine du Pays Basque eta France Bleu-rentzat ari da. Dozena bat historiako eta biografiako libururen egilea, Frantses Akademiak saristatua 1977an 'Pays Basque entre Nive et Adour' liburua, Lore Jokoak akademiako kidea, 'Ohorezko saria euskal kulturarentzat' 2000. urtean eskuratua, Baionako uriak eta Eusko Ikaskuntzak eskainirik. Bestalde, Errusiako kontsulordea da Biarritzen. Alexandre de La Cerda kazetari erne eta letraduna, urtez urte, ezin besteko pertsonalidade bilakatua da euskal kultur munduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!