Euskal Antzerkigintzearen topagune bilakatuko da Aulesti aurten be, Artedrama Euskal Laborategiagaz

Bizkaie! 2010-03-25 17:07   Kulturea

Apirilaren 5etik 11ra ADEL-Artedrama Euskal Laborategiaren bosgarren edizinoa egingo da Bizkaiko Aulesti herrian, arte eszenikoetan euskeraz lan egiten dabenen topagunea izango dalarik, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerki zale guztientzako urtero zabaltzen dan gunea.

Apirilaren 5etik 11ra ADEL-Artedrama Euskal Laborategiaren bosgarren edizinoa egingo da Bizkaiko Aulesti herrian, arte eszenikoetan euskeraz lan egiten dabenen topagunea izango dalarik, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerki zale guztientzako urtero zabaltzen dan gunea. Orain bost urte ikerkuntzarako laborategi moduan sortutako ekimenak, bestalde, Aulesti Arte Astearen sorkuntzea bideratu dau eta aurten be, topaguneaz gan, ikuslego zabalari eskainitako agerraldiak aurreikusi ditu, musikea, antzerkia, ipuin kontaketak, performanceak eta bertso saioak, tarteko.

Gaur goizean Bilboko Yorick antzerki liburudendan egindako prentsaurrekoan, Artedramako kidea eta egitasmoaren bultzatzaile dan Ander Lipus eta Gaitzerdi konpainiako kide eta aurtengo edizinoan irakasle izango dan Iñaki Ziarrustak, ADEL honen zehetasunak azaldu ditue.

Artedrama Euskal Laborategiak bi arlo nagusi ditu. Alde batetik, euskal antzerkigintzearen alorrean formakuntzearen transmisinoa bideratzeko asmoz, ikastaro trinkoa antolatu dabe arte eszenikoen bide desbardinetan adituak diran irakasleakaz. Antzerkiola Imaginarioko sortzailea dan Ander Lipus zuzendari eta antzezlea, Le Petit Théâtre de Pain-eko Manex Fuchs, Gaitzerdi konpainiako kideak diran Borja Ruiz eta Iñaki Ziarrusta, Pierre Vissler eta Dut eta Zura lako proiektuetan ibili dan Xabi Strubell musikaria. Horreekaz batera, hamabost bat lagun izango dira ikasle moduan hartuko dituenak baina oraindino izena emoteko epea zabalik dago. (Izena emoteko: www.artedrama.com edota 615 779511).

Horreen guztien presentzia aprobetxauta, igaz bigarren zutabe bat altzau eben, beti be Aulestiko Udalaren konpromiso txalogarriari esker, herritarrentzako zabalik dagoan Arte Astea antolatuz. Bertan, topaketetan parte hartzen daben irakasleek dituen ikuskizunakaz eta beste talde batzuen egitasmoakaz gozetako konbita luzatu dabe, tartean Josu Martinezen 'Itsasoaren alaba' filmaren emonaldia, Doro Zobaranen ipuin kontaketea, Le petit Théâtre du Painen 'Aulki hutsa' eta Hebendik taldearen 'Han hemen' antzezlanak, Vizkartzainak bertso ekitaldi multidisziplinarra, 'Eta nik ere sagar bat daramat nire baitan' Ander Lipus, Miren Gaztañaga eta Xabi Strubelek sortutako performancea eta amaierako jai modura, Gose, Zura eta DJ Uragaz musika gaubela.

'Bostgarrenez izate honek Topaketok euskal antzerkigintzan bere lekua topau dabela bermatzen dau, eta honezkero Euskal Herriko txoko desbardinetan gure lana jorratzen dogun hainbat artistentzako urteko topagune bilakatu da, alkartrukean gauzak egiteko eta esperimentetako aukerea subertatzen da', azaldu dau Lipusek. Alde horretatik, Iñaki Ziarrustak ADELen garrantzia nabarmendu dau: 'ADELek euskal antzezleak, euskal irakasleak, euskal disziplinak... batzen ditu, azken finean, salbuespenak salbuespen, normalean antzerkia euskeraz egiten dogu, euskal antzerkirik ez, ostera. Aulestin, barriz, euskal antzerkiaren inguruan intentsidade handiz bizi gara astebetez'. Hau guztia dala eta, eta maila altua jarri daben arren, 'publiko zein partaideen aldetik igazko edizinoan izandako arrakastea bardintzea edota gainditzea espero dogu', adierazo dau Ander Lipusek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu